Hitz egiteko apenas duen indarrik Gorka Izagirrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1987) lasterketa bukatu berritan. Herenegun egun «gogorra» bizi izan zuten, masaje emaileetako batek positibo eman eta gero. «Gauerdira arte ez ziguten baieztatu irten ahal izango ginela».
Kirolari batentzat ametsa izaten dira Jokoak. Baina zuek guztiz kontrakoa bizi izan duzue, herenegun masaje emaileetako batek COVID-19arekin positibo eman eta gero.
Infernua izan zen atzoko eguna [herenegun]. Goizeko lehen orduan eman ziguten Josebaren [Elgezabal] positiboaren berri. Alde batetik, ezinegona genuen, besteren bat kutsatuta egoteko arriskua hor zegoelako. Bestetik, egun osoa hoteleko logelan sartuta egon ginen. Ez zen halako lasterketa handi baten bezperako ohiko eguna izan. Ez genuen entrenamendu arin bat egin, giharrak askatzeko. Janaria ere logelara igo ziguten, eta ez zen izan guk halako egun batean jan behar izaten dugun kantitatea. Atseden ere ezin izan genuen behar bezala hartu. Gero, esan ziguten ziurrenik ezingo genuela parte hartu. Oso gogorra izan zen hori. Lan guztia pikutara joango zela pentsatzen genuen. Gauerdira arte ez ziguten baieztatu irteeran egoteko moduan egongo ginela. Lotara berandu joan ginen, eta egun osoko ezinegonarekin. Beraz, niri, behintzat, kostatu egin zitzaidan lokartzea. Gaur [atzo], gainera, hiru orduko bidaia genuen irteeraraino, eta oso goiz jaiki behar izan dugu. Dena aldrebes joan da. Bezperan pasatutakoak erabat baldintzatu du, eta pena da, azken asteetan oso lan ona egin baitut etxean, eta sasoi onean bainentorren.
Gorputzaldi horrekin, zer esan diozue elkarri irteeran?
Hautatzailearekin hitz egin dugu, eta hasierako asmoei eutsi diegu, Alejandrorentzat [Valverde] lan egitea. Plana aldatzeak ez zuen zentzurik, denak antzeko geundelako. Baina bagenekien lasterketaren erritmoa gogortzen hasten zenean sufritu egingo genuela. Gainera, kilometroak aurrera joan ahala, Alejandrok esan digu bizkarra ere ez zuela ondo, eta arazoekin zebilela. Normala da, atzoko eguna logelan sartuta pasatu eta gero.
Aurreikuspenak bete egin dira, eta Italiak lasterketa gogortu duenean tantaka joan zarete atzean geratuz.
Hala izan da. Gorputzaldi hori aldatzea ia ezinezkoa da. Are gehiago gaurkoaren [atzokoaren] moduko lasterketa luze batekin, eta egiten zuen beroarekin eta hezetasunarekin. Izugarria izan da. Hasieratik oso gogor joan da dena. Ihesaldiak berehala hartu du denbora, eta Italiaren erasoak lehen haustura egin du tropelean. Ondoren, Belgika eta Eslovenia jarri dira lanean, eta azken bi mendateak tropela mehetuz joan dira, indartsuak geratu diren arte.
Hor Richard Carapazek ondo jakin du aukera baliatzen, ezta?
Hala da. Faboritoetako bat zen; bagenekien indartsu zegoela. Baina halako lasterketak irakurtzeko duen gaitasunak eman dio garaipena. Bikain jakin du non jo erasoa. Merezita lortu du garaipena, nire ustez, eta asko pozten naiz harengatik.
Halako ahalegina egin eta gero, nola zaude orain?
Oso-oso nekatuta. Gainera, berandu iritsi gara hotelera. Beraz, indarberritzeko lanik ere ez dugu egin. Ondo afaltzeko eta lo egiteko premia dut. Izan ere, esan bezala, ia ez dut lorik egin.
Anaiak erlojupekoan hartuko du parte asteazkenean. Harekin geratuko zara, edo etxera bueltatuko zara?
Egoera honekin, etxera itzuliko naiz, beste guztiekin batera. Bihar [gaur] ere ea atseden apur bat hartzen dugun, bidaia luzeari behar bezala heltzeko.
TOKIO 2020. Gorka Izagirre. Txirrindularia
«Bezperan pasatutakoak baldintzatu egin gaitu erabat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu