Arraunlarien harrobiak eman ditu makina bat harribitxi urteen joanean. Ume koskorretan hasi eta gailurrera iritsi dira asko, Kontxako Bandera irabaztera. Duela hogei bat urte ere, uretan ibiltzen ziren Jon Elortegi (Barrika, 1977) eta Iker Zabala (Bermeo, 1979). Egun, Urdaibain ari dira biak, baina hasiera hartan, aparte ibiltzen ziren.
Elortegik Arkoten ekin zion ibiliari; Zabalak, Bermeon. «Aitarekin beti ibili izan naiz itsasoan, eta ikusten nituen arraunlariak entrenatzen. Probatu behar nuela pentsatu, eta han hasi zen dena», oroitu da Zabala hasieraz. Elortegiri osabak piztu zion harra, Pedro Mari Abandok, egun Kaikuko ordezkari denak: «Hark bultzatu ninduen, eta horrelaxe, gaur arte». Orduko hartan bazuten elkarrekin berri, ezagunak ziren, baina ez zen harreman sakona, astebururo elkarren aurka lehiatzen ziren bi umeren erlazioa baizik: «Lehia handia geneukanik ez pentsa, beti Bermeo oso aurretik sartzen zitzaigun eta», bota dio Elortegik Zabalari. Ez du ezetzik esan bermeotarrak.
Gero, urteen joanean, pausoz pauso, estropadaz estropada eta mailaz maila, seniorretara heldu ziren: «Ni, Urdaibain», Zabalak, «ni, Arkoten», Elortegik. Orduan ere lehia handirik ez, baina ez bataren eta bestearen maila tarteko: «Oso harreman ona egon da beti bi kluben artean, eta ohikoa izan da Bermeokoak Arkoten aritzea, eta alderantziz», hausnartu du Zabalak.
Handik urte batzuetara egokitu zitzaien batera aritzeko aukera. 2004an izan zen, Urdaibain. Harrezkero, beste era batekoa dute harremana: «Lagunak gara», esan dute biek. Urtebete bakarrik iraun zuten batera Bermeoko klubean, hurrengo bi denboraldiak Euskal Herritik kanpo ibili zirelako, orduan ere batera: «Castrora eraman gintuen Kortak». Zabalak bi urte bete zituen han, eta Elortegik, bost. Korta eta Castro entzunda, ezinbestekoa da solasaldia bi izen horietan gera- tzea. Castrorena diruarekin lotuta: «Esaten da dirua orduan edo lehenxeago sartu zela arraunean, baina beti egon da dirua, ezkutuan. Nik ezagutzen ditut talde batzuk dirua mahai azpitik ematen zutenak», bota du Zabalak. Elortegik eutsi egin dio arraun kolpeari: «Hori horrela da. Dirua ez bazen, lana eskaintzen zen. Garai bateko Lasarte Michelin taldean, enpresa horretan lana eskaintzen zieten arraunlariei, eta Sestaon ere antzera gertatzen zen». Biei ondo iruditzen zaie arraunlariak dirua irabaztea: «Egiten dugun lana ondo ordaindutakoa dela uste dut», izan da Zabalaren baieztapena, baina «kontratu bidez egitea litzateke hurrengo pausoa».
Kortarengan orain geldialdia. Hark eraman zituen Castrora: «Niretzat laguna zen, eta ni harentzat ere bai», Zabalaren ustez. Elortegi, ildo beretik: «Ni beti tratatu izan nau ondo». Orain, ordea, harremana hotza da, Estrobo auzia dela eta: «Egunen batean etorriko da bere onera harreman hori, eta uste dut hura ere penaz egongo dela harremana hoztu egin delako», uste du Zabalak.
Castrori eta Kortari Kontxako Bandera lotu behar zaie. Biek irabazi zuten bandera preziatua aurreneko aldiz Castrorekin eta Korta entrenatzaile zutela: «2006an izan zen, errekorra jarri genuen urtean, 18.59 marka hura», Zabalak; «oso gogorra izan zen, Astillero ere indartsu zebilelako», Elortegik. Lehen bandera preziatua, baina ez herriko taldean: «Ezin dut alderatu 2010ean nire klubarekin irabazi nuenarekin; hori izugarria da», esan du Zabalak. Baina biak bat etorri dira aurrenekoa beti dela berezia: «Gainera, Castron oso ondo hartu gintuzten, eta egundokoa izan zen han sortu zen poza bandera harekin».
2007an, banatu egin ziren bien bideak. Elortegik Castron jarraitu zuen, eta Zabala etxera itzuli zen. Lagun eta aurkari, orduan. Urte hartan, ez batak eta ez besteak ez zuten irabazi bandera preziatua. Hurrengo urtean, bai, 2008an; Elortegiren txanda izan zen: «Castrorekin izan zen hura ere. Ez genuen espero, denboraldian irregular ibili ginelako, baina lehen igandean, poparean, olatuak hartu eta hartu, hemezortzi segundoren aldea lortu genuen, eta gero, bigarrenean, balekoa izan zen aldea». Zabala gogoratu da Urdaibai hirugarren izan zela orduan: «Ematen zuen guk ezin genuela inoiz irabazi».
Beste bi urtetan ere uste hori indartu egin zen, harik eta 2010ean Urdaibaik lehen bandera lortu zuen arte: «Itzela izan zen, latza. Norbere herriko taldearekin Kontxan irabaztea da izugarriena».
Bandera horren aparrean, iaz bigarrena irabazi zuen, eta aspaldiko partez, biak batera zeuden tostetan: «2010ean utzita egon nintzen, eta iaz kosta egin zitzaidan sasoia lortzea. Azkenean lortu nuen, eta garaipen hura ere berezia izan zen», gogoratu du Elortegik —aita bermeotarra du arraunlariak—. «Ederra izan zen, itzela zelako lehen egunean Kaiku bati 30 segundo ateratzea. Bigarren igandea tramitea egitea izan zen, eta hori oso gutxitan gertatzen da Kontxan», dio Zabalak.
«Gu ez gara faboritoak»
Biharkoa, esaterako, estuago joateko itxuran da. Biak 3,92 segundo dira atzetik, eta garbi dute presioa non dagoen: «Gu ez gara faboritoak». Elortegik ildo horretan segitu du: «Ez irabazita ere, nahiko genuke behintzat gainean egotea, estu hartzea azkeneko minutura arte». Biek nahi dute Kaiku alboko kalean bihar, eska- tzen hasita, «baina hori ez dago gure esku».
Gertatzen dena gertatzen dela, beste denboraldi baten azkenetako lana izango dute. Urruti ikusten dute hasiera hura, gero eta urrutiago: «Utzita egon beharko genuke, dagoeneko», esan du Zabalak, eta gogoeta hau kateatu du: «Beltza baino beltzago ikusten dut arraunaren geroa. Ez da desagertuko, baina maila asko jaitsiko da. Dirurik ez dago inon, eta harrobia landu dutenek bakarrik iraungo dute. Baina gu bezalako beteranoek jarraitzen badugu, gazterik ez datorrelako jarraitzen dugu, eta horregatik jaitsiko da maila». Elortegik erantzuna: «Hori oso negatiboa da. Nik ez du beltz ikusten. Egia da maila jaitsiko dela, baina ikuskizunak jarraituko du». Ziurrenik, ez zuten gauza bera pentsatuko bi ume arraunlari haietaz garai hartako arraunlari beteranoek.
Arrauna. Kontxako Bandera
Bi ume arraunlari haiek...
Jon Elortegi eta Iker Zabala aspaldi hasi ziren arraunean, eta pentsatu ere ez zuten egiten oraingo arrakastan. Bihar, beste Kontxako Bandera bat irabazi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu