Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Bi muturretan, 'munstroa'

Joan den ekainean hirugarrenez amore emateko zorian egon zen Juanjo Cobo, Espainiako Vueltako liderra, baina Josean Fernandez Matxin basauritarrak, Geoxeko zuzendariak, bideratu zuen, beste behin ere.

unai zubeldia
Donostia
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Fisikoki munstroa da. Beti esan izan dut hori, eta erakusten ari da». Josean Fernandez Matxin Geoxeko zuzendariaren hitzak dira (Basauri, Bizkaia, 1970). Juanjo Cobo Espainiako Vueltako liderra da munstro hori. Denak harrituta utzi zituen herenegun, Anglirun gora. Bradley Wiggins (Sky) liderra bera ere txikitu egin zuen, eta eskura dauka Madrileko podiumeko koskarik altuena. Sei etapa falta dira oraindik Vuelta bukatzeko, eta oso gertu dauzka Christopher Froome (Sky), 20 segundora; Wiggins, 46ra; eta Bauke Mollema (Rabobank), 1.36ra. Baina errepideak eman du epaia: indartsuena Cobo bera da.

Inor gutxik ezagutzen du Vueltako liderra Matxinek bezain ondo. 2000. urtean eman zituzten lehen pedalkadak elkarren ondoan, afizionatuetan, eta 2004an Matxinek berak eman zion aukera profesionaletara igarotzeko, Saunier Duvalekin. Ordutik, urte bakarra igaro dute elkarrengandik urrun, iaz, Caisse d'Epargnera joan zenean; presioak janda, zuloan sartuta itzuli zen espainiarra Geoxera. «Pertsona barnekoia da, ixila. Oso fidela da, lagun eta pertsona ona. Gutxik edukiko dute hainbeste lagun ondoan. Kirolari gisa oso ona da, eta pertsona gisa bikaina».

Buruak huts egiten dio, ordea. Tamalez, gehiegitan. «Joan eta etorri ibiltzen da. Animoz oso baxu egoten da tarteka, eta horregatik ez ditu lortu are emaitza hobeak». Joan den ekainean jo zuen behea azkenekoz. Matxini deitu eta nahikoa zela esan zion, erretiroa hartuko zuela. «Hiru bat aldiz esan dit jada, eta ez ninduen harritu». Baina zer egiten da horrelakoetan? «Beregan konfiantza handia neukala esan nion, klase handia zeukala. Presiorik eta beharrik gabe lehiatzeko esan nion. Baina jarraitzeko, ez zeukala bizikletan ibiltzea baino egiteko garrantzitsuagorik».

Maitasuna eman zion Matxinek. Gertutasuna. Konfiantza. «Bagenekien gorputz horretan kalitate handia zegoela». Tarte handia dago ia-ia erretiroa hartzetik Vueltako liderraren maillota janztera. Eta tarte horren erdian dago Matxin. «Fede kontua da. Zaila da momentu horietan aurrera egitea, baina fede handia daukat Coborengan». Momenturik txarrenetan apustu serioa egin zuen espainiarraren alde. «Nire apustua izan zen, baina berea da arrakasta; erraza da txirrindulari on baten zuzendaria izatea».

Ez Denis Mentxov, eta ez Carlos Sastre. Juanjo Cobo da Geoxeko taldeburua eta Vueltako liderra. «Coborekin aukera on bat geneukan gordeta, Duarterekin gordeta geneukan moduan. Zaleentzat askoz ezagunagoak eta garrantzitsuagoak dira Mentxov eta Sastre, baina Cobok presiorik gabe ekin zion Vueltari, ezer erakusteko beharrik gabe». Azken bi etapetan erakutsi du erakutsi beharrekoa. La Farraponan eta Anglirun gora. «Mentxoven alde lan egiteko eskatuz gero, arazorik gabe lan egingo zuen. Baina lasterketak bihurtu du taldeburu».

La Farraponan gora eraso ona jo zuen, eta sailkapen nagusiko laugarren posturaino igo zen, David De la Fuente taldekideak azken bizpahiru kilometroetan emandako laguntzari esker —etapa garaipenari uko egin zion Geoxek erabaki harekin—. Anglirun gora, berriz, azken lau kilometroetan erasoa jotzeko asmoa zeukan, baina behe-behetik hautsi zuen tropela. «Ondo sentitzen zela esan zigun irratitxotik, eta erotu gabe baina saiatzeko esan genion». Saiatu bazen, saiatu zen. Mendiko bizikletentzat egokiagoa den garapena sartuta (34x32), bizi-bizi igo zituen Angliruko paretak. Erakustaldia eman zuen. «Behin etapa amaituta, begietara begiratu eta elkarri ez genion ezer askorik esan behar izan. Oso ondo ezagutzen nau, eta oso ondo ezagutzen dut. Inor ez da perfektua, eta inoiz ez naiz saiatu Coboren alde perfektua bilatzen».

Atletismoan hasi zen espainiarra lehen izerdi tantak botatzen —entrenatzailea zen aita—. Eta behin baino gehiagotan esan izan du txirrindularitza ez dela bere pasioa, bere lanbidea dela. Baina hiru asteko itzuli gogor bat irabazteko bidea hartu du pasio ez duen lanbide horrek.

«Asko geratzen zaio oraindik Vueltari», bota du azkar Matxinek. «Sei etapa luze». Baina bete-betean ikusten du taldeburua. «2007an Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen Cobo haren aurrean gaudela uste dut; 2008ko Cobo haren aurrean; 2009an Vueltan etapa bat irabazteaz gain hamargarren amaitu zuen Cobo haren aurrean...». Bizkaitarrak gaineratu du urte hartan ukondoan haustura batekin iritsi zela Cobo Vueltaren hasierara. «Eta etaparik gogorrena irabazteko gai izan zen». Poztasuna nabari zaio Matxini Cobori buruz hizketan hastean.

Hamabost etapa joan dira, eta sei geratzen dira. «Gu etapaz etapa joango gara». Zentzuz beti. «Sei etapa geratzen dira, sei test, sei borrokaldi, eta denak izango dira garrantzitsuak». Geoxen pentsamendua ederki laburbiltzen du ondorengo esaldiak: «Badakigu zaila izango dela ametsa gauzatzea, baina, neurri berean, zaila izango da aurkariek gure ametsa zapuztea». Oraindik «zuhur» jokatu behar dutela azpimarratu du Matxinek. «Baina ilusioak ematen duen indarrarekin».

Gainsarien garrantzia

Hogei segundora Froome, 46ra Wiggins... Gainsariak erabakigarriak izango ote dira, bada, Vuelta honetan? «Gainsariek eman digute liderraren maillota, eta orain ez gara hasiko horiek kritikatzen. Onerako eta txarrerako, hasieratik hortxe zeuden gainsariak». Onartu du gertutik zaindu beharko dutela Sky taldeko bikoa. Baina, apustuak egiten hasita, etxekoaren alde egin du apustu sendoa. «Gustatuko litzaidake Juanjo Cobo koskarik altuenean ikustea. Borrokan jarraitu behar dugu, eta lor dezakegula sinetsita gaude». Hiru asteko itzuli handi bat irabaztea zer den badakiten bi taldeburu on dauzka alde orain Cobok: Mentxov eta Sastre. «Baina Cobo da orain taldeburua, eta bere alde lan egiteko prest daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.