Waltary Agustiren (Habana, 1979) aurka aurretik jokaturiko hiru finalen bezperan gauza bera esan izan du Paxkal Ezkurrak (Urruña, Lapurdi, 1981). «Nire aukera txikia badut. Xantza behar dut horretarako, baina nire helburua nire partida egitea da, gozatzea eta, ahal bada, irabaztea». Hiru urte pasatu dira elkarren aurkako azken finala jokatu zutenetik, eta atzo esaldi bera esan zuen pilotak aukeratzeko orduan. Zuhurra izan besterik ez du, igandean berriz ere txapela izango dutelako jokoan, eta oroitzapen guztiak garratzak dira. Urruñakoarentzat, Waltary adinako aurkaria da iragana.
Waltary eta Ezkurra II.aren arteko laugarren finala izango da etzikoa, eta aurrekoak bezala, Baionako Moderne trinketan jokatuko da (11:30). Hiruak Waltaryk irabazi zituen: 2008an, 40-22; 2009an, 20-2—Ezkurrak ukabilarekin aldagelako kristala hautsi eta partida bertan behera utzi behar izan zuen, zaurien ondorioz—, eta 2010ean, 40-18. Hartaz geroztik bi final jokatu dira, eta biak Waltarykirabazi ditu: 2011n, Kurutxarriren aurka (40-28), eta iaz, Ozafrainen kontra (40-28).
Kubatarrak seigarren finala jokatuko du etzi, eta seigarren txapela irabazten badu, Manu Martiarenaren marka berdinduko luke. Milafrangako atzelari historikoak sei aldiz irabazi zuen buruz burukoa, azkenekoa 2000. urtean, eta marka ezarri zuen. Waltaryk hor ere iragana du aurkari, historia liburuetan hitz larriz idatzi ahal izango duelako izena, baina horrek ez du finala berezi bihurtzen. «Niretzat, aurreneko finala bezalakoa da. Txapelak irabazteko, lan handia egin behar da, eta denek egiten didate ilusioa».
Ezkurrarentzat ere seigarren finala da; Waltaryren aurka galduriko hirurez gain, beste bi ditu irabaziak, biak Ozafrainen aurka. 2006koa federazioak antolaturiko txapelketa izan zen, eta 2007koa, EPB berezkoen enpresarena. Eskarmentua sobera du, baina kosta egiten zaio kirioei eustea. «Urteekin lasaiago kantxaratzen naiz, baina oraindik ere nabaritzen dut urduritasuna. Urrunago joan gabe, finalerdietako ligaxkako azken partidan, Ozafrainen aurka, 17na joan arte ez nintzen lasaitu».
Ligaxka hartu du mintzagai Ezkurrak, eta berak eman zuen ezustekorik handiena. Lehen bi partidak galdu ondoren, hirugarrenean Ozafrainek 25 tanto ez egitea behar zuen, eta 17na joan ondoren, 40-24 irabazi zuen. «Partida galdua nuen, eta normalean baino gehiago arriskatu behar izan nuen. Erasora aritu nintzen. Igandekoa antzekoa da; ez dut ezer galtzeko, eta lasai jokatu ahal izango dut». Jardunaldi horretan ere, Waltaryk partida kaskarra jokatu zuen, eta 40-33 irabazi zion Herve Etxeberriri. Haren sasoiaren inguruko zalantzak zabaldu ziren, baina atzo argitu zituen. «Bezperan hamar orduko bidaia egin nuen oporretatik bueltan, eta ez nengoen nire onenean. Aste honetan nire prestatzailearekin egon naiz, eta sasoi betean nagoela esan dit; nik ere ondo sumatzen dut burua».
Ezkurra ere sasoiko dago, aspaldiko partez. 2010az geroztik bere maila eman gabe egon da, bolada txar luze batean murgilduta. «Ez da erraza egoera horretan egotea; ez zitzaizkidan gauzak irteten, eta konfiantza galduta nengoen». Baina Ipar Euskal Herriko pilotazaleak itxaropentsu daude, aurrekora itzuli delako. «Duela urte batzuetako sasoia berreskuratu dut. Kostatu zait, baina nire entrenatzaileak ere hori esaten dit. Txapeldun izan nintzeneko urteetan bezala nago».
Modernean, «etxean»
Ezkurra suspertu den arren, Waltary da faborito garbia. «Ez dakit pariorik egongo den, baina egotekotan, 100-10i nire aurka», onartu zuen, umorekoz, urruñarrak. Bien arteko azken partida otsailaren 10ean izan zen, ligaxkaren lehen jardunaldian, Arrangoitzen, eta Waltaryk 40-23 irabazi zuen. Modernean, gainera, Waltary hobeto aritzen da. Lurra oso bizia da, eta beirazko paretetan pilotak abiada handia hartzen du. Bertan buruz buru galdu gabea da kubatarra. «Nire etxea da, eta nire jokoak distira berezia egiten du hemen. Garazikoa, esaterako, askoz motelagoa da».
Pilotei dagokienez, federazioak ez ditu bereziki biziak hautatu, eta Ezkurra pozik zen, hala kontrarioaren sakearen eragina murriztu ahalko duelako. Elkarren aurkako azken finalean, Waltaryk hogeita bost tanto egin zizkion lehen pilotadakarekin. Ezkurraren errestoa gakoetako bat izango da, baita Waltaryren eguna ere. Harmailak ondo itxuratuko dira, eta litekeena da 1.100 sarrera saltzea, eta ez bada betetzen, oso gutxi izango dira eserleku hutsak. Finalaren aurretik, afizionatu mailako binakako partida bat jokatuko da. Elite Mailako binakako txapelketa ere aurki hasiko da, atariko fasearekin.
Biak, iraganaren aurka
Etzi jokatuko da buruz buruko trinket finala, Baionan, eta Waltary Agusti da faborito garbia Paxkal Ezkurraren aurkaKubatarrak seigarren txapela irabazten badu, Manu Martiarenaren marka berdinduko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu