JUANMA GARATE

«Bi minutura dut bosgarrena eta ondo nago, gogoz; ezin dut etsi»

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Masajea hartu zain dago Juanma Garate, San Vendemianoko hotel batean (Italia).

Sailkapen nagusian atzera egin ostean, helburuak etapa garaipenak zirela esan zenuen. Ez da egia izango.

[Barrez] Ez, ez. Corno Alle Scalen denbora galdu nuen, baina ez asko, baina Monteverginen oso-oso gaizki aritu nintzen. Minutu eta erdi galdu nuen eta kolpe handia izan zen niretzat. 35 kilometro orduko abiaduran igo genuen, potentzia handiko txirrindularientzat zen egokia, eta ni ez naiz horrelakoa. Egunetan egon nintzen haserre nire buruarekin, eta horregatik jo nuen erasoa Cesenan, Patxi (Vila) aurretik zihola baliatuta. 20 segundo irabazi nituen, soilik, baina erlojupekoan ere aurretik nituen gehienak baino txukunago aritu nintzen, hiru izan ezik, eta indarra eman dit horrek.

14. zara nagusian, Popovitx liderrarengandik lau minutura, baina bosgarren postua bi minutu eta erdira daukazu. Geratzen dena gogoan, ez da asko.

Egoskor, setati jardun beharra dago hemen, azken eguna arte, gainera. Bi minutura dut bosgarren postua, eta ezin dut etsi. 10 minutu galdu izan banitu, akabo, baina bihar [gaur] dantza hasiko da eta ni dantza egiteko prest nago. Ondo nago, gogoz. Lehen ere esan nuen Giroko hirugarren astean erabakiko zela dena, eta zorionez niretzat, hala izango dela uste dut. Jende asko justu-justu doa, eta sailkapen nagusia zeharo irauliko delakoan nago. Valparolak, Furciak, Passo Gaviak eta Mortirolok ez dute zerikusirik Monteverginerekin. Horietan atzean geratzen bazara, atzean geratzen zara eta minutu zakukada galtzen duzu. Monteverginen lau kilometrora geratu nintzen, eta 1.35 galdu nuen.

Dantza egiteko prest zaudela diozu, horrek jarrera erasokorra erakutsiko duzula esan nahi al du?

Beharko. Ez dut beste aukerarik. Ni naiz atzeratuta nagoena, nik irabazi behar dut errenta. Gurpilean joanda, eusteko planteamenduarekin ez noa inora. Indartsu sentitzen naiz, eta hori errepidean erakusteko gogoa dut.

Nor ikusi duzu indartsu, eta nor ez?

Popovitx eta Pellizotti dabiltza guztien artean erosoen. Aurrean dabiltzanen artean, Garzelli doa justuen. Aldapa txikienean larri ikusten da, pott egingo duela uste dut.

Popovitxek asko hobetu du erlojupekoan, baina Simonik mendian gora nagusi dela erakutsi zuen Corno Alle Scalen. Itxuraz, Popovitxi lidergoa kentzeko moduan da.

Beno, nagusi, ez nago hain ziur. 15 segundo lortu zituen, eta igoerak beste kilometro bat izango balu, atzekoek harrapatu egingo lukete. Hori Simoni berak esan zuen, eta nabaria da ez dagoela iaz, edo orain bi urte bezain sendo. Erasoa jo dezake, eta joko du, baina ez du bi edo hiru minutuko zuloa irekiko lehen bezala. Erne Popovitxekin. Gaztea da, gorantz doa eta soinean darama maglia (maillota) arrosa. Simonik askatzea lortuko du, baina lortzen badu, kosta behar zaio duen atzerapena jatea.

Popovitxek ez du bera babestuko duen talderik.

Azken astean gaude, eta 15 kilometroko mendietan taldeburuak eman behar du neurria, ez taldekideek. Tipo gogorra da, ez du amore nolanahi emango.

Simonik eta Saecok erasotzeko beharra izateak zure alde egiten du?

Bai, dudarik gabe. Simoni lidergoan balego proba lotuta egongo litzateke erabat. Mugitu egingo dira, eta hori ona da. Saecoz gain, beste asko ere mugitu egingo dira, edo gara. Alessiok Pellizotti, Moreni eta Noe ditu aurrean, eta guk Belli, ni neu eta Patxi (Vila). Mugimendua handia izango da.

Zer gerta liteke gaurko etapan?

Taldeak txirrindulariak aurrerantz bidaliko dituzte, Passo Furcia eta Terento artean 20 kilometroko bailara bat dagoelako. Han taldekideren bat edukitzea funtsezkoa izango da. Sailkapen nagusikook erritmoan igoko ditugu Forcela Staulanza eta Valparola, baina galbahea handia izan liteke Saecok Popovitx erre nahi badu. Passo Furcian hasiko da borroka. Berotu ederra hartuko dugu. Horma baten parekoak diren hiru kilometro ditu Furciak.

Eta zer egingo duzu zuk?

Nik? Arriskatu. Ez dakit ziur non, baina saiatu, saiatuko naiz. Furcia izan liteke leku ona, baina bilakaeraren araberakoa izango da erabakia.

Wladimir Belli taldekidea zure aurretik da nagusian. Horrek ez al dizu kalterik egiten?

Ez du zertan kalterik egin. Zenbat eta lagun gehiago aurrean, are eta hobeto. Belli saiatzen bada, norbaitek irten beharko du bere bila, eta hori ona da.

Gaur egurra, bihar atsedena, eta etzidamu eta larunbatean zer?

Ba egur gehiago. Bost etapa geratzen dira bakarrik eta egurra eman beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.