Bi arkulari, erresuma bat

Fleche Wallonne klasikoan beren nagusitasuna berresten saiatuko dira gaur Alejandro Valverde eta Anna van der Breggen. Zazpi euskal herritar ariko dira

enaut agirrebengoa
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Heldu da Fleche Wallonne klasikoa, Valoniako Gezia; edo, beste modu batera esanda, iritsi da Alejandro Valverde (Movistar) eta Anna Van der Breggenen ordua (Boels). Azken urteetan, erabateko nagusitasunez azpiratu dituzte gainontzeko hautagaiak, klasikoa euren erresuma bihurtzeraino. Espainiarrak lau garaipen daramatza jarraian, eta herbeheretarrak, hiru. Probari ondo baino hobeto hartua diote neurria, eta gaur ere euren legea ezartzen ahaleginduko dira Huyko aldapa pikoetan. Amstel Gold Racen, ezustekoa eman zuten Chantal Blaak herbeheretarrak (Boels) eta Michael Valgren danimarkarrak (Astana); ordea, gaur oso zaila izango da esperotako gidoia inork apurtzea.

Valverdek beste edonork baino aldi gehiagotan irabazi du Fleche Wallonne: bost aldiz guztira. Aurreneko garaipena 2006an lortu zuen, eta hurrengo laurak, erreskadan, 2014an hasita. Gaur seigarrena lortzen saiatuko da. Irabaziz gero, bikoiztu egingo luke Moreno Argentin eta Eddy Mercxen garaipen kopurua. Konfiantzaz gainezka helduko da, sasoi borobila ari baita osatzen. 26 egunez lehiatu da orain arte, eta bederatzi garaipen lortu ditu. Amstel Gold Racen bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuen; bada, gaur aukera paregabea dauka garaipenaren bidera itzultzeko. Gainontzeko faboritoak koska bat beherago daude.

Sasoia orain arte okerreko bidetik joan balitzaio ere, espainiarra berdin-berdin zatekeen hautagai nagusia gaur. Huyko horma, izan ere, Valverderen horma bilakatu da. 1,3 kilometro, %9,6ko batez besteko pendiza eta %19ko gehienezko pendiza duen koska bat da, eta bertan nahieran dabil Valverde 2014az geroztik. Urte hartan aise erantzun zien aurkarien erasoei, eta 150 metro inguru falta zirela jo zuen eraso erabakigarria. 2015ean, multzoaren buruan izan zen une oro, eta ehun metrora abiatu zuen esprinta. 2016an ere antzeko sekuentzia izan zen: tropelaren lehen postuan kokatu zen, aise eutsi zien erasoei, eta ehun metrora aldatu zuen erritmoz. Iaz, berriz, 200 metrora egin zuen ahalegina, eta orduan ere ezin izan zion inork jarraitu.

Déjà vu etengabea eteten saiatuko dira gaur gainontzeko hautagaiak. Movistarrekoak hiru aurkari nagusi izango ditu: Philippe Gilbert (Quick Step), Julian Alaphilippe (Quick Step) eta Daniel Martin (UAE). Belgikarrak irabazi egin zuen 2011n —Valverderekin batera, hura da gaur lehiatuko diren ziklisten artean Fleche Wallonne irabazi duen bakarra—; frantziarra bigarren izan zen 2015ean eta 2016an; eta irlandarrak ere bi bider egin du bigarren, 2014an eta iaz, hain zuzen ere. Koska bat beherago, Dylan Teuns (BMC), Michal Kwiatkowski (Sky), Vincenzo Nibali (Bahrain), Romain Bardet (Ag2r), Jakob Fuglsang (Astana) eta Warren Barguil (Fortuneo) ageri dira. Mikel Landak (Movistar), Ion eta Gorka Izagirrek (Bahrain) eta Omar Frailek ere (Astana) eman dezakete zeresana. Imanol Erbiti (Movistar) da gizonezkoetan lehiatuko den beste euskal herritarra. Bost izango dira orotara.

Huyn buruz burukora itxaronez gero, ia ezinezko izango dute Valverde menperatzea. Aurretik espainiarrari setioa prestatzea da aukera bakarretakoa. Aurtengo ibilbideak 198,5 kilometro eta 11 koska izango ditu. Antolatzaileek hasierako zatian txertatu dituzte berrikuntzak: lasterketa Seraingetik abiatuko da aurrenekoz, eta lehen bi muinoak La Vecquee eta La Redoute izango dira. Gauzak hala, Mont eta Amay igo ondotik, bi bira eman beharko dizkiote 29 kilometroko amaierako zirkuituari. Bi aldiz igaroko dira Eraffetik —bi kilometro %5era— eta Cheravetik —1,3 kilometro %8,1era; helmugatik bost kilometrora dago—, eta hirutan Huytik.

Vosen markaren bila

Emakumezkoen lasterketa Huytik aterako da, ohi bezala, eta 118,5 kilometro izango ditu. Lehen 70 kilometroak nahiko leunak dira, baina gauzak serio jarriko dira Ereffera iritsi eta amaierako zirkuitua hastean. Bi bira eman beharko dizkiote txirrindulariek, eta bertan Ereffe, Cherave eta Huyko horma aurkituko dituzte, gizonezkoen kasuan bezala. Van der Breggen nagusi izan da azken hiru urteetan, eta eskura dauka Marianne Vos herbeheretarraren (WaowDeals) lau garaipeneko marka. Valverdek ez bezala, Huyko azken igoerara itxaron gabe irabazi izan du herbeheretarrak. 2015ean bost kilometro falta zirela jo zuen erasoa, Cheraven, eta azken bi urteetan Huyko hormara iritsi aurreko ordekan mugitu da. Strade Bianche eta Flandriako Tourra irabazi ditu aurten, eta, Amstel Gold Racen kale egin ondotik —38. izan zen—, garaipen gosez izango da gaur.

Zabala da Boelsekoaren bolada eten dezaketen hautagaien sorta: Vos bera, Blaak, Katarzyna Niewiadoma poloniarra (Canyon), Annemiek Van Vleuten herbeheretarra (Mitchelton), Ashleigh Moolman-Pasio hegoafrikarra (Cervelo), Megan Guarnier estatubatuarra (Boels) eta Elisa Longo Borghini italiarra (Wiggle), besteak beste. Ane Santesteban (Ale Cipollini) eta Lourdes Oiarbide (Movistar) izango dira euskal ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.