Augusto Ibañez, 'Titin III.a'. Pilotaria

«Beti izango dut pilota bat patrikan»

Ez du urtebete ere iraun kantxetatik kanpo, eta herriz herri dabil festetako partidak jokatzen. Batetik bestera, maila ezberdin batean ari bada ere, ez du galdu hainbeste urtean erakutsi duen lehiakortasuna.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
San Mateo feria amaitzean pilota utziko zuela esan zuen, eta, profesional mailan erretiroa hartu bazuen ere, Augusto Ibañez Titin III.a (Tricio, Errioxa, Espainia, 1969) kantxetan da berriro. Garfe enpresarekin ari da herri txikietako festetan jokatzen, baina partidaren azken tantoa aurrena bezala jokatzen jarraitzen du.

Ia urtebete igaro da pilota profesionala utzi zenuenetik. Nolakoa izan da zure bizitza?

Oraindik, sarri pentsatu behar izaten dut ez naizela pilotaria. Kantxetako lagunen, taldeko giroaren edo eguneroko entrenamenduen falta sumatzen dut askotan, baina pilota bizitzen jarraitzen dut, kanpotik bada ere.

Baina zuriz jantzi zara berriz. Zergatik?

Berriz ez nuela jokatuko pentsatu nuen, baina hala egokitu da. Profesional aldia amaitu nuen, eta orain beste maila batean ari naiz. Garfetik deitu zidaten, eta festetan jokatzeko aukera eman. Aspaldi ez nuen jokatu Errioxako herri hauetan, eta garai zaharrak oroituz nabil. Eskuak ongi ditut, eta gustura ari naiz. Asko, gutxi edo ezer ez jokatu, beti izango naiz pilotaria, eta, gorputzak uzten duen bitartean, pilotaz gozatzen saiatuko naiz.

Batera eta bestera, zenbat partida jokatu dituzu uda honetan?

Egia esan, ez dakit. Asko izan dira, baina festetako partidak direla kontuan hartuta, normala da hainbeste jokatzea.

Hainbeste partidarekin, gorputza errekuperatzen da?

Orokorrean, udan gustura aritzen naiz; beraz, ez zait gogorra egiten. Dena den, beste maila batean ari naiz, eta desberdina da. Hala ere, atseden hartzen saiatzen naiz, baina adinak ez du barkatzen!

Profesionaletatik zuen mailara, non dago aldea?

Materiala, pilotarien arteko lehia, pilotalekuak... Ezberdinak dira. Frontoi batzuk hobeak dira beste batzuk baino, baina desberdinena materiala da, eta gure arteko lehia.

Eta presioa?

Presioa txikiagoa da, baina beti irteten naiz irabaztera. Profesionaletan, partida txar bat eginez gero, badirudi gauzak gaizki egiten ari zarela. Guk ez dugu presio hori: partida txar bat egin arren, hurrengo egunean berdin-berdin jokatuko dugu. Baina gure arteko lehiakortasuna ez digu inork kendu! Kantxara irtetean, denok iritsi nahi dugu 22ra, eta, festetako partida izan arren, dena eman behar da. Saiatzen gara gure onena ematen; ikuslea ez dadila aspertu.

Nola hartzen zaituzte ikusleek?

Jendeak oso ongi hartzen gaitu; festa giro hori oso polita da pilotariarentzat. Herria festetan dagoenean, ikusleak ongi pasatu nahi du, partida polit bat ikusi, eta beti animatzen dute pilotaria. Baina horrek ez du esan nahi gaizki ari zarenean ez dutenik ulertzen! Orokorrean, pilota zaleak beti ematen du babesa, ez du sekula partida txarrik egiten.

Zaleak zu ikusteko gogoz daude oraindik. Harritu zaitu?

Egia esan, bai. Herri txikietan, gogoan dituzte orain 20 urteko partidak, eta pilotalekura joaten dira berriro ere. Uste nuen dagoeneko apur bat nekatuta egongo zirela ni hainbeste ikusteaz, baina ez. Lotsa ere ematen dit zenbat jende joaten den ikusteak.

Nolako ikuslea izaten da?

Nahasketa dago. Gazte zein heldu, festa giroan joaten dira frontoira. Pilota ulertzen duen jende heldu asko hurbiltzen da, baina gero eta gazte gehiagok daki gaiaren inguruan.

Titin gabeko aurreneko sanmateoak izango dira aurtengoak...

Etorriko dira beste batzuk. Publiko gisa joango naiz, harmailetan zer giro dagoen ikustera. Pilotariak erretiratu egiten dira, baina feriek jarraitu egin behar dute.

Noiz arte ikusiko zaitugu frontoian?

Ez dakit. Orain ezin dut data jarri. Afizionatuetan edo frontoi ertzean, beti izango dut pilota bat patrikan, haurra nintzenean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.