Agur gozo eta gaziak daude bizitzan. Gaziak beti arte kamuflatuak izan ohi dira maiz; gozoak, aldiz, gero arte ez esateko eufemismo bat. Iker Muniainek eta Athleticeko zaleek gaur esan diote agur elkarri, eta gehiago izan du gozotik gazitik baino. Kapitain historikoa izan denak eta San Mameseko harmailan bildutako 25.000 zaleek besarkada kolektibo erraldoia eman diote elkarri. Malko baino barre gehiagoko ekitaldia izan da, eta katedralean bildutakoen artean inor ez litzateke harrituko etorkizunean, gertukoan edo ez hain gertukoan, Athleticen eta Muniainen bideak berriz gurutzatuko balira.
Muniainek 2004az geroztik bere habia izan duena uztea erabaki du, Athleticek eskain diezaiokeen baino futbol gehiago gelditzen zaiola sinetsita. Ekitaldian, beste elastiko bat janzteko baimena eskatu die zaleei, eta haiek lasai joateko esan diote, dioten maitasuna inoiz ez duelako galduko. Zurrumurruak egia badira, urrun jarraituko du bidea, eta ia ezinezkoa izango da Athleticen aurka jokatzea. Dena den, Jon Uriarte presidenteak hitzak jarri dizkie Athletic familia osoaren sentimenduei: «Beti izango zara ongi etorria; hau zure etxea da».
«Azken hilabetean ia egunero egin dut amets gabarrarekin. Egun hartan, mundu guztiari erakutsi genion zein handia den Athletic».
IKER MUNIAIN Athleticeko jokalaria
Athleticek agur ekitaldi dotorea antolatu du, erdilari nafarrak taldean utzi duen arrastoaren tamainakoa. Traje eta gorbatarekin zelairatu da, bi seme-alabak eskutik hartuta. Athleticen azken bi hamarkaden ikurra izan denak denetarik bizi izan du: final galdurikoetatik eta mailari eusteko komerietatik; Europako bide luzeetara, bi Superkopak eta Sevillako azken finaleko estasiraino. Azken garaipen hori liberazio bat izan dela onartu du Muniainek, «zama» bat kendu zuela, eta hura lortuta lasaiago utziko duela taldea.
Lasai utziko du kuadrilla, eta ez bakarrik koparengatik: «Badakit taldea esku onetan uzten dudala», esan dio Iñaki Williamsi. Besokoa erantziko du, baina oinordeko onak ditu. Oskar De Marcosen etorkizuna argitu bitartean, Iñigo Lekueren eta Iñaki Williamsen besoak estaliko ditu zapi ikurrindunak. Agur ekitaldian ere hura izan da lotura. Hitza hartu duten gehienek baitzeramaten ospakizunerako espresuki eginiko besoko omenezkoa.
20 urteko ibilbidea
Agur ekitaldiak atzera begiratzeko aukera dira, eta Muniainen ibilbidearen errepasoa egin dute. 559 partidak askorako eman dute, eta ibilbide luzeaz harro agertu da mitoa: «Pribilegio bat izan da Athleticen jokatzea; batez ere, belaunaldi ezberdin askoren aurrean jokatzeko aukera izan dudalako». Alboan izan ditu lehen taldeko kideak, zuzendaritzakoak eta taldekide izandako jokalari ugari. Bere entrenatzaile ohien zorion mezuak jaso ditu —Marcelo Bielsa ez beste guztiena—, baita Joaquin Caparrosen besarkada estua ere. Muniainek bere esker ona adierazi dio 2009. urtean 16 urteko nerabe bat lehen taldera igotzeko ausardia izateagatik.
Euskarak presentzia urria izan du agurrean. Muniain ez da euskal hiztuna, eta gonbidatu guztiek gaztelerara jo dute. Euri jasa galantak ere ekitaldia behar bezala entzun zedin zaildu du une batzuetan. Muniainek orbain handi bana du belaun bakoitzean, lesioek gogor erasan diote, eta berak onartu du ikasgai handi izan zirela. «Bi belaunak hautsi nituen, eta kanpoan ikusi nuen neure burua. Halakoetan baloratzen duzu zein handia den jokatzen igarotzen duzun segundo bakoitza».
Esan bezala, baina, agurrak gehiago izan du gozotik gazitik baino. Garaipenek tarte handia izan dute ekitaldian. Irabazitako bi Superkopei garrantzi handia ematen diela nabarmendu du, «inoizko zailenetakoak» izan zirelako. Trofeoen zerrendan, baina, Espainiako Kopak txoko berezia izango du Muniainen oroitzapenean, eta gabarraren eguna ekarri du gogora: «Egun hartaz geroztik, ia egunero egiten dut amets ospakizunarekin. Surrealista izan zen, izugarria. Egun hartan mundu guztiari erakutsi genion zein handia den Athletic».
Etorkizunaz ez da mintzatu, agian ez zen abagunea, baina mezu argia utzi zuen: «Beti egongo naiz inguruan, hau nire etxea da. Behar banauzue, dei nazazue, eta arrapaladan etorriko naiz». Partiden ostean ohikoa denez, zaleek eta jokalariek Txoriak txori abestuz elkar agurtu zuten.