Sokatira. Lur Gaineko Munduko Txapelketa. Jose Antonio Goirigolzarri. Gaztediko tiralari eta entrenatzailea

«Beti lehiatzen gara gogoz, baina motibazio berezia da ofizialtasuna»

Nazioarteko hainbat txapelketatan parte hartua da Goirigolzarri, Gaztedi Laukizko taldearen entrenatzailea. Gaurtik igandera, euskal selekzio ofizialaren entrenatzaile gisa ariko da Munduko Txapelketan.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2014ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Gaztedi taldearen entrenatzailea da Jose Antonio Goirigolzarri Litri (Gatika, Bizkaia, 1960). Zortzi talderekin joan da Gaztedi Munduko Txapelketara, kluben arteko lehiara, eta bost taldek ordezkatuko dute selekzioa. Gogoz dago, eta ziur da ondo aritu beharko dutela dominaren bat lortzeko.

Sokatiraren inguruan jende gehiago biltzeko balio al dute nazioarteko lehiaketek?

Ezinbestean. Azkenean, beste nazio batzuen aurka lehiatzea da kirol honek duen pizgarri ia bakarra. Lau talde daude Euskal Herrian, eta, horrela, ezinezkoa da txapelketa lehiakor bat egitea.

Euskal Herrian hain talde gutxi egoteak zaildu egiten al du nazioartean lehiatzea?

Asko igartzen da. Hemen ere zortzi edo hamar talde baleude, gure maila asko igoko litzateke nazioartean; emakumezkoetan, are gehiago. Baina Euskal Herrian ez dago talderik. Gurekin ari dira entrenatzen, baina ez dute liga propiorik. Eta ez da gauza bera gizonezkoen aurka lehiatzea edo euren artean aritzea.

Jendeak pentsa dezake Euskal Herrian asmatua dela sokatira, baina nazioartean ere sokatirarako tradizio handia dago.

Maila eta tradizio handia dago. Herbehereak, Suitza, Ingalaterra, Irlanda... Gureak baino askoz gogorragoak dira haien ligak. Ez da gauza bera talde gogor asko dituen liga batean aritzea edo, ondo prestatuta ere, indartsuak bat edo bi diren batean ibiltzea.

Zer-nolako irudia dute euskal tiralariek nazioartean?

Aurkari indartsutzat gauzkate. Lehiaketa guztietan lortzen dugu dominaren bat. Hainbat talde eramaten ditugu; normalean, maila onekoak. Orain ere hiru klub goaz; laurogei bat lagun guztira.

Zer egin dezake sokatirak zaleak erakartzeko?

Hedabideei itzuliko nieke galdera hori. Zer egin dezakete komunikabideek sokatira eta bestelako kirol txikiak zabaltzeko? Zenbat eta informazio gehiago izan eta gehiago agertu komunikabideetan, orduan eta jende gehiago bilduko da kirol hauen inguruan.

Sokatira berriro ere olinpiar kirola izango balitz, mesede egingo lioke zabalkundeari?

Dudarik gabe. Horrek asko aldatuko lituzke gauzak. Gutxi gara, eta ez dakit posible izango den. Zaila izango da berriz ere olinpiar kirola izatea. Dena den, dagoen moduan dagoela, polita litzateke sokatira bultzatzea. Adibidez, lehen, arraunean ez zen hainbeste egiten. Orain izugarrizko oihartzuna du, hainbeste kamera, telebista eta besterekin. Olinpiar izan gabe ere, lortu dituzte zabaltzeko beste bide batzuk.

Talde mailan zein helburu dituzue Gaztedin?

580 kilotan uste dut aukera dezente dugula; 640 kilotan, berriz, hainbeste ere ez, agian. Mistoa ere txukun arituko dela espero dut. Emakumezkoak ez dira lehiatu Euskal Herrian, baina ondo entrenatu dira, eta ondo arituko direla uste dut.

Selekzioen lehia izango da gero, bi egunez, eta klubek ordezkatuko duzue euskal selekzioa.

Denok elkarrekin egin beharko genituzke entrenamenduak selekzio bat bere horretan izateko, eta gaur egun ez da gertatzen horrelakorik. Euskal Herriko Txapelketa irabazten duena joaten da selekzio moduan. Euskal selekzioaren ikurrekin parte hartzen du, ez klubarenarekin, baina kluba da, azken finean. Beharraren arabera, hori bai, taldea indartu daiteke beste talderen bateko kideekin.

Berezia izango da aurtengo Munduko Txapelketa: lehen aldiz ofiziala da euskal selekzioa.

Ilusio handiarekin gaude denok. Beti lehiatzen gara gogoz, baina motibazio berezia da ofizialtasuna.

Ofizialtasuna orain iritsita ere, iraganean hainbatek eta hainbatek egindako lanaren ondorio da hau guztia, ezta?

Denon lanaren fruitua da, bai: lehen zeuden taldeena, orain gaudenona... Denona. Batzorde bat ere aritu da lanean, zortzi lagunek osatutakoa, eta lan handia egin du: bidaia asko, ordu asko negoziatzen... Horien lana ere ezinbestekoa izan da honaino iristeko. Luzea eta zaila izan da prozesua. Behin baino gehiagotan burumakur itzuli izan dira bileretatik, gustukoak ez direnak entzunda.

Aurrerantzean herri kirolen Espainiako federazio bat sortuko balitz, zer gertatuko litzateke euskal selekzioarekin?

Inork ez daki zer gertatuko litzatekeen kasu horretan. Oraingoz, geureari eutsi behar diogu guk, horrelakoetan pentsatzen hasi gabe. Gauzak nahasten hasiko dira bestela, eta ez zaigu komeni. Hobe da gertaerak ez aurreratzea. Alde horretatik mugimendurik izaten bada, dagokion garaian emango diogu erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.