Bi urre eta bi zilar lortu dituzte euskal piraguistek

Crespo eta Hernanz munduko txapeldun izan dira taldekako K1ean; Elosegi eta Olazabal bigarren C1ean

Joan Crespo, David Llorente eta Samuel Hernanz, garaipena ospatzen atzo. RFEP.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
PIRAGUISMOA. Atzo hasi zen Munduko Txapelketa La Seu D'Urgellen (Herrialde Katalanak), eta Euskal Herriko piraguistek oso emaitza onak lortu zituzten: urrezko bi domina eta zilarrezko beste bi eskuratu zituzten taldekako probetan.

K1 mailan, Joan Crespo eta Samuel Hernanz garaile izan ziren, David Llorenterekin batera. Klara Olazabalek, berriz, zilarrezko domina lortu zuen C1 mailan, taldekide bezala Nuria Vilarubia eta Ainhoa Lameiro zituela. Australiarentzat izan zen urrezko domina. Maila horretan bertan, Ander Elosegi ere bigarren izan zen, Luis Fernandez eta Miquel Traverekin batera. Eslovakia gailendu zen. Maialen Chourraut, ordea, laugarren izan zen.

Taldekako probak jokatuta, gaur hasiko da banakako lehia. Elosegi C1 mailan ariko da, eta Chourraut, K1 mailan. Goizean jokatuko dituzte bi kanporaketak, eta, sailkatuz gero, etzi ariko lirateke finalerdian, baita balizko finalean ere.

Crespok, Hernanzek eta Olazabalek, berriz, bihar ekingo diote bakarko lanari, kanporaketekin. Lehen biak K1 mailan aterako dira, eta Olazabal, C1 mailan. Biharko kanporaketetan aurrera egitea lortuko balute, igandean izango lituzkete finalerdiak eta finala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.