Bi sari kolpe batean

Jon Santacanak zilarrezko domina irabazi du Tarvision, Munduko Txapelketan, eta, horri esker, ziurtatu egin du urtebeterako diru laguntza

MIKAEL HELSING / BESTEAK.
Julen Etxeberria.
2017ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ikusmen urritasuna duen edonor eski batzuen gainean jartzera ausartzea sekulako balentria baldin bada, zer esan horrekin konforme ez eta punta-puntan lehiatzera ausartzen denaren inguruan. Sekulako meritua duela da esan daitekeen gutxienekoa. Bada, hori guztia labur geratzen da Jon Santacanaz hitz egitean. 36 urteko eskiatzaile donostiarrak hogei urte daramatza garaipenak bata bestearen atzetik kateatzen. Neguko Paralinpiar Jokoetan, Munduko Txapelketan, Europakoan, Munduko Kopan... guztietan igo da podiumeko koska gorenera, eta, guztietan, behin baino gehiagotan. Guztietan izan du ondoan Miguel Galindo kataluniarra, bere gida, bere lagun kutuna.

Tarvision (Italia) irabazi du azken domina Santacanak, Munduko Txapelketan. Zilarrezko domina zintzilikatu zuen atzo B2 mailako jaitsieran. Entrenamendu ofizialetan, hain zuzen ere, postu horretan sailkatu zen, eta, atzo, benetako lehiaketan, emaitza bera izan zuen. Mac Marcoux kanadarra bakarrik izan zuen aurretik. Gertu izan zuen, segundo erdira.

Munduko Txapelketetan lortutako hamaseigarren domina izateaz gain —zortzi ditu urrezkoak, sei zilarrezkoak eta bi brontzezkoak—, atzo egindakoak sari oso garrantzitsua ere badu: beste urtebetez eustea Espainiako Gobernuak ematen duen diru laguntzari. Lorpen benetan inportantea da hori, datorren urtean jokatuko baitira Neguko Paralinpiar Jokoak Pyeongchangen (Hego Korea), eta han egoteko funtsezkoa da diru laguntzari eustea. Hori gabe, ia ezinezkoa litzateke ban aritzea, eta Santacanak han egon nahi du kosta ahala kosta. Bosgarren Jokoak lituzke, bosgarrenak jarraian. 2002an, Salt Lake Cityn (AEB) aritu zen estreinakoz, eta urrezko domina bat eta brontzezko bi lortu zituen; lau urte geroago, Turinen (Italia), ez zuen dominarik eskuratu; 2010ean, Vancouverren (Kanada) urre bat eta bi zilar kolkoratu zituen; eta 2014an, Sotxin (Errusia), urre bat eta zilar bat. Beraz, guztira zortzi domina irabazi ditu, hiru urrezko, beste horrenbeste zilarrezko eta bi brontzezko.

Eta hori guztia, bi lesio oso larri izan arren. 2006an, Turingo Jokoak baino bi hilabete lehenago, ezker hankako berna hezurra eta perone hezurra hautsi zituen. 2013an, berriz, ezker oineko orpazurda hautsi zuen Sotxiko Jokoak prestatzen ari zela. Ez batean eta ez bestean ez zuen amore eman, eta lehiatzeko gai izan zen.

Santacanak jada bete-betea dagoen garaipen zerrenda gizentzen segi dezake, Tarvision beste lau probatan ariko baita: gaur, super-erraldoian; etzi, super-konbinatuan; astelehenean, eslalomean; eta asteartean, eslalom erraldoian. Guztietan du aukera podiumera iristeko, guztietan irabazi baitu inoiz dominaren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.