Rayori 4-0 irabazita, Txapeldunen Liga jokatzeko aukera lortu duzue. Gustura zaudete?
Bai, noski. Ikusita denboraldia nola joan den, Txapeldunen Ligarako sailkatu nahi genuen, baina egia da bigarren postuaren bila goazela. Oraindik sei puntu daude jokoan, eta horren bila goaz.
Azken partidan, gainera, protagonista izan zinen, hiru gol sartuta. Momentu ona hat-trick bat egiteko, ezta?
Bai, bai. Oso pozgarria da niretzat halako partida batean taldeari laguntza hori eskaintzea. Eta gainera, hemen goian [Zubietako Z7 zelaian] bizi izan genuen guztiagatik, are gehiago.
Realarentzat egun historikoa izan zen igandekoa, estreinakoz sailkatu baitzen Txapeldunen Ligarako. Konturatzen zarete zer lortu duzuen?
Hain gertu ikusi dugu azkenaldian sarrera hori, uste baitut oraindik ez garela ondo jabetzen zer egin dugun. Historia egin dugu. Emakumezkoetan, klub honen posiziorik onena bosgarren postua izan da. Eta oraintxe bertan bigarren postuan gaude, Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortuta.
Barneratzeko denbora beharko duzue?
Bai. Agian, behin dena amaitutakoan, orduan konturatuko gara zer lortu dugun, eta noraino iritsi garen.
Zer sentitu zenuten epaileak amaiera adierazi zuenean?
Sentimendu asko: poza, lehenengo. Jendea, taldea, emaitza... Oso zaila da hitzekin deskribatzea, baina hainbat gauza sentitu nituen: ilusioa, poza, harrotasuna... Gauza positibo asko.
Zelaian bertan ospatu zenuten garaipena, zaleekin batera. Nolakoa izan zen une hori?
Izugarria. Egia esan, atzo [herenegun] zegoen giroa ez dut nire ibilbide osoan beste inoiz ikusi. Zerbait magikoa izan zen. Hasiera-hasieratik, lehenengo gola sartu genuenetik, jendea bizkarrez jarri zenean eta bufandak airean... Ez dakit, izugarria izan zen, eta niri oilo ipurdia jarri zitzaidan partida erdian, partida osoan.
Eskertzen da zaleen bultzada?
Bai, eta ez bakarrik aurrekoan. Igande askotan egon dira hemen, Z7an, hotzarekin, euriarekin, haizearekin... Eta jendeak laguntza eman digu, jendea egon da, eta hori beti da eskertzekoa. Baina igandekoaren inguruan denok diogu gauza bera: berezia izan zen.
Ikusi duzu partidaren laburpena? Edo ospakizunen bideoak ikusi dituzu?
Egia esan, telefonoa ez dut asko hartu. Mezu asko ditut, eta uste dut guretzako momentu bat zela, ez telefonoarekin egotekoa. Ikusi nituen laburpeneko hiru minutu edo, baina ez gehiago. Taldekoak egon ginen, denak elkarrekin, eta nire ustez hori da garrantzitsuena.
Eta biharamuna, nolakoa izaten ari da?
Oraindik bi partida geratzen zaizkigu, eta bigarren postu hori dugu buruan. Orduan, egia da pozik gaudela, ilusioz beterik, baina lanean jarraitu behar dugu.
Diozun moduan, denboraldia oraindik ez da amaitu, eta saria handiagoa izateko aukera dago. Bigarren postuan bukatuko duzue geratzen diren beste bi partidetan puntu bat urratuz gero.
Bai. Denboraldi osoan egon gara bigarren postu horretan, eta oso zaila da hain erregularrak izatea. Argi daukagu Txapeldunen Ligara sartu behar genuela, eta hori zela helburua, baina benetako helburua bigarren postua da.
Horrek Txapeldunen Ligan kanporaketa bat gutxiago jokatzea ekarriko luke. Alde handia dago?
Bai. Datak kontuan izanda, oso desberdina da postuaren arabera. Asko ematen dizu hurrengo denboraldia hobeto prestatzeko.
Horretaz gain, kontuan hartuta Bartzelona, ligako txapelduna, beste maila batean dagoela, lurtarren artean onenak izatea lortuko zenuten.
Bartzelonaren aurka lehiatzea oso zaila da. Saiatzen gara, baina oraindik ez dugu lortzen. Eta beste liga horretan edo, bai, gu geundeke hor goian.
Sasoiaren hasieran espero zenuten hain goian egotea? Udan hamar jokalarik taldea utzi ostean, zalantzak sortu ziren.
Egia da dudak dituzula. Hamar jokalari joan ziren, garrantzitsuak zirenak, zelaian eta zelaitik kanpo. Azkenean, beti sortzen zaizkizu duda horiek. Baina denboraldiaurrea hasi genuenetik, ikusten nuen taldean zer maila ematen genuen entrenatzen eta lehiatzen, eta konfiantza osoa nuen. Hasieran ezjakintasun hori duzu, baina gero, konfiantza osoa nuen taldean. Eta emaitzetan ikusi da. Hasiera-hasieratik egon gara bigarren postu horretan, eta hori ez da batere erraza.
Zein izan da gakoa?
Uste dut lehiatzen jakitea izan dela. Azkenean, egia da joko mota bat dugula, konbinatiboa, asoziatiboa... aukera asko sortzen ditugu. Baina momentu txarretan eta partida zailetan jakin dugu trantsizioetan golak sartzen edo ondo defendatzen. Talde izate horren ondorioa izan da.
Zaila da halako denboraldi erregularra egitea?
Zaila da maila ona ematea hasieratik bukaeraraino. Realak egin duena eta egiten ari garena oso zaila da.
Batasuna transmititu duzue zelaian eta handik kanpo. Horrek laguntzen du?
Talde izatearen indar hori nabaritzen da. Gauzak gaizki doazenean, partida zailak daudenean... Egon dira denbora tarteak, Bartzelona, Atletico, Kopa... dena batera izan zen, garai zailak izan ziren. Baina elkarrekin pasatu genituen, elkarrekin atera ginen, eta orain elkarrekin ari gara gauzak ospatzen.
Eta taldeak behin helburua lortuta, datozen urteetan hazten jarraitzea da asmoa?
Bai. Gelditzeko etorri gara.
Jokalari garrantzitsua izan zara aurten ere. Kolektiboki helburuak lortzeaz gain, pertsonalki gustura zaude egiten ari zaren lanarekin?
Bai, noski. Urte osoan, hasieratik, eta nola amaitzen ari naizen ere, oso gustura nago egindakoarekin. Eta lanak fruituak ekarri dizkidala uste dut.
Hamasei gol eta zortzi asistentzia daramatzazu. Ez dago batere gaizki.
Niretzat oso datu politak dira.
Garrantzitsua zara taldean, eta, Nerea Eizagirrerekin batera, arreta gehien piztu duen jokalaria zara. Presiorik eragin dizu horrek?
Alderdi psikologikoa ere landu behar da, eta lantzen dut. Bestela, zaila izango litzateke. Dena ondo doanean eta gauzak ateratzen direnean erraza da, baina denboraldi txarrak datozenean-eta taldeari begiratzen zaio, eta batzuk erakusleiho horretan gaude. Horrek psikologikoki lan bat dakar.
Zama sumatu duzu?
Agian hasieran apur bat gehiago kostatu zitzaidan, baina prozesu bat da. Lanketa psikologiko hori egin dut, eta ondo eraman ditut gauzak.
Igandeko partida amaitzean, Natalia Arroyo entrenatzailea airatu zenuten. Funtsezkoa izan da lorpenean?
Esango nuke baietz. Honen guztiaren gida hura da; hura da lemazaina, eta haren bideari jarraitzen diogu.
Aho asko itxi ditu, uda gorabeheratsu baten ondoren.
Kritikak beti egon dira, eta beti egongo dira. Pertsonalki, ez dut ikusten ahoak ixtea bezala, eta uste dut hark ere ez duela horregatik egin. Berea defendatzeko egin du.
Nola definituko zenuke entrenatzaile gisa? Zer eman dio taldeari?
Oso garrantzitsua den gauzetariko bat taldeak zelaian duen nortasuna da. Berdin du noren kontra jokatzen dugun, etxean edo etxetik kanpo, Realak nortasun finko bat du. Joko mota ikusgarria du; asko ausartzen gara, eta uste dut dibertigarria dela egiten dugun jokoa: aukera asko, trantsizio asko, joko polita... Uste dut hori dela Nataliak eman diguna. Nortasun hori guk ere horrela sentitzea, eta horregatik egitea. Sentitzen duguna egiten dugunean, errazago dira gauzak. Nataliak ausardia hori eskatzen digu. Uste dut hori dela haren alderdi onenetako bat.
Erraz barneratu dituzue haren ideiak?
Gauden jokalarioi hori gustatzen zaigu. Nortasun horrekin oso identifikatuta sentitzen gara. Realaren identitate horrekin ondo sentitzen gara.
Eta zuri zer eman dizu?
Ausarta izate hori uste dut garrantzitsua dela, eta Nataliak hori eskaini dit. Egia da lehenengo urtean agian hasieran pixka bat kostatu zitzaidala sartzea, eta hark horrela erabaki zuen; baina hortik aurrera, konfiantza osoa eskaini dit, eta oso eskertuta nago.
2025era arte luzatu zenuen kontratua: proiektuaren parte izaten segitu nahi duzunaren seinale.
Bai. Oso ondo nago hemen, oso pozik. Pribilegiatua sentitzen naiz proiektu honen parte izateagatik. Uste dut nik klubari eta klubak niri, eskutik helduta, gauza on asko eman diezazkiokegula elkarri.