Handia izateko osagai guztiak ditu larunbatean Alavesek eta Eibarrek Mendizorrotzan jokatuko duten derbiak (21:00, Movistar Vamos): bi taldeak sailkapenaren goiko aldean daude, baita bolada onean ere. Eibar bigarren dela iritsiko da Gasteizera. Etxekoak, berriz, bi postu beherago daude, laugarren, gipuzkoarrengandik lau puntura. Beraz, derbia ez ezik, aurkari zuzenen arteko neurketa ere bada.
Bi taldeak ondo ezagutzen ditu Txema Añibarro Eibarreko kapitain ohi eta Euskadi Irratiko esatariak (Zeberio, Bizkaia, 1979). Haren ustez, bi taldeak denboraldi hasierako aurreikuspenak betetzen ari dira: «Aurreko sasoian, kolpe handia hartu zuen Eibarrek, eta halakoetan zaila izaten da altxatzea. Hala ere, espero nuen sasoi ona egitea. Alaves, berriz, Lehen Mailatik jaitsi ondoren goian egongo zelakoan nintzen».
Bigarren Mailan ez da etenik egin Munduko Kopagatik, eta taldeak bete-betean ari dira bigarren itzulian. 25 jardunalditan, 47 puntu bildu ditu Eibarrek; Alavesek, berriz, 43. Sailkapenean ez dago alde handirik; inor ez da gai izan erasoa jo eta ihes egiteko. Lehen sei sailkatuak zazpi punturen bueltan daude; hiru partidatan, lehen postuan egoteari utzi, eta igoera kanporaketetatik kanpo gera zaitezke. Dena horren estu egon arren, Añibarrok ez du uste etzikoa norgehiagoka erabakigarria izango denik: «Partida garrantzitsua izango da; izan ere, derbia izateaz gain, goian daude bi taldeak. Eibarrek irabazten badu, zazpi puntura urrunduko da, baina partida asko falta dira jokatzeko, ia bigarren itzuli osoa, eta maila honetan edozer gerta liteke».
Lehen itzulian, hutsean berdindu zuten Ipuruan. Lehia oso itxia izan zen, gol aukera gutxikoa. Oraingoa ere antzekoa izango delakoan dago Añibarro: «Intentsitate handiko partida izango da, baita parekatua ere. Ez dut uste gol asko egongo direnik; gola aurrena egiten duenak asko izango du irabazia».
Egun hartan, bete egin zen Ipurua, eta Mendizorrotzako harmailak ere zaleez lepo egongo direla dirudi. Alavesek asko eskertzen du bere zaleen bultzada; haien begiradapean emaitza onak lortu ditu: zortzi partida irabazi ditu, hiru berdindu, eta bakarra galdu. «Mendizorrotzak asko ematen dio Alavesi. Zaleek asko bultzatzen dute, eta han irabaztea oso zaila da».
Konfiantzaz gainezka
Eibarri kosta egin zitzaion sasoi hasieran emaitza onak kateatzea etxetik kanpo. Hamargarren jardunaldian erdietsi zuen lehen garaipena Ipuruatik urrun. Eibartik kanpo jokatu dituzten azken hiru neurketetan, baina, ez du galdu: bi irabazi ditu, eta bestea, berdindu. Gaizka Garitanorenek bisitari moduan zuten arazoa konpondu dutelakoan da Añibarro: «Maila honetan oso zaila da etxetik kanpo irabaztea. Beheko taldeen kontra ere sufritu egin behar izaten da puntuak ateratzeko. Orain ondo ari dira, eta hori konfiantzan nabaritzen da».
Gasteiz aldean ere aldarte onez dira. Abendu iluna pasatu eta gero —ligako lau partidak galdu zituzten—, Espainiako Kopari esker, sentsazio onak berreskuratu zituen Luis Garcia Plazaren taldeak. Teknikari espainiarraren ustez, urtarrila izan da Alavesen hilabeterik onena sentsazio aldetik. Añibarrori, baina, nahiko «bitxia» iruditu zaio nola irauli duen egoera Alavesek: «Bolada txarrean dagoen talde batek, normalean, Kopa bota egiten du, eta ligan jartzen du arreta. Alavesek, berriz, jokalari onak jarri ditu kanporaketa guztietan, eta Lehen Mailako taldeen aurka nor baino nor gehiago lehiatu da. Kopan lortutako emaitza onak lehengo jokoa berreskuratzeko baliatu ditu».
Antzeko tankera hartzen die Zeberioko jokalari ohiak bi taldeei. Haren hitzetan, biak ala biak «talde osoak» dira: «Aurreko sasoiarekin alderatuta, Eibarrek akaso ez ditu hainbeste izar, baina talde modura bikain ari da. Defentsan sendo ari da, eta errentagarritasun handia ateratzen die golei. Alaves ere antzera ikusten dut: entrenatzaile ona du, eta jokalari multzo ona».
Luis Garcia Plazaren aginduetara jartzen azkena Asier Villalibre izan da, Athleticek utzita. Asteartean osatu zuen lehen entrenamendua. Villalibre Gasteizen nola moldatuko den ikusteko irrikaz dago Añibarro: «Oso aurrelari ona da, baina Athleticen ez du asko jokatu, eta aurrelari batek, golak sartzeaz gain, jarraipena izan behar du; golak sartzeko, lehenbizi, jokatu egin behar du».
Biak gora begira daude
Alavesek eta Eibarrek sasoi onean jokatuko dute derbia larunbatean, Mendizorrotzan; bi taldeak goiko postuetan daude. Txema Añibarrok argi du: «Intentsitate eta parekotasun handiko partida izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu