Irene Caminos

Bi gurpiletik laura

Adrenalina askatzeko beste kirol diziplina bat topatu du Irene Caminos trial txirrindulariak: rallyetako autoa. Ibilgailura behin igota nahikoa izan du motor munduan kateatzeko. Dakarren aritzea du amets, baita emakumez osatutako lehen kamioi tripulazioko kide izatea ere.

Irene Caminos, eskuinean, Helena Tarruel gidaria alboan duela. Laguntzaile lanak egiten ditu Caminosek. IRENE CAMINOS.
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Ez da geldirik egotekoa Irene Caminos (Tolosa, Gipuzkoa, 1998). Bizitza osoa trial bizikleta soinpean daramala gainditu izan ditu oztopo handi zein txikiak. Baita dominak golkoratu ere. Bi gurpilen gainean jostalari aritzen da tolosarra, lehia jolas bihurtzeraino. Bada, orain, bi gurpileko tramankulutik lau gurpil dituen tramankulutzarrera igo da: rallyetako autora. Dakarrera joatea du amets, baina ibilgailu are handiago batekin: kamioiarekin. Hori bai, Caminosek argi du: bizikleta ez du etxeko garajean zintzilikatuko. «Biak uztargarriak dira, momentuz».

Nolatan suertatu zaio motor mundura salto egiteko aukera? Honela azaldu du: «Etxean betidanik pisu handia eta berezia izan du motorrak. Aitak gaztetan rallyak korritzen zituen, eta hirutan egin ditu Dakar lasterketak». Hain zuzen, motorraren hotsabarruraino sartu zitzaion Caminosi. «Txikitan aitari beti esaten nion: 'Egunen batean Dakar rallya korrituko dugu'». Aitak, ordea, ez zion aparteko garrantzirik ematen alaba txikiaren nahiari. Caminosek, berriz, bere egoskorkerian jarraitzen zuen, eta buruan ongi iltzatua zuena betetzeko lehen alea jarri zuen iaz: kamioiko gidabaimena atera zuen. Orduan bai. Ez zegoen atzera bueltarik.

Baina nondik hasi behar ote da horrelako proiektu erraldoi bat martxan jarri ahal izateko? Tolosarrak aitortu du zortea «alde izan» duela. «Aitarekin Dakar rallya egin zuten Rafa Tibau eta Alberto Herreroren taldearen laguntza jaso dut. Niregan konfiantza handia izan dute, eta babesa eman didate». Bada, egitasmo «zirraragarriaren» lehen urratsak aurreko astean egin zituzten, Nafarroako Classic Rade lasterketan. Caminos aurrenekoz kopilotu aritu zen, Helena Tarruell kataluniarra ondoan gidari zuela.

Lehendabizikoz bizi izandako esperientzia ekarri du gogora: «Ez nekien nondik hasi. Roadbook-a, esaterako, ez nuen inoiz erabili, ezta Rabbyt-a ere, abiadura markatzen duen gailua. Dena zen berria niretzat, eta oso urduri nengoen». Kontzentrazio bete-beteko egoera horretan, burutik mila sentipen pasatu zitzaizkion. «Hasi eta berehala, gainera, galdu egin ginen. Ez nekien nire burua non sartu». Tarruell taldekideak esperientziaren talaiatik lasaitasunaren sentipena transmititu zion Caminosi. «Hark garbi esan zidan: 'Ez gara irabaztera etorri, ikastera baizik'. Bidea topatu genuen, eta hortik aurrera oso ondo joan zitzaigun». Hain zuzen, eurek hasieratik jarritako helburua lortu zuten: auto barruan elkar «ondo» ulertzea. «Pozik geratu ginen».

Bizikletan bakarrik aritzen zen lehen, eta autoan beste kide batekin joaten da orain. «Desberdina» bezain «polita», Caminosen esanetan. «Bizikletaren jabe ni bakarrik naiz, eta nik hartzen ditut erabaki guztiak; ostera, autoan bi gara, eta, dena ondo joan dadin, biok bat egin behar dugu. Funtsean, talde lan handia dago».

Nafarroako lasterketatik zein ondorio atera duen galdetuta, honatx Caminosen erantzuna: «Aita argi mintzatu zitzaidan: 'Gustatzen bazaizu, kontuz. Motor munduan kateatuko zara, eta ezingo zara geratu'». Eta halaxe gertatu zaio. Erregaiaren usainak barrenak mugitu dizkio Caminosi. «Neure burua motibatzeko bide berri bat topatu dut, eta asko gustatu zait. Bide horretan jarraitu nahi dut». Oraindik ez daki hurrengo topaketa noiz izango duen, baina, bitartean, serio dihardu autoari neurria hartzeko lanean. Terueleko (Espainia) zirkuituan entrenatzen dira. «Gerora, Marokora joango ginateke, orotariko lurrean egokitzeko».

Helburua zein den argi du Caminosek. «Ea aurten Dakarrera joaten garen». Eta geroari begira, zer? «Hemendik hiru urtera, kamioiko lehen emakumezko tripulazioa eraman nahi dugu Dakarrera». Bistan da ez dela atzo jaiotako proiektu bat esku artean duena. «Horren atzean talde handia eta sendoa dago». Alta, hankak lurrean ditu: «Oso zaila izango da ametsa gauzatzea, Dakarrera joateak izugarrizko gastu ekonomikoa eskatzen baitu. Trialeko bizikleta txiki geratzen da. Horretarako, babesleak lortu behar dira, eta bide horretan gaude».

Kirola handi egitea xede

Tolosarrarentzat ez da berria gizonezkoak nagusi diren kirol batekin topo egitea. «Trial bizikletan hasi nintzenean, neska bakarra nintzen. Betidanik egon naiz mutilen mundu horretan. Ohituta nago». Zorionez, badoaz emakume gehiago batuz. «Ea kirol diziplina hau handiagoa egiten dugun».

Bizikleta, trial bizikleta eskola, motorra... eta orain suhiltzaile izateko oposizioak prestatzen ari da Caminos, buru-belarri. Atseden hartzeko astirik eduki ez arren, umorez hartu du egoera. «Aurreko urtean, txapelketa asko jokatu ez zirenez, atseden gehiegi hartu nuen. Beraz, gauza asko egiteko gogoa dut. Udan astebete lasai egongo naiz, baina beste egun guztietan ez naiz geratuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.