Bi helburu, lau partida

Bera Berak ligako lehen titulua nahi du, eta Zuazok, Kukullagak eta Itxakok beste urtebetez onenekin jarraitzea

Bera Berako jokalariak, Bidebietan Elxien aurka lortutako garaipena ospatzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Hilabete eskas falta da Espainiako Ohorezko Maila bukatzeko, eta, gertatu ohi den bezala, orain artekoak ezer gutxi zehaztu du, ez goian, ez behean. Goian, Bera Berak eskura dauka bere historian lehen aldiz liga irabaztea. Bide onean da, sasoia amaitzeko lau jardunaldi eskas falta direla sailkapenaren buruan baita. Urruti dauzka beste hiru euskal taldeak: Zuazo zortzigarren da, Kukullaga hamabigarren eta Itxako azken-aurren. Hiru taldeok mailari eusteko borrokan dabiltza buru-belarri.

Bera Berak lau partidara du estreinako aldiz liga irabaztea. Kalkuluak errazak dira: lau partidak irabazten baditu, berea du txapela, aurkariek egiten dutela egiten dutela. Puntu bat utzita ere irabaziko luke liga. Izan ere, puntu bat ateratzen dio Elxi, bigarren sailkatuari, baina euren artean jokatutako norgehiagokatan Donostiako taldea da nagusi: Elxek gol baten aldeaz irabazi zuenlehen itzulian (22-21), eta Bera Berak sei golen aldeaz bigarren itzulian (24-18). Ez dirudi ezinezkoa Reyes Karrerek entrenatutako taldeak jokoan dauden zortzi puntuak bereganatzea, are gutxiago kontuan hartuta ligan jokatutako 22 partidetan bost puntuk bakarrik ihes egin diela.

Aurkari zailenak, Bidebietan

Elx eta Ro'Casa dira Bera Beraren aurkariak txapela lortzeko lehian. Puntu bakarrera eta hiru puntura ditu, hurrenez hurren. Alcobendasi, laugarren sailkatuari, zazpi puntu ateratzen dizkio, eta gol aldea ere hobea du. Donostiarrek lehia guztiak galdu beharko lituzkete, Alcobendasek aukeraren bat izan dezan.

Egutegia ere mesedegarria da Bera Berarentzat, azken lau jardunaldietako aurkari zailenak etxean hartuko baititu: Leon, seigarren sailkatua, larunbat honetan; eta Ro'Casa, hirugarren sailkatua, maiatzaren 4an. Etxetik kanpoko partidak, berriz, samurragoak dira: Zuazori egingo dio bisita hilaren 27an, eta Castro azken sailkatuari maiatzaren 11n, ligako azken jardunaldian. Guztiei irabazi zien Donostiako taldeak lehen itzulian, nagusitasunez, gainera: sei golengatik Zuazo eta Ro'Casari (31-25 eta 20-26), bederatzigatik Leoni (25-34) eta hamabostegatik Castrori (31-16).

Itxuraz, Ro'Casaren aurkako partida da zailena. Norgehiagoka horrek zehaztuko ditu ziurrenik Bera Beraren aukerak txapeldun izateko. Donostiarrak, hala ere, ezin dira fidatu Leon, Zuazo eta Castrorekin. Duela bi aste Valentziaren pistan gertatutakoa gogoratu besterik ez dago —Bera Berak ezustean galdu zuen—. Haien zorionerako, Zuazok bakarrik du zerbait jokoan —Leonek mailari eutsi dio, eta ezin du gora egin sailkapenean. Castrok, aldiz, aspaldi galdu zuen maila—, baina Barakaldoko taldeak ia ziurtatuta du beste urtebetez onenekin jarraitzea. Bera Berak, beraz, eskura du historian arrastoa uztea. Lau partidara du ametsa.

Kukullaga eta Itxako, larri

Oso bestelako egoeran dira Zuazo, Kukullaga eta Itxako. Hirurak ari dira lehian beste hiru talderekin mailari eutsi nahian. Sailkapen horretan Zuazo da lehena, Valentziarekin berdinduta ( hemezortzi puntu dituzte). Koska bat beherago dago Valentzia, hamabost punturekin. Postu bat beherago, berriz, hiru talde daude, hamahiru punturekin: Castelldefels, Kukullaga eta Itxako.

Zuazok du gertuen helburua. Bost punturen aldea du sailkapenean Castelldefels, Kukullaga eta Itxakorekiko. Katalanekiko eta nafarrekiko aldea, halere, sei puntuerena da benetan, bi talde horiek baino gol alde hobea baitu. Kukullagari irabazi egin zion lehen itzulian, baina bigarren itzulian ez dute elkarren aurka jokatu. Azken-aurreko jardunaldian jokatuko dute derbia, Etxebarrin (Bizkaia).

Ezusterik ezean, Castelldefels, Kukullagaren eta Itxakoren arteko lehiako galtzaileak egingo du Lehen Mailara bidaia Castrorekin. Hirurek antzeko egutegia dute: titulua helburu dutenak, jokoan ezer ez dutenak eta arerio zuzenak izango dituzte aurkari. Etxebarrikoek eta Lizarrakoek argi dute egin beharrekoa: gutxienez, talde bat atzean uztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.