Begiak lausotuta eta animoa abailduta agertu zen Sergio Fernandez Tokioko olinpiar estadioko eremu mistora. Burumakur. Nahigabetuta. Zazpigarren izan zen atleta barañaindarra 400 metroko hesiduneko sailkatze lasterketan, eta ez zuen lortu bere helburua: finalerdietatik kanpo geratu zen. Lasterketa kaskarra egin zuen: motel abiatu zen, baina hasiera ez da haren indarguneetako bat; bazirudien lasterketaren bigarren zatian hobeto korrika egiten hasi zela; azken zuzengunean sartzerako, azkena zen, eta, ia helmugara iristear, korrikalari bat aurreratu zuen. Zazpigarren. 51,51 segundo.
Horraino atzoko lasterketak eman zuena. 52 segundo eskaseko lasterketa horrek, baina, istorio luzea du. Fernandezek bere galgo gorputzaren azalean tatuatuak ditu bere kirol ibilbideko topaketa edo sinbolo garrantzitsuenak. Lepoaren azpian, 400 zenbaki txiki bat, bere distantzia. Eskuineko besoan, Rio 2016, txapeldunen erramu koroa batez inguratuta. Finalerdietarako sailkatu zen han, Espainiako marka ere hobetu zuen; baina ez zen gustura geratu, finalerako sailkatu nahi baitzuen.
Azalean ez dira ageri, tatuajeetan ere ez, baina Fernandezen kirol ibilbideak orban ugari ditu. Lesioek eragindakoak. Fundamentuz eta jarraitutasunez entrenatu ezinik dabil 2019tik, Dohako Munduko Txapelketatik.
Entrenatu gabe
Hala iritsi da Tokiora ere. Iskiotibialetako lesioak okertzeko beldurrez, badaezpada, azken hilabetean behar bezala korrika egin gabe. Olinpiar Jokoetara minik gabe edo, gutxienez, ahalik eta min txikienarekin iristeko.
400 metroko hesidun lasterketaren parekoak izan dira azkeneko bi urteak Fernandezentzat: pixka bat korrika egiten hasterako, berriro hesia, berriro lesioa. Horrela, lasterketak izan ohi dituen hamar hesiak pasatu arte. Eta oraindik ez da iritsi helmugara. Ezin baitu korrika egin, ezin entrenatu eta ezin lehiatu, minarekin ez bada.
Bazirudien iazko urte amaieran osatu zela, eta urtarrilean eta otsailean berriz entrenatzen hasi zen; maiatzean, ordea, iskiotibialetako mina azaldu zen berriro.
Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko txartela lortu zuen 2019an, baina aurten erakutsi behar zuen sasoian zegoela. Ekaineko Espainiako Txapelketa aukeratu zuen horretarako, Getafen. Min hartuta zegoen, baina arriskatzea erabaki zuen. Bestela, akabo Tokiora joateko aukera.
Minduta lehiatu zen Espainiako Txapelketan. Irabazi egin zuen. Bueltatu zen. 2021eko txapelketa gehitu zien 2014tik 2019ra bitartean lortutakoei. Beraz, Tokiora joateko txartela berretsi zuen. Ordaina: oso minduta amaitu zuela lehiaketa, eta osatu ezinik iritsi dela Tokiora.
«Saiatu gara orduko sasoiari eusten, baina, korrika egiten saiatzen nintzen bakoitzean, ezin nuen». Medikuak eta fisioterapeutak izan ditu ondoan, Tokiora ahalik eta ondoen iristeko. Atsekabetuta bai, baina «pozik» ere badago, ahal duen guztia egin duelako Tokiora ondo iristeko.
«Ikusleak gehiago esperoko zuen», esan zuen, burumakur. «Ulertzen dut, ni ere kirol ikuspegitik ez nagoelako pozik». Gustura zegoen, ordea, zailtasun guztien aurrean lan egiteko eta aurrera jarraitzeko izan duen indarragatik. «Riotik Tokiora arteko bideaz ez dut gozatu», aitortu zuen. «Hala ere, hauek guztiak esperientziak dira; ikasi egiten dut, eta indartsuagoa naiz».
Tokio 2020. ATLETISMOA
BI URTEKO 51 SEGUNDO
Lesiotik osatu ezinik eta minduta iritsi da Sergio Fernandez Tokiora, eta ezin izan da 400 metroko hesiduneko finalerdietarako sailkatu. Bi urte daramatza ondo entrenatu ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu