Maika Brust. Eibarreko jokalaria

«Betidanik lehenetsi dut Euskal Herrian jokatzea»

Brust sasoia amaitu arte ariko da Eibarren, eta uste du «talde bezala» gehiago jokatuz gero badutela aukerarik oraindik ligan. Sant Cugaten zelaian ariko dira gaur (12.00).

RAUL BOGAJO / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Astean bitan joaten da Maika Brust (Arrosa, Nafarroa Beherea, 1994) Eibarrera entrenatzera. Irakaslea da Baionako Etxepare lizeoan, eta hori da egun haren «lehentasuna», errugbian «plazerarendako» ari delako. Hainbat urteren ostean, Baionako ASB taldea uztea erabaki zuen, «aldaketa baten beharra» zuelako.

Noiz jaso zenuen Eibarren eskaintza?

Udan deitu zidaten lehenengo aldiz, baina ez nuen onartu. Espainiako selekzioarekin buru-belarri ari nintzen lanean, eta ez zitzaidan iruditzen orduan Eibarren hastea lagungarria izango zitzaidanik. Munduko Txapelketarako sailkatze fasea amaituta, irailean, Eibarrera joatea erabaki nuen, beste zerbait ikusteko gogoa nuelako. Duela urte batzuk Cristina Guntin Eibarreko entrenatzailea taldekide izan nuen ASBn.

Taldea zegoen egoeragatik erabaki zenuen ez segitzea?

Eragin handia ukan du nire erabakian, bai. Taldean jarraitzeko zer nahi nuen galdegin zidaten, baina ikusi nuen herriko etxeak eta klubak ez zutela taldea egonkortzeko beharrezkoak ziren baliabideak jartzeko nahi hori. Aldaketa baten beharra nuela konturatu nintzen, zerbait berria ikusi eta probatzekoa.

Hainbat taldekidek Frantziako ligako beste taldeetara joateko erabakia hartu zuten. Izan zenuen eskaintzarik?

Bai, baina beti lehenetsi dut Euskal Herrian bizitzea eta hemen errugbian jokatzea. Gainera, niretzat ezin pentsatua zen lizeoan dudan lana uztea. Nire lehentasuna ez da errugbia: 27 urte dauzkat, eta badakit ez naizela errugbitik biziko. Frantziako ligan gehienez 600 euro ordaintzen dituzte, eta horrekin deus gutxi egiten duzu. Nire ibilbideko azken urteetan nago, eta argi daukat Garazi Baigorriko [Nafarroa Beherea] errugbi taldean jokatu nahi dudala nire azken denboraldia.

ASBko zuzendaritzak erabaki du Elite 1 mailako taldea lehiatik kentzea. Zer iritzi duzu?

Pena handia izan da, urte askotako lana kolpe batean pikutara bota delako. Egia da aurten muskulazio gela bat eta prestatzaile fisiko bat jarri dituela klubak, baina iruditzen zait berantegi iritsi direla, neskek motibazioa galdu dutelako. Ea norbait prest den neskak hartu eta sasoia ongi bukatzeko.

Baionako Aviron, adibidez?

Aukera bat izan daiteke. Bada denbora bat neskekin hitz egin ez dudala, eta ez dakit sobera haien ideiak zeintzuk diren. Baina, potentzialki, Baionako Aviron bada nesken taldea hartzeko gaitasuna duen klub bat.

Berria den zerbait ikusi eta probatzeko gogoa zenuela esan duzu. Aurkitu duzu hori Eibarren?

Bai, plazerarendako ari naiz jokatzen eta. Denboraldi berrirako hori behar nuen: maila apur bat apaldu eta erronka berri bat. Horrek motibatu nau Eibarrera etortzeko.

Alderik nabaritu duzu Frantziako Elite 1 mailaren eta Espainiako Ohorezko Mailaren artean?

Jokoaren abiaduran batik bat. Frantziako gorengo mailan abiadura aise handiagoa da, eta kontaktuak ere gogorragoak dira, neskak handiagoak direlako. Teknikoki ere bada aldea, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako neskek urte gehiago daramatelako jokatzen: lehenagotik hasten dira errugbia probatzen. Baliabide gehiago daude.

Arlo teknikoaz eta taktikoaz ari zarela, Eibarren zer analisi egiten duzu?

Oraindik lan dezente egiteko dago. Badauzkagu maila altuko jokalariak, baina oraindik ez dugu erabat lortu talde gisa jokatzea. Hori falta zaigu partidak ondo irabazteko. Hala ere, uste dut badugula aukerarik oraindik ligan.

Zer partida espero duzue Sant Cugaten etxean?

Sentsazio onak berreskuratzea da lehendabiziko asmoa. Gure sistema berriz ezartzea, eta partida on bat egitea. Badira bizpahiru partida ez dugula gure jokoa egitea lortu, eta hori garrantzitsua da, garaipena lortzearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.