Biak, konfiantza eske

Algecirasi gol bana sartuta, euren dohainen berri eman dute Seferovicek eta Javi Rosek. Ordea, nahi baino minutu gutxiago jokatzen ari dira Realean, eta geroa ezbaian dute.

Javi Ros eta Haris Seferovic, herenegun, euskarriak Algecirasi sartu zion gola ospatzen; 1-0ekoa izan zen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iragan sasoian eginiko lan ahaztezinari esker, kontu jakina da Realeko jokalariak sekula baino gehiago jokatzen ari direla denboraldi honetan. Txapeldunen Ligari agur esan arren, Espainiako Ligan eta Kopan bizi-bizirik dira. Horrek ateak ireki dizkie aulkiko hainbat jokalariri. Lesioak direla tarteko, are gehiago, gainera. Ordea, hamaikakoetatik at dezentetan geratzen ari diren jokalari bi dira Haris Seferovic eta Javi Ros. Biak gazteak, biak kalitate handikoak, baina nahi baino gutxiago jokatzen ari direnak.

Suitzarrak sasoi hasiera ona izan zuen, baina ez du izan askok esperotako jarraipenik. Nafarrarengan ere itxaropen handia zuten Donostia aldean; ordea, ez dabil nahi bezain fin. Biek ala biek gol bana sartu zuten herenegun Algecirasen aurka, Kopako kanporaketan. Seferovicek, aspaldiko partez lortu zuen baloia sareetara bidaltzea. Rosek, berriz, Lehen Mailako aurreneko gola lortu zuen. Hori bai, Realean duten etorkizuna ezbaian dago oraintxe.

Seferovici dagokionez, zurrumurru ugari zabaldu da: Realerako jokalari aproposa ote den, jarrera egokia ote duen… Neguko merkatuan beste talderen batera joango ote zen susmoa ere zabaldu zen, baina ez dirudi hala izango denik. Hasi, ezin hobeto hasi zuen talde txuri-urdineko ibilbidea. Denboraldi-aurreko partida batean lau gol sartu zizkion Real Unioni, eta Txapeldunen Ligako atarikoan historian idatzirik geratuko den gola sartu zuen Olympique Lyonen aurka. Gol ikusgarria. Hori gutxi ez, eta Getaferen kontrako ligako lehen partidan ere golegile izan zen. Zuzendaritzaren eta zaleen artean ilusio handia sortu zuen, baina, handik aurrera, txarrerako besterik ez da aipatu izan haren izena.

Donostiako tabernetako bidea Zubietakoa baino hobeto ikasirik duela hainbat zaleren ahotan ibili da, eta, ondorioz, txistu zaparradak sarri entzun behar izan ditu Anoetan. Denboraldi hastapenean hasieratik jokatu zuen, baina berehala hartu zuen aulkirako bidea. Lehenbizi, Jokin Aperribai presidenteak aitortu zuen kargu hartu ziola jokalariari, gauez ibiltzea kalterako zuela argudiatuta. Ondoren, berriz, Jagoba Arrasate entrenatzaileak berak aitortu zuen prentsaren aurrean barkamena eskatzeko aholkatu ziola. Barkamena, zergatik? Bada, Osasunaren aurka 5-1eko gola sartu ostean, keinu itsusi bat egin zielako ikusleei, hatza ahora eraman eta isiltzeko eskatuz. Keinu horrekin, isiltzea ez, zaleak gehiago haserretzea lortu zuen suitzarrak.

Arrasateren hitzei kasu eginez, keinua egin eta astebetera barkamena eskatu zuen aurrelariak. Gaineratu zuen Realean jokatzeak ilusio handia egiten diola, eta daukan guztia emateko prest dagoela. Zale gehienen kirioak, baina, ez ziren apaldu hitz horiekin. Barkamena eskatuagatik, Seferovici txistu gehiago entzutea egokitu zaio. Algecirasen kontrako partidan gola sartu zuen, bai, baina huts nabarmenak egin ondoren. Jakina da kalitate handiko jokalaria dela, ez baita edonor 17 urtez azpiko munduko txapelduna. Baina dohain horiek zelaian erakutsi beste erremediorik ez du zaleen maitasuna berreskuratu eta Realean etorkizun oparoa izateko. Kontuan hartu behar da lau urterako lan hitzarmena duela Donostiako taldearekin.

Rosen azken denboraldia?

Ez da hori Javi Rosen kasua. Nafarrari ekainean amaituko zaio kontratua. Hamabi urte besterik ez zituela heldu zen Tuteratik Donostiara, haren anaiak ere Realaren gazte mailan jokatzen zuelako. Hamazazpi urterekin egin zuen debuta profesional mailan, Juanma Lilloren eskutik, eta orduan bazirudien izar handi bat sor zitekeela Zubietan. Ordea, ez du eman esperotako mailarik. Eibarren utzita aritu zen, Realaren bigarren taldean ere maila ona eman zuen, baina ez du lortu oraindik lehen taldean sendo finkatzerik. Jokalari sendoa da, fisikoki ongi prestatua, baina ez du lortu minutu asko pilatzerik. Egia da denboraldi honetan aurrekoan baino minutu gehiago jokatzen ari dela eta Arrasateren konfiantza baduela, baina zelai erdiko gainerako jokalariak bera baino hobeto kokaturik daude. Horrez gain, Realaren bigarren taldekoak ere ate-joka ari dira.

Bistan denez, ez du egoera samurra bizi Rosek. Algecirasi eginiko golarekin eman zuen bere dohainen berri, baina zerbait gehiago egin beharko du Realean jarraitzeko. Baita Seferovicek ere. Azken pausoak, behintzat, aurrera eman ditu suitzarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.