Berandu iritsi da elkarrizketara, eta barkamena eskatu du. «Ume mordoa etorri da entrenamendura, eta, autografoak zirela eta argazkiak zirela, ordu erdi behar izan dut Lezamatik irteteko». Gustuko ditu halakoak Carlos Gurpegik (Andosilla, Nafarroa, 1980), eta onartu du jokalariek ere sumatu dutela ilusioa.
Nola ikusten duzu taldea?
Ondo. Aurkari garrantzitsuen kontrako partidak izan ditugu eta ikusi da entrenatzaileak zer nahi duen. Denboraldi-aurre ezberdina izan da, lan egiteko modua ezberdina izan delako. Eskema desberdinak landu ditugu, eta uste dut ondo gaudela. Baina iritziekin ez goaz inora, emaitzak behar dira.
Egun librerik ez duzue izan.
Bat bakarra, Londrestik etorri eta hurrengoa.
Ezagutu duzun denboraldi-aurre gogorrena izan da?
Sarturiko orduei begiratuz gero, bai. Baina gogoan dut ere bai Caparrosen aurrenekoa arlo fisikoan gogorragoa izan zela. Bi horiek izan dira gogorrenak.
Zer moduz Bielsarekin? Dena al da hain berria?
Caparrosekin lau urte egon ondoren, berritasuna Bielsaren entrenatzeko modua da. Erabat ezberdina da. Bi eta hiru jokalariren arteko elkarlan ariketa asko egiten ditugu, berak partidak ikustean asko aztertzen duelako jokalariak nola elkartzen diren. Gero, lan taktiko asko egin dugu ere bai sistema aldaketarengatik: 4-3-3 eta 3-4-3 tartekatuko ditugu… Horrek guztiak ikasketa prozesu bat behar du. Berritzailea izan da, baina denbora pasa ahala, hobeto moldatu gara. Egia da lehen bi asteetan kosta zitzaigula ariketak barneratzea, baina denborarekin gero eta dinamikoagoak gara, eta partiden antza dute.
Zer da gehien eskatzen dizuena?
Batez ere presioa ondo antola dadila, asko gustatzen zaiolako zelai erditik aurrera presio egitea. Garbi du baloia zenbat eta aurrerago harrapatuta are gertuago dagoela atea. Berak presioa nahi du, eta jokalariak baloia hartzen duenean ez dadila geldi egon.
Sortu den ilusioa sumatu duzue?
Aldaketek beti eragiten dute ilusioa, hala futbolean, nola bizitzan. Beste entrenatzailearekin zegoenarekin alderatuta, hau beste futbol mota bat da, eta horrek ikusmina piztu du. Eta Europan jokatu ahal izatea guztiontzatda ilusioa, etzi sasoiaren zati handi bat jokoan izango dugula jakinda.
Etziko partidaz mintzo zara, garbi esan zenuen ez zenuela Trazbonspor nahi zozketan.
Bost aurkariak esan zizkigutenean nik argi nuen Trazbonspor ez nuela nahi. 2004ko kanporaketa gogorra izan zen, eta orain talde indartsuagoa da. Ez genuen zorterik izan zozketan, baina, tira, baikorrak izan behar dugu.
Kanporatua izatea kolpe gogorra litzateke.
Zalantzarik gabe. Egia esanda, ez dut horretan pentsatzen, nik buruan dut aurrera egingo dugula, eta ostegunetan San Mamesen futbola egongo dela. Azkenean, iragan sasoiko lan guztia dugu jokoan.
Zer eska dakizueke sasoi honetan?
Argi dut, urtez urte hobetzea da helburua. Athleticentzat Europarako sailkatzea ezustekoa ez izatea lortu behar dugu, alegia ohikoa izatea, urtero ez bada, bi urtean behin behintzat. Iragan sasoiko langa goian dago, seigarren izan ginen bosgarrenarekin berdinduta, baina, tira, hori hobetzeko egin behar dugu borroka.
Liga egutegiari begiratu diozu?
Bernabeun hasiko gara; gero, Rayo etxean… eta orain ez dakit zein den hirugarren partida.
Bi baino ez dakizkizu, burua Europan duzun seinale.
Bai, egia da. Orain, etziko partida; gero, Bernabeu, Europako zelai gogorrenetako bat, eta horren ondoren, berriz ere Trazbonspor. Partidaz partida joan behar dugu.
Ordutegi ezberdinen kontua zer iruditzen zaizu?
Talde guztientzat berdina bada, tira, ondo, baina harrituko nau talde jakin batzuk 12:00etan jokatzen ikustea. Niretzat, hori ez da futbol ordutegia. Nik nahiago dut larunbatean 20:00etan, edo igandean 17:00etan, igande goizean baino.
Igandean 17:00etan ez dago partidarik, ordutegi klasikoenean.
Azkenean, futbola negozioa da, eta halako gauzak ditu.
Entrenatzailea konbentzitu duzu, eta etzi hasieratik ariko zara. Horrek lasaitasuna ematen al du?
Badakit nire bertuteak zein diren, eta badakit zer hobetu behar dudan. Saio bakoitzean nire onena ematen dut, eta nire lana entrenatzaileari zalantzak sortzea da. Eta jokatzen badut, ahal dudana egingo dut postua ez galtzeko.
Beteranoa zara dagoeneko. Gustatzen zaizu rol hori aldagelan?
Bizitzako une bakoitzak du bere zeregina. Egun, Orbaiz kenduta, denek nik baino denbora gutxiago daramate taldean. Kideek badakite hor nagoela beti, eta iritzia eskatzen badidate, ematen diet.
Gazteek eskatzen dute aholkurik?
Eskatu, ez hainbeste, baina egia da hitz egiten duzunean entzuten dizutela, bereziki gauzak gaizki doazenean. Halere, gazteak ondo prestatuak datozela uste dut, eta aldagela asko alaitzen dute.
Grebarako arrazoiak badaude?
Bai. Guk, zorionez, ez dugu arazorik, baina talde askok dituzte zorrak jokalariekin. Gero, Konkurtso Legea ere hor dago; nire iritziz, futbolari min handia egin dio neurri horrek. Azkenfinean, futbola irentsi duen zirimola hori gelditzea da. Espainiakoa munduko liga onena dela diote, baina asko du ikasteko.
Espainiako Liga. Euskal taldeak: Athletic. Carlos Gurpegi. Athleticeko jokalaria
«Bi urtean behin gutxienez Athletic Europan egotea lortu behar dugu»
Bielsarena «beste futbol» bat dela dio, eta horri egotzi dio ilusioa. Taldeak iragan sasoikoa hobetu dezakeela sinetsita dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu