Datuei ez diela erreparatzen dio Erika Vazquez Athleticeko jokalariak (Iruñea, 1983). Baina izugarriak dira talde zuri-gorrira iritsi zenetik pilatu dituenak: hamazazpi sasoi, 415 partida eta 263 gol. Historian arrastoa uzten ari da. 39 urte bete berritan, «sasoiko eta gogotsu» dagoela dio. Liga amaitzean erabakiko du, gutxienez beste sasoi batez jarraitzen duen edo ez.
414. partida jokatu, eta Athleticen elastikoa gehien jantzi duen emakumea zara. Zein sentipen duzu?
Oso pozik eta harro nago. Pribilegiatu bat sentitzen naiz. Oraindikere sentipenak puri-purian ditut. Oso berezia izan da, batez ere bizi izan dudan moduan bizitzeagatik. Eli Eibarra gainditu dut. Lagun handia da niretzat, eta harekin partekatzeak are gogoangarriago egin du.
Ondoren iritsi ziren San Mamesen hartu zenuen txalo zaparrada, eta Bartzelonaren aurkako partidako omenaldia.
Bai. Taldearekin hiru liga irabazi ditut. Tituluak garrantzitsuak dira, eta hor geratuko dira. Baina niretzat aberasgarriena aipatu dituzun bi momentu horiek bezalakoak bizitzeko aukera izatea da. Ahaztezinak izango dira, zaleek, taldekideek eta aurkariek urteetan egin dudan lana aitortu dutela sentitu baitut. Hona iritsi nintzenean ez nuen sekula pentsatuko holakorik bizi izango nuenik.
Zer esan zizun Eli Ibarrak?
Disfrutatzeko. Lagun handiak gara, eta hari ere ilusioa egin dio biak hor goian egoteak.
Zein izan da 414 partida horietako unerik onena? Eta txarrena?
Gogorra izan zen San Mamesen ligak ihes egin zigunean. Gure esku zegoen, berdinketak balio zigun, eta galtzea nire kirol ibilbideko kolperik gogorrena izan zen, ziurrenik. Zaleei huts egin geniela sentitu nuen, eta sentimendu horrek egun dezente iraun zidan. Onena, berriz, irabazi genuen azken titulua izan zela. Niretzat bereziena izan zen. Izan ere, ni hona iritsi nintzenean, taldea ohituta zegoen tituluak irabaztera. Eta disfrutatu arren, sentipena zen egin behar genuena egin genuela. Jendea ez zen kontziente zenbat kostatzen zen. Azken titulua, berriz, aipatu bezala, bederatzi urteko lehortearen ondoren iritsi zen, ezustea izan zen. Ia astebete eman genuen ospatzen. Ederra izan zen baita Atletico Madrilen aurkako Kopako partidan San Mames berria bete genuenean, eta San Mames zaharreko debutean hat trick bat sartu nuenean ere. Gordea dut baloia.
Zein da gakoa 17 urtez goi mailan egoteko?
Lana, eta egunero-egunero neure buruari zertxobait gehiago eskatzea. Hasten zarenean, zeure buruari luzerako helburuak jartzen dizkiozu, oraindik ere ibilbide luzea baituzu aurretik. Baina sasoiak aurrera joan ahala, luze gabeko erronkak izaten dira. Orain, eguneroko helburu txikiak jartzen dizkiot neure buruari, eta, egia esan, pizgarri handia dira. Horrekin batera, neure burua ondo zaintzea funtsezkoa izan da: atseden hartzea, ondo elikatzea... Ez da denbora asko emakumezkoak futbolaz bizi garela. Baina, aurretik ere, nik profesional baten modua zaintzen nuen neure burua. Askok pentsatuko dute sakrifizio handia egin dudala. Baina niretzat ez da hala izan, futbolari izan nahi bainuen.
Eguneroko helburu txikiak aipatu dituzu. Zeintzuk dira goizero Lezamako atetik sartzen zarenean dituzun erronka horiek?
Lezamako atetik sartzen naizen aldiro gauza bat pentsatzen dut: gaur atzo baino hobea izan behar dut. Urte asko daramatzat, baina oraindik ere ikasten eta hobetzen segitzeko irrika hori dut. Entrenamendu batean gauzak gaizki ateratzen zaizkidanean, amorratuta itzultzen naiz etxera. Eta taldekideei eta aurkariei asko erreparatzen diet, hobetzerako orduan. Oso exijentea naiz neure buruarekin, eta ez naiz sekula konformatzen. Horri esker lortu dut hona iristea.
Denboraldi oro gehiago zaindu behar izaten duzu?
Bai, dudarik gabe. Gaztea zarenean gorputzak dena aguantatzen du, eta edozein ahaleginetatik nahiko erraz osatzen zara.Baina denboraldiak aurrera joan ahala, hori aldatu egin behar da. Egia da emakumeen futbolaprofesionalizatuz joan den heinean gu ere hobeto zaintzen gaituztela, eta baliabide gehiago ditugula horretarako. Baina aldi berean, lehiakortasuna gero eta handiagoa da. Hori dela eta, egunerokoan asko zaindu behar duzu. Eta adinean aurrera joan ahala gauza horiei guztiei gehiago erreparatu behar diet egunerokoan. Denbora gehiago eskaini behar diot horri, nahiz eta beti egin dudan.
Baina, aldi berean, gehiago ezagutzen duzu zeure burua. Gehiago neurtzen dituzu ahaleginak?
Bai, gehiago ezagutzen dut, eta horrek beti laguntzen du. Ahaleginak neurtzeari dagokionez, ez dut sekula egin. Ez dut jakin ezer gordetzen. Horrelakoa izan naiz beti, eta ez naiz damutzen.
Aurrekoan, Ane Azkonak zioen beteranoak zaretela entrenamenduetan exijentzia maila jartzen duzuenak: Vanessa Gimbert, Nekane Diez, zu...
Bai, nik gazteei beti esaten diet ez konformatzeko, exijenteak izateko beren buruarekin, horrek egingo dituela hobeak, eta hazten lagunduko diela. Guk, gainera, eredu izan behar dugu arlo horretan. Asko kostatu zaigu iritsi garen lekura iristea, zaila izan da. Talde bat handi egiten duena, lehiakortasun hori da. Elitea hori da, eta horretarako prestatzen lagundu behar diegu. Ligak berak eskatzen du hori. Aurreko igandean, adibidez, munduko talderik onena izan genuen aurrean.
Jokalari gazte horiek zure marka gainditu dezakete?
Atzetik gogor estutuz datoz, eta,aipatu bezala, profesionalizazioari esker baliabide eta aukera gehiago izango dituzte horretarako. Ziur nago lortuko dutela. Seinale ona izango litzateke.
Eta exijentzia hori psikologikoki nola eramaten da?
Psikologikoki elitea gogorra da. Momentu oso onak dituzu. Baina gehiago dira txarrak, onak baino. Eta askotan azken horiek jendeak ez ditu ikusten. Hori kudeatzen jakin behar da. Guk, adibidez, bigarren ligatik hirugarrenera bitartean bederatzi urte eman genituen irabazi gabe. Irabaztera ohituta dagoen multzo batentzat, hori gogorra da, kolpe askohartzen dituzu. Asko frustratzen zara, berdin jarraitzen baituzu lanean, baina emaitzak ez dituzu lortzen. Lesionatuta igarotzen dituzun momentuak ere ez dira errazak. Oreka bat izan behar duzu. Hori oso garrantzitsua da.
Gola eta Erika Vazquez beti egon dira elkar lotuta. Hori landu egiten da? Edo berezkoa da?
Landu egiten den zerbait da. Ez da berezkoa, eta esperientziak ere lagundu egiten dizu: kokatzen ikasten duzu, jokaldiei aurrea hartzen...
Zein oroitzapen duzu debutaz?
Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa batean izan zen. Iritsi berria nintzen, eta ilusioz gainezka nengoen. Atariko kanporaketa izanda, taldekideak opor gutxi izan zituzten. Baina niri oporrak bost axola, jokatzea besterik ez nuen nahi.
Gutxienez beste denboraldi bat jarraitzeko moduan ikusten duzu zeure burua?
Ikusiko dugu. Garai batean, luzera begiratzen nuen. Gero, denboraldiz denboraldi, eta, orain, entrenamenduz entrenamendu eta partidaz partida. Nire kirol ibilbidean zortea izan dut lesioekin. Baina aurreko denboraldia ez zen erraza izan alor horretan. Hiru hilabete eman nituen jokatu gabe, belauneko lotailuan izandako arazo batzuengatik. Orduan agindu nion neure buruari entrenamendu eta partida bakoitzaz disfrutatu behar nuela. Konturatu nintzen sekula ez dakizula zein izan daitekeen azkena, eta gozatu egin behar dela. Urte hauetan, agian, ez naiz izan horren kontziente. Denboraldi amaiera arte ez dut horretan pentsatu nahi. Ikusiko dut zer gertatzen den. Oraintxe, esan dezaket sasoiko ikusten dudala neure burua, eta disfrutatzen.
Egoera fisikoa izango da erabakia hartzean kontuan izango duzun gauza bakarra?
Ez hori bakarrik. Arlo mentala erekontuan hartu behar dut. Denboraldiak aurrera joan ahala, gero eta pisu handiagoa du horrek. Eta aurreko denboraldia oso gogorra izan zen, inoizko zailenetakoa. Batetik, ni gaizki nengoelako, eta, bestetik, taldearen egoera ez zelako erraza.
Taldearen azken partidakoso onak izan dira. Atletico Madrili 2-1 irabazi zenioten, eta 0-3 galdu arren Bartzelonaren kontra itxura lehiakorra eman zenuten. Zein balantze egiten duzu egiten ari zareten denboraldiaz?
Atletico Madrilen aurkako garaipenak indar handia eman zigun. Sufritu arren, irabazi egin genuen. Eta Bartzelonaren aurka, uste dut garrantzitsuena izan zela kostatu egin zitzaiela irabaztea, eta ez zirela aise aritu. Penaizan zen bi partida horiek baino lehen Sporting Huelvaren aurka galtzea.
Taldea azken jardunaldira arte ikusten duzu Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan?
Gure helburua hori da, borroka horretatik atzean ez geratzea, eta uste dut posible dela. Taldea konfiantzaz dago, ondo ari da lanean, eta erakutsi du edozein kontrarioren kontra lehiatzeko gai dela. Taldeak bere nortasuna eta jokatzeko era berreskuratu ditu. Eta onena da etorkizun handiko jokalariak ditugula.
Erika Vazquez. Athleticeko jokalaria
«Bezperan baino hobea izatea eduki dut beti buruan iritsi nintzenetik»
Vazquez zuri-gorrien elastikoa gehien jantzi duen emakumezkoa bihurtu zen iragan astean, Eli Ibarra lagun eta taldekide ohiari aurrea hartuta. Egun bereziak bizi izan dituela onartu du. «Pozik eta harro nago. Pribilegiatu bat sentitzen naiz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu