Iragan larunbatean gertaera higuingarri batean murgildu zen San Juan-Koxtape arraun kluba. Irainak jasan behar izan zituzten estropadan, eta, herritik ateratzen ari zirela, batzuek eraso egin zioten taldeko traineruari. Pedreñako (Espainia) estropadan izan zen, eta emakumezkoen taldearen txalupa zulatu zuten erasoan.
«Estropada bukatu zenean, zerbait gertatu zen Pedreñako eta gure zaleen artean. Zerbait esan zidaten niri, irainen bat, eta norbaitek erantzun egin zien. Momentuko kontu bat izan zen, ez zen besterik izan. Baina Pedreñatik etxeko bidea hartu genuenean, erasotu egin zioten nesken taldeko atoiari», azaldu du Joseba Fernandezek, gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak. Taberna batetik pasatzerakoan, estropadan istiluak sortu zituztenek, tabernatik atera, eta errepidea moztu nahi izan zuten. Atoiak aurrera egiteko tokia aurkitu zuen, eta orduantxe botilak jaurti zizkioten traineru arrosari, haren zati bat zulatuz. Fernandezek dio erasotzaileak hantxe geratu zirela, egin zutena harro defendatuz, eta denetarik deitu zietela bertan zeudenei. Esate baterako «vascos de mierda», «puta Euskadi»...
«Hurbildu egin zitzaizkigun builaka. Gu lasai geunden, baina haiek oso aztoratuak zeuden, eta tentsio unea izan zen»
LAIDA VALDERRAMASan Juaneko patroia
Fernandez bere arraunlariekin zegoela, Ainhoa Martinez presidentearen deia jaso zuen. Segituan bildu zen hara, zuzendaritzako ordezkari batekin. «Gu iritsi orduko, jende hori ez zegoen han, eta Poliziari itxaron genion. Haiek eman ziguten jarraitu beharreko pausoen berri. Nik sei urte egin nituen Pedreñan iraganean, eta haien bitartez saiatu naiz erasotzaileak identifikatzen salaketa jartzeko, eta horretan jarraitzen dugu. Esan beharra dago hango jendea ere erabat lotsatua zegoela, eta Pedreñako lehendakaria gurekin dago harremanetan egun hauetan. Ahal duen guztian ari da laguntzen, eta haiek ere egin dituzte adierazpenak guri elkartasuna helaraziz».
Bertan bazeuden, ordea, emakumezkoen lehen taldeko arraunlariak. Laida Valderrama patroia ezustean harrapatu zuen gertaerak. «Atoia gelditu zela ikusi genuen, eta pentsatu genuen zerbait askatuko zitzaiola edo arazoren bat izango zuela. Baina talde bat zegoen aurrean, builaka astakeriak esaten. Bat trainerua ikustera joan zen, eta ohartu ginen lurrean kristal zati ugari zeudela».
«Haien artean bazegoen nirekin aritutako arraunlari bat, eta oso lokalizatua dago jende hoi. Futbol munduko talde ultrekin harremana dutela diote»
JOSEBA FERNANDEZSan Juaneko entrenatzailea
Traineruaren aurka botilak bota zituztenean, arraunlariak ez ziren konturatu. Izan ere, ez ziren oso gertu, eta elkarrekin hizketan ari ziren momentu hartan. Baina konturatu orduko furgonetatik atera ziren. «Taldekidea atera zenean, ni ere atera nintzen laguntzera. Hamar pertsona inguru ziren, Espainiako banderarekin irainak egiten. Beste taldekideak ere jaitsi ziren ondoren, zer gertatu zen ikusteko. Hurbildu egin zitzaizkigun builaka, eta orduan jende gehiago jaitsi zen furgonetatik gauzak lasaitzeko. Gu lasai geunden, baina haiek oso aztoratuak zeuden, eta tentsio unea izan zen».
Fernandezek badaki erasoaren helburua ez zela emakumezkoen trainerua; izan ere, erasotzaileak esan egin zuten gizonezkoen trainerua zelakoan zeudela. Fernandezek argi dauka istilua handiagoa izango zela gizonezko traineruari eraso izan baliote. «Halako egoera batean erreakzio bat izango balitz, arazoak okerrera egingo zuen. Haiek argi esan zuten hori ez zela gizonezkoen trainerua, botilak jaurti ondoren gidariak furgoneta gelditu zuenean. Gidariari esan zioten aurrera jarraitzeko, mutilekin nahi zutela. Borrokarako gonbidapen hori bai, hori izan zitekeen larria: borrokatu egin nahi zuten, hori nahi zuten».
San Juaneko prestatzaileak badaki gutxi gorabehera zein motatako jendeak eraso zioen ontzia arrosari. «Haien artean bazegoen nirekin aritutako arraunlari bat, eta oso lokalizatua dago jende hori. Futbol munduko talde ultrekin harreman dutela diote, eta jendeak badaki zertan aritzen diren. Ez nau harritzen euskaldunak izateagatik eraso izanak. Oraingo honetan, arraun lehiaketa batean egin dute, eta, beren burbuila horretan, aprobetxatu dute ohiko eraso bat egiteko, eta, tristea bada ere, horrela jokatzen dute».
Trainerua hondatu bazuten ere, konpondu eta dagoeneko uretan dago Batelerak, baina Valderramari ez zaio bidezkoa iruditzen gertatutakoa. «Azkenean, beharrezkoa ez zen konponketa bat da klubarentzat, eta horrelako gauzak ez lirateke gertatu beharko. Baina larriagoa izan zitekeen, eta zuloa handiagoa izango zen. Guri ere ez ziguten ezer bota, zorionez».