Oikiako (Zumaia) lantegi batean lan egiten du Mikel Arostegik (Orio, Gipuzkoa, 1984), San Pedroko entrenatzaile berriak. Bertako pilotalekura azaldu da lantegitik, eta hango harmailetan erantzun die galderei.
Arraun munduan ezustea izan da San Pedrok zu aukeratu izana datorren denboraldiko entrenatzaile. Zuretzat ere hala izan da?
Bai. Sekulako ilusioa egin zidan eskaini zidatenean, eta ezustea izan zen niretzat ere.
Aspaldiko kontua da eskaintzarena?
Nahiko berria da. Astebeteko gorabehera izan da, eskaintza jaso, pentsatu eta onartzea.
Eskaintza jaso eta segituan zein izan zen zure lehen erreakzioa?
Antxon Corman presidenteak deitu zidan, eta esan Aitor Baldaren erantzunaren zain zeudela, baina zalantzak zituela. Esan zidan Baldak ezezkoa ematen bazuen ea nik hartuko nuen ardura. Ez nuen asko pentsatu, eta baiezkoa eman nion.Beti izan dut gogoa entrenatzaile izateko, eta aukera eman didatenean ezin, bada, ezetz esan.
Batere esperientziarik ez duzu entrenatzaile lanetan?
Ezta batere. Umeekin-eta ez naiz inoiz ibili.
Presio handitxoa ez al da hasiberri batentzat San Pedro bezalako talde batean hastea, eta, gainera, San Miguel ligan?
Bada presioa, bai. Gainera, traineru erdiak alde egin du, eta jendeari deika nabil, ahal dena osatu nahian. Aurtengo Kontxarako sailkatze estropadako taldetik bost arraunlari joan dira.
Deika ibili beharra nola daramazu?
Gogorra ari zait egiten. Baina hori tokatzen da, eta egin egin behar. Bigarren ontziko arraunlariak ere hor dauzkagu, dena dela, eta horiekin ere osatuko dugu ontzia.
Telefonoa eskuetatik kendu eta entrenatzen hasteko irrikaz zaude orduan.
Jakin nahi dudana da zein eta zenbat arraunlari egongo garen.
Arraunlari ere izango zara?
Bai.
Nolako entrenatzailea izango da Mikel Arostegi?
Entrenatzaile asko izan ditut, eta denetatik ikasi dut zerbait. Baina nigan arrastoa utzi dutenak Jose Manuel Francisco eta Jon Salsamendi izan dira; Astilleron izan nintzen biekin. Haien moldea gustatzen zait.
Bi entrenatzaile horiek erabiltzen duten arraun egiteko era erabiliko duzu?
Gustatzen zait, baina lehendabizi ikusi egin behar dut nolako taldea osatzen dugun. Baina uste dut aurten arraun egin dugun antzera egingo dugula.
Ardura sentitzen hasi zara entrenatzaile zarenetik?
Bai. Arraunlari gisa beti sentitu izan ditut asko estropada ondorengo uneak, hau zergatik gertatu zaigun eta zergatik ez. Orain bikoiztu egingo zait egoera hori, eta arraunlariekin hitz egin beharko dut honetaz eta hartaz. Denak bide beretik eramatea nire ardura izango da.
Arraunlari moduan, zer nahiago: entrenatzaile gogorra tratuan ala biguna?
Bietatik. Gustatzen zait gauzak garbi esatea hasieratik, gezurrik gabe. Unean bertan mingarria izango da hori entzun beharra entzun behar duenarentzat, baina luzera, hobea.
Ez al dago zalaparta handiegia San Pedro barruan azkeneko urteetan?
Hala da, bai. Gorabehera handiko kluba da azkenaldian. Ni hasi nintzenean bertan, 2011n, pare bat urte lasaiak izan genituen garai horretan, baina harrezkero beti bada zerbait. Hauek utzi behar dutela, bestea ez datorrela... Ezin egonkortuta gabiltza. Iaz, Aitor Balda etorri zen, eta Isidoro Sistiagak egin zuen taldea; hura ibili zen deika arraunlariei. Osatu genuen azkenean, eta urtea salbatu dugu. Baina orain antzera gaude. Gazteak igo beharko ditugu, eta ez da egoera onena gehiegi batera igotzea, baina hala beharko du. Hobe da pixkanaka igoz joatea, baina ezin bada, dagoenari heldu beharko zaio.
Tokitan dago datorren urteko traineru denboraldia, baina, kontatzen ari zarena kontatuta, mailari eustea izango da helburu bakarra?
Horixe besterik ez daukat buruan. Helburu hori lortuz gero, gustura geratuko naiz.
Berria izanik, baduzu kezka gauzak oker joanez gero zuri begiratuko dizutela erantzule gisa?
Arrisku hori beti dago. Ni saiatuko naiz nire partetik dena ematen, eta gero ikusiko dugu iristen naizen edo ez. Entrenatzaile denei pasatzen zaie gauza bera.
Hortik pasatzeko hasi egin behar, baina...
Hori da. Orain onak direnek ere noizbait hasi egin behar izan zuten. Presioa gorabehera, handiagoa edo txikiagoa eduki, aurrera egin beharra dago.
Zeure burua ikusten duzu entrenatzaile gisa jarraitzen etorkizunean ere?
Aurtengo esperientziaren araberakoa izango da hori. Ahal den onena egin nahi dut.
Arraun munduko lagunek eskaini al dizute laguntzarik?
Batzuek deitu didate, bai. Aitor Balda bera prest dago laguntzeko, adibidez.
Orioko beste entrenatzaile bat San Miguel ligan. Bost izango zarete datorren denboraldian: Jose Luis Korta Kaikun, Mikel Orbañanos Hondarribian, Jon Salsamendi Urdaibain, Aizperro Orion eta zu San Pedron.
Hala da, bai. Normala da. Orion ikaragarri bizi da arrauna, eta arraunlariak beti izango dira. Ez da beste klub eta leku batzuetan bezala. Hainbeste arraunlari izanda, normala da entrenatzaileak ere asko ateratzea.
Arrauneko entrenatzaile izateko ez al dira aldagai denak erabateko zehaztasunez zaindu behar?
Bai, eta, azkenean, aldagai guztiek ondo uztartuta egon behar dute. Nahikoa da pixka bat mugitzea gauza zeharo okertzeko. Baina puntua harrapatuz gero, gauzak bikain atera daitezke.
Abilezia berezia omen duzu traineru barruan joan eta nola doan sentitzeko.
Arraunlari askok daukate abilezia hori. Niri beti gustatu izan zait hori sentitzea, eta laguntza ona da entrenatzaile izateko. Gero, kanpotik trainerua nola jarri behar den joango naiz lantzen denboraren joanean, baina orain, hasieran, garrantzitsuena izango da ontzia sentitzea, nola doan eta hori dena.
Taldekide izandakoen entrenatzaile izango zara orain, eta esan beharko dizkiezu entzun nahi ez dituzten gauza batzuk. Prest horretarako ere?
Ondo ikasita eta ikusita nago zer den halakoak entzutea; niri ere gertatu izan zait. Badakit arraunlariari nola esan behar zaizkion gauzak, eta halaxe esango dizkiet esan beharrekoak.
Mikel Arostegi. San Pedroko entrenatzailea
«Beti izan dut gogoa entrenatzaile izateko»
San Pedro izan da entrenatzailea lotzen azkena San Miguel ligako taldeen artean. 'Libia' traineruaren tostetan aurkitu du: Mikel Arostegi oriotarra. Hark beteko du Aitor Baldaren lekua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu