2020an antolatu zuten lehen aldiz Mastersa, koronabirusaren pandemia betean. Helburu argia zuen Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL): festarik eta pilota jaialdirik gabeko lehen uda hori salbatzea. Nahi, eta lortu ere bai. Ordutik, behin baino gehiagotan moldatu dute enpresek udako txapelketa nagusia: bikote eta jardunaldi kopuruan egin dituzte aldaketak. Aurten, ordea, beste urrats bat egin dute, eta aldaketa nabarmen bat txertatu. Bi mailetan jokatuko dute Mastersa: Lehen Mailan eta B Seriean. Enpresen ordezkariek azaldu dutenez, Bigarren Mailako norgehiagokei ere «torneo nortasuna emateko» egin dute aldaketa.
Aldi berean jokatuko dituzte bi txapelketa horiek. Biak egun eta toki berean hasiko dira: uztailaren 18an, Barakaldon (Bizkaia). Finalak, berriz, bi egun ezberdinetan izango dira: B Seriekoa, irailaren 13an, Altsasun (Nafarroa), eta, Lehen Mailakoa, berriz, biharamunean, irailaren 14an, Iruñeko Nafarroa Arenan. Mastersa iaz baino bi aste lehenago bukatuko da, irailaren 26an, 27an eta 28an beste ekitaldi batzuk baitaude Nafarroa Arenan.
Lehen Mailan zazpi bikote ariko dira, eta, ohiturari jarraituz, mistoak izango dira guztiak; hau da, Aspeko pilotari batek eta Baikoko beste batek osatuko dituzte. Hauek dira zazpi bikoteak: Altuna III.a eta Imaz; Artola eta Martija; Ezkurdia eta Iztueta; Zabala eta Mariezkurrena II.a; Larrazabal eta Rezusta; Jaka eta Zabaleta, eta Elordi eta Albisu. Iaz, Jon Ander Peñak eta Jose Javier Zabaletak rabazi zuten Mastersa: 22-13 hartu zituzten mendean Altuna III.a eta Iztueta finalean.
Azken ekitaldian aritu ez ziren bi pilotarik jokatuko dute: Larrazabalek eta Elordik. Iaz jokatu zuten lau pilotari ez dira ariko, ordea: Laso, Peio Etxeberria, Peña II.a eta Tolosa. Laso min hartuta dago, eta udaren parte handi batean ez du jokatzerik izango. Beste hirurek, berriz, B Serieko Mastersa jokatuko dute.
Hain zuzen, zazpi bikote hauek ariko dira B Seriekoan: Peio Etxeberria eta Morgaetxebarria; Peña II.a eta Gabirondo; Agirre eta Eskuza; Dario eta Eskiroz; Zubizarreta III.a eta Bikuña; Senar eta Tolosa, eta Salaberria eta Aranguren. Horietan ere, enpresa bakoitzeko pilotari batekin osatu dituzte bikoteak.
Lehiaketa sistema ere aldatu dute: zazpi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehenbizi, eta lehen lau sailkatuak igaroko dira finalerdietara; hau da, ez dute kanporaketarik jokatuko. Bikote batek atseden hartuko du astero. Ligaxka lehen postuan bukatzen duen bikotea laugarren sailkatuaren aurka ariko da, eta, bigarren postuan amaitzen duenak hirugarren sailkatuaren kontra jokatuko du. Lehen Mailako Mastersean, irailaren 12an jokatuko dituzte bi finalerdiak, Nafarroa Arenan. B Seriekoak, berriz, irailaren 6an eta 7an izango dira: lehena, Lekeition (Bizkaia); oraindik ez dute zehaztu bigarrena non jokatuko den.
Jokoan ere badago aldaketarik, pilotariek lau eta erditik egin beharko baitute sakea. «Jokoan horrenbesteko garrantzia ez izateko, ikuskizuna hobetzeko eta partidak erakargarriagoak izateko» hartu dute neurri hori. Azaldu dutenez, sakeak «gehiegizko garrantzia» izan du zenbait partidatan.
Mastersa da udako txapelketa nagusia, baita luzeena ere. Horretaz gain, baina, beste zenbait pilota feria garrantzitsu jokatu ohi dira. Horiek noiz jokatuko diren ere jakinarazi dute gaur enpresek: Iruñeko sanferminetakoa, uztailaren 5etik 14ra egingo dute; Gasteizko Andre Maria Zuriarena, abuztuaren 5etik 8ra; Bilboko Aste Nagusikoa, abuztuaren 19tik 22ra; Donostia Hirikoa, abuztuaren 24tik 29ra; eta Logroñoko sanmateoetakoa, irailaren 19tik 28ra.
MASTERSA
Lehen Mailako bikoteak. Altuna III.a eta Imaz; Artola eta Martija; Ezkurdia eta Iztueta; Zabala eta Mariezkurrena II.a; Larrazabal eta Rezusta; Jaka eta Zabaleta, eta Elordi eta Albisu.
B Serieko bikoteak. Peio Etxeberria eta Morgaetxebarria; Peña II.a eta Gabirondo; Agirre eta Eskuza; Dario eta Eskiroz; Zubizarreta III.a eta Bikuña; Senar eta Tolosa, eta Salaberria eta Aranguren.
Lehiaketa sistema. Lehen Mailakoa: ligaxka (uztailaren 18tik irailaren 7ra), finalerdiak (irailaren 12an, Nafarroa Arenan) eta finala (irailaren 14an, Nafarroa Arenan). B Seriekoa: ligaxka (uztailaren 18tik abuztuaren 31ra), finalerdiak (irailaren 6an, Lekeition, eta 7an, zehaztu gabeko toki batean), eta finala (irailaren 13an, Altsasun).