FUTBOLA

Bi aukeratu behar

Lau euskarrietatik hiru ari dira jokatzen, eta hiruretatik Mikel Aranburuk jokatu du minutu gehien

Donostia
2003ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Partida pilaketak direla eta, euskarri postuan jokalariak tartekatzen ari da Raynald Denoueix. Eta badu non aukeratua, bi postutarako lau edo bost jokalari dituelako: Alkiza, Aranburu, Mikel Alonso,Xabi Alonso eta Boris, nahiz eta azken hau atzealdean ere ari litekeen. Bostetik hiru ari dira dantzan Denoueixekin: Xabi, Aranburu eta Alkiza. Hala ondorioztatu liteke Espainiako Ligako sei jardunaldi, Txapeldunen Ligako bi eta Kopako bat jokatu ondoren.

Minuturik gehien Aranburuk jokatu ditu. Hiru lehiaketetan, 631 minutu egin ditu. Azpeitiarrak etengabeko lana egiten du. Baloiak berreskuratu eta erraz jokatu, horixe egiten du behin eta berriz. Lehen taldera iritsi zenean, erasoan defentsan baino gehiago zen, baina horretara ere jarri da, eta egun, berak berreskuratzen du baloi gehien taldean. Zenbait zalek zein hedabidek, Xabi goraipatzera jotzen dute, hura duelako ondoan. Dena den, batak ez du zerikusirik bestearekin. Taldeko izar hamdienen babesean aritu ohi da, eta ez du beste batzuen distirarik, baina berari ez dio axola. Eroso dago horrela, horrelakoa delako. Gainera, jakin beharrekoek, alegia, entrenatzaileek, badute Aranburuk eman dezakeenaren berri.

Aranbururen atzetik, Xabi Alonso erabili du gehien Denoueixek. Tolosarrak ez zuen Espainako Kopan jokatu, baina beste bi lehiaketetan guztira 599 minutu jokatu ditu. Taldeari egonkortasuna ematen dio, eta bera da erreferentzia nagusietako bat, Kovacevicekin batera. Berak jarritako erritmoan egiten dute dantza taldekideek. Xabik baloia jokatzerakoan dituen dohainak aski ezagunak dira. Luzean zein motzean, begia jarri ohi duen tokian jarri ohi du baloia. Aspaldian, gainera, Aranburuk atzealdea zaintzen duela, Xabik erasora jotzeko aukera gehiago du. Area ondotik jaurtitzeko edo kornerretan buruz errematatzeko jokalari aproposa da. Baina kontuz, badu eta zer hobetua. Defentsako lanean Aranburuk mesede handia egiten dio, tolosarra tarteka motz geratzen baita. Biek dute elkarren beharra, eta Alkiza etorri izanagatik ere, oraingoz bi gazteek ematen diote funtzionamendurik onena taldeari. Elkarrekin bost partida jokatu dituzte. Xabi-Alkiza bikoak bi eta Aranburu-Alkizak bat. Kopan, Aranburu eta Mikel Alonso aritu ziren.

Bittor Alkiza izan da azkena taldera iristen. Honek ere ez zuen jokatu Kopan. Beste bi lehiaketetan 326 minutu pilatu ditu. Bederatzi urte egin ditu kanpoan, eta kostatzen ari zaio taldekide berriei neurria hartzea. Azkeneko partidetan hobera egin du, baina oraindik ez da Athleticen taldea goitik behera astintzen zuen hura. Bere alde, esperientzia. Igande honetan zortzi 33 urte egingo ditu, eta jokoan Xabi Alonsok edo Aranburuk baino eskarmentu handiagoa du. Partida noiz moteldu, noiz bizitu, erabaki horiek hartzeko jokalari aproposa da, langilea hau ere. Denboraldi hasieran ez bezala, Ligako az-keneko bi neurketetan donos-tiarra aritu da Xabirekin euskarri postuan, Aranbururen kalte- tan.

Mikel Alonso eta Boris maila bat beherago daude

Errendimendua eta erabilera aukerak aztertuta, maila bat beherago daude Mikel Alonso eta Sergio Boris. Mikelek Ligan 19 minutu baino ez ditu jokatu, Racingen aurka. Kopan, berriz, 69 jokatu zituen, Oviedoren aurka, baina ez zuen egin neurketa ona. Teknika oneko jokalaria da, baina baloi askotxo galtzen ditu, are gehiago jokatzen duen postua zein den ikusita. Sergio Boris, azkenik, Oviedoren aurkako azkeneko minutuetan aritu zen euskarrian. Postu anitzetan aritu litekeen jokalaria da, baina euskarrian ez da iristen Xabik, Aranburuk edo Alkizak eman dezakete- nera.

P ELKARREKIN



 

Istanbulgo hirukotea





Beti binaka aritzen badira ere, Xabi Alonso, Aranburu eta Alkiza hirurak elkarrekin jokatuta daude. Galatasarayren aurkako azkeneko 26 minutuak egin zituzten batera. Turkiarrak berdindu ondoren estutzen ari ziren, eta Denoueixek Nihaten ordez Alkiza zelairatu zuen, aurkariaren jarioa eteteko. Aranburu erdipuntan kokatu zen, eta Alonsok eta Alkizak euskarri bikotea osatu zuten. Turkiarren jokoa eteteaz gain, Xabi Alonsok gola egin eta Realak partida irabaztea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.