Umetatik dabiltza elkarri jarraika Mathieu van der Poel eta Wout Van Aert. Ziklo-kroseko bi ikur handiak dira, eta zaleak ez dira aspertzen haien arteko harrapaketa jolas etengabeaz. Aurkariak, ordea, gogaituta daude jada. Izan ere, ia ezinezkoa da haiei itzal egitea, Munduko Txapelketako emaitzek erakusten duten bezala: azken zortzi aldietatik zazpitan haietariko batek jantzi du ortzadar maillota. Iaz ez ziren lehiatu, eta aukera baliatu zuen Tom Pidcockek. Aurten, britainiarrak egingo du kale, eta are faboritoago izango dira Van der Poel eta Van Aert etzi Hoogerheiden (Herbehereak) jokatuko den elite mailako gizonezkoen proban (15:00). Bosgarrenez irabazi nahi du Van der Poelek, eta laugarrenez Van Aertek.
Urrezko dominaren lehia betiko bien arteko kontua izango da. Uste orokortua da, eta bat dator Egoitz Murgoitio (Abadiño, Bizkaia, 1983). «Alde handia dago haien eta beste guztien artean», esan du ziklo-kroslari ohiak. Pidcock ezean, «oso zaila» izango da ezusteko garaile bat ikustea. Michael Vanthourenhout da balentria egin dezaketen ziklista apurretako bat. «Europako Txapelketa irabazi du, eta gerra apur bat eman die Van der Poeli eta Van Aerti». Eli Iserbyt ere hautagaien zakuan legoke. «Hura izan zen indartsuena denboraldi hasieran, bi piztiak lehiatzen hasi aurretik». Laurens Sweeck ere aipatu du. «Sailkapen nagusia irabazi du Munduko Kopan, eta hori ez dago edonoren esku. Halere, ez dut ikusten faborito handien pare aritzeko moduan».
Akats handirik edo ezbeharrik ez bada, nekez sartuko du inork muturra Van Aerten eta Van der Poelen arteko borrokan. Hala izan da sasoi honetako lasterketetan. Flandriarrak hamahiru probatan hartu du parte, eta horietatik bederatzi irabazi ditu. Den-denetan igo da podiumera. Herbeheretarrak, berriz, hamalau ahaleginetan sei garaipen lortu ditu, horietatik bost Munduko Kopan [Van Aertek baino hiru gehiago]. Hamar aldiz neurtu dituzte indarrak denboraldi honetan bi espezialistarik onenek, eta gauzak estu izan dira: sei garaipen lortu ditu Van Aertek, eta lau Van der Poelek.
Herbeheretarra «beste urte batzuetan baino apalago» ikusi du Murgoitiok. «Irabazi ditu lasterketak, baina beste urte batzuetan baino alde txikiagoz. Ez da horren hutsezina izan». Alta, Hoogerheideko zirkuitua egokiagoa izan daiteke harentzat. Ezaguna du Murgoitiok, han jokatu baitzuen bere lehen Munduko Txapelketa elite mailan, 2009an. «Lehor badago, oso zirkuitu azkarra da, eta desnibela badauka. Goiko eremua azkarragoa da, zuzengune luzeagoekin, eta teknikak garrantzi handiagoa du beheko eremuan: zuhaitzen sustraiak saihestu behar dituzu, sigi-saga egin...». Hori dela eta, «oso borroka polita» aurreikusi du. «Benidormen antzeko zirkuitua izan zuten, eta ikusgarria izan zen haien arteko lehia. Dena dute: indarra, teknika eta abiadura».
Estrategiei dagokienez, Van der Poelek hasieratik «lasterketa lehertu» nahiko duela iruditzen zaio Murgoitiori. «Aldea hasieratik ateratzen saiatuko da. Van Aert, aldiz, ez da horren bortitz hasten. Nahiago du atzetik aurrera egin». Flandriarrari lasterketa «luze egitea» komeni zaio. «Van der Poelek ez badu gurpiletik ateratzen, baliteke urduri jartzea, eta akatsen bat egitea; buruz, koska bat sendoagoa da Van Aert». Hori dela eta, uste du flandriarrak «aukera handiagoa» duela. «Gustatu, ordea, Van der Poelek irabaztea gustatuko litzaidake. Nortasun aldetik gehiago erakartzen nau». Argi du: «Txirrindularitzaren historian izan den lehiarik politenetako bat da» Van der Poelen eta Van Aerten artekoa.
Van Empel eta Pieterse
Bihar jokatuko da elite mailako emakumezkoen proba (15:00), eta, itxura guztien arabera, Herbehereetako txirrindularien artean banatuko dituzte dominak. Izan ere, bertakoak dira Munduko Kopako lehen hamar sailkatuetatik bederatzi. Oso paretsu ibili dira Fem van Empel eta Puck Pieterse, eta haiek dira urrea kolkoratzeko hautagai nagusiak. Haien herrikide Inge van der Heijdenek, Ceylin Alvaradok, Denise Betsemak eta Lucinda Brandek ere izan dezakete aukera. Shirin van Anrooij hirugarren izan da Munduko Kopan, baina 23 urtez azpiko proban ariko da. Marianne Vosek, berriz, ezingo du egin iazko garaipena berritzeko ahaleginik, lesio baten ondorioz.
Murgoitioren hitzetan, «oso lasterketa berezia» da Munduko Txapelketa. «Denboraldian gertatu denak ezer gutxirako balio du Munduko Txapelketan; jendea itxuraldatu egiten da». Elite mailan lau bider lehiatu zen Murgoitio, 2009 eta 2012 artean. Euskal herritarrak indartsuago zebiltzan orduan. Aurten, Gorka Corres eta Hodei Muñoz arabarrak lehiatuko dira bakarrik, gazte mailan, etzi (11:00). Gorenean, nabarmena da hutsunea. «Gure garaian, Espainiako Txapelketak irabazteko borrokan izaten ginen, eta, gero, kanpora asko irteten ginen... Beste maila bat zegoen, garbi dago». Dena den, uste du «bolada kontua» dela. «Agertuko da jende gaztea noizbait». Agian, izarren distirak erakarrita. «Haiei esker, jende gehiagok jarraitzen du ziklo-krosa. Gainera, erakutsi dute arazorik gabe uztartu daitekeela errepidearekin».
Betiko biak, eta beste guztiak
Gaurtik igandera jokatuko da ziklo-kroseko Munduko Txapelketa, Hoogerheiden (Herbehereak). Gizonezkoen proban, Van der Poelen eta Van Aerten arteko beste borroka handi bat espero da. Iazko txapelduna, Pidcock, ez da lehiatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu