Miguel Angel Lotina. Futbol entrenatzailea

«Beti bihotzari egin diot kasu; gustatuz gero proposamena, aurrera egin dut»

Zazpi urtez etxetik urrun lan egin eta gero, Miguel Angel Lotina «atseden» hartzen ari da sasoi honetan. Futbol «asko» ikusi du azkenaldian: «Euskal entrenatzaileena ikaragarria da».

MONIKA DEL VALLE/ FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Miguel Angel Lotina (1957) Meñakarra da (Bizkaia), eta herri horri erabat lotua sentitzen den arren, munduko zenbait txokotan egin ditu azken urteak, Qatarren eta Japonian, esaterako. Hango entrenatzaile lanak utzi, eta gertukoez gozatzen ari da sasoi honetan. Tarte bat hartu, eta bere ibilbideaz mintzatu da.

Egun, zertan ari da Miguel Angel Lotina?

Atseden hartu behar dudala uste dut. Zazpi urtez jarraian beharrean ibili naiz. Koronabirusak errua izan du, apur bat: Japonian egon naiz, eta lagunek ezin izan dute joan, familiak ere ez... Bi urteak apur bat gogorrak egin zaizkit, eta haiekin egotea pentsatu dut. Gozatu, etxekoez eta lagunez.

Gozatzen ari zara orain, beraz?

Bai, gauza txikiez. Lagunekin egon, familiarekin: anaia asko ditut, ni baino zaharragoak direnak, eta haiekin egoteko aprobetxatu egin behar da denbora. Meñakaz gozatzeko, Bilboz gozatzeko... Logroñon ere asko egoten naiz [Espainia]; urte askoan bizi izan naiz han. Lehen normalak izan diren gauzak, baina aspaldian ez ditudanak gozatu.

Bitartean, futbola asko ari al zara ikusten?

Bai. Telebistaz, dena. Footters ere badaukat, RFEF mailako ligak ikusteko. Dena ikusten dut: Lehen Maila, Txapeldunen Liga,Premier League. Estadio handietara joatea ez zait gustatzen, baina Lezamara joaten naiz, Amorebieta eta Bilbao Athletic ikustera. Logroñon ere egon nintzen Logroñes-Bilbao Athletic ikusten...Gustura naiz.

Zazpi urte egin dituzu etxetik urrun: bi Qatarren, eta bost Japonian. Zer moduzko esperientziak izan dira?

Onak. Qatarren ondo egon nintzen ni; gauza baten faltan nuen: ez dute pasio askorik bertako futbolarengatik. Denak hemengo ligako taldeetakoen Ingalaterretakoen, Bayern Munichen, PSGren... halakoen zale dira. Bertakoa ez dute asko segitzen. Japonian, alderantziz da: bertako taldeetakoak dira, eta hemengoa gutxiago segitzen dute. Orduarengatik batez ere, baina ez dute ikusten. Bertakoa bai: Lehen Mailan 25.000 lagun inguru joaten dira estadiora.

Kluben egitura ezberdina al da hemengoarekin alderatuta?

Japonian klubak babesleak dira, enpresenak. Hango liga orain 25 urtera arte afizionatu mailako txapelketa zen, enpresen artekoa. Gero, profesionalizatu zenean, enpresa indartsuek diru gehiago zuten, eta taldeak hobeak dira. Kluben antolakuntza ez sinestekoa da; pentsa, enpresa itzelenak dira, multinazionalenak. Bulegoetan 50 pertsona egoten dira lanean, antolatuta. Hemengo klub handien modukoak dira horretan, baita Bigarren Mailakoak ere.

Eta Qatarren?

Ezberdina da. Txikiagoak dira, jende gutxiagokoak. Xekeenak dira, eta jende gutxiago aritzen da. Erabat ezberdina da.

Euskal Herriko futbolarekin alderatuta ere bai?

Bai, hemen tradizio itzela dago. Europako futbola telebistan ikustea da Qatarren gustatzen zaiena; Japonian, ez. Ez zaie telebistan ikustea gustatzen, estadiora joatea jaia izaten da: familia guztia joaten da. Irabazten bada, ondo, baina ostera ere... Bidaiatu ere asko egiten dute; hegazkinean, trenean... Zaleak ezberdinak dira.

Esperientzia onak izan direla esan duzu. Berriz kanpora joatea aukera bat da?

Bai, deitzen naute: Saudi Arabiatik, Emirerrietatik... Japonian ere segitzeko aukera nuen. Urtebete atseden hartu, eta berritu egin nahi dut. Gero, ea gorputzak zer esaten didan. Pasioa baldin badut segitzeko, eta proposamena gustatzen bazait, aurrera. Bestela, lasaiago egongo naiz.

Zerrendatu dituzun herrialde guztiak urrunekoak dira. Euskal Herrian edo Espainian entrenatzeari ateak ixten al dizkiozu?

Egia esan, nik Espainian ez dut ordezkaririk. Beste herrialdetarako daukat. Ez du funtzionatzen, eta ez dut gura. Hemen ez da erraza nik lanerako aukera bat izatea; gertatzen bada, begiratuko dut zer den. Aukera gutxi daude orain, eta ordezkariek mugitzen dutenez futbola...

Futbol asko ikusten ari zarenez gero, nola ikusten dituzu euskal taldeak?

Inoizko ondoen, eta uste dut entrenatzaileengatik dela. Athletic, Reala, Alaves, Osasuna eta Eibar, baita Amorebieta ere. Ez dut gogoratzen lehenago halakorik: talde bakoitzak beretzat onena den entrenatzailea dauka. [Jagoba] Arrasatek Osasunan egiten duena ikaragarria da; [Jose Luis] Mendilibar denok dakigu nor den; Realean behar itzela egiten ari dira, Gaizka Garitano ere bikain... eta Marcelino [Garcia Toral] entrenatzaile oso ona da. Horregatik diot inoizko ondoen daudela. Futbola ezberdina da, bakoitzak bere estiloa du, baina ondo ari dira beharrean.

Zein da euskal entrenatzaileen garai onaren sekretua?

Galdera hori egin izan didate, eta uste dut izaera dela. Gure hezkuntza etxekoa da, herrikoa. Nik beti esaten dut etxeko hezkuntza zein izan dudan: aita eta ama egun guztian beharrean ikustea. Adibide onak izan dira, eta hori da hezkuntza onena, ikusitakoa ikastea. Euskal Herrian ona eduki dugu, oro har.

Zeuk esan dituzu izenak: Imanol, Arrasate, Mendilibar... Bakoitzak bere estiloa badu, zertan dira berdinak?

Estiloa bakoitzak bizitakoaren arabera da. Xabi Alonsok, esaterako, talde handietan jokatu du, eta [Josep] Guardiolarekin egin ditu azken urteak. Horrek markatu egiten du; Mendi edo neu Sestaon, Logroñesen... ibili gara, talde txikiagoetan. Ezberdina da. Zer dute ona entrenatzaileek? Egun, gauza bat dute ona: Internet. Han dago dena. Gauza txarrak asko izango ditu, baina hobetzeko oso garrantzitsua da. Ni hasi nintzenean gauza gutxi genuen: hiru edo lau liburu, ikusitakoak... Orain, nik etxean ikus ditzaket partida guztiak: oraingoak, orain hamar urtekoak... Baita Bayern Munichek edo Manchester Cityk atzo zer entrenamendu egin zuten ere. Informazio hori dena badago; zer egiten duten, eta zertarako. Entrenatzaileak gauza bi behar ditu: esperientzia, eta norantza jo nahi duen. Aukera ezberdinak daude hor, eta bakoitzak ikusten du. Askotan esaten da futbolean dena asmatua dagoela, baina ez: kontzeptuak daude asmatuta, baina zer egin behar duzun ez. Pertsonekin lanean ari denak, beti du zerbait asmatzeko. Bakoitzak bere aukerak ditu.

Egun, joko ona emaitzen gainetik jartzen al da?

Joko ona egiten duenak, normalean, irabazi egiten du. Orain, eztabaida da: zer da joko ona? Jende askorekin hitz egiten dut. Tokea, eta tokea da hemengo ligan. eta Ingalaterrakoa joko zuzenagoa da. Estilo ezberdinak dira. Hemengo ligak Bartzelonaren tokeko jokoa du, influentzia hori dute talde askok, baloia atzetik aterata. Ondo dago hori, baina jendeak zer nahi du? Jendeak nahi duena da «uuuuuuii!!!» edo «goooool!», arean ibiltzea. Bestela, aspertu egiten da. Gol aukerak lortzen badituzu, baloia ondo jokatuta, jendeari gustatzen zaio. Baina, asko ukitu, eta ez bazara beste areara ailegatzen, eta aukera bat edo bi besterik ez badituzu izaten... Jendeak nahi du ondo jokatzea, baina areatan aukerak sortuz. Eztabaida dago hor.

Zu futbolari zinenetik asko aldatu da jokatzeko era, ezta?

Bai, bai. Asko hobetu da futbola:dena, gainera. Lehenik eta behin, epaileena. Jendeak esango du: «Zer dio honek?», baina nik jokatzen nuenean arbitrajea desastre bat zen. Talde gehienek irabazi egiten zuten etxean, eta kanpoan galdu. Hori ez da normala. Beste gauzak ere asko aldatu dira; arlo medikua, errekuperazioarena, elikadura... Asko hobetu da, eta hobetzen ari da. Baita entrenatzaileena ere.Lehen defentsak baloia jo, eta gora egiten zen.

Numantzian egin zinen ezagun; izan jokalari, nola entrenatzaile gisara. Asko zor diozu talde horri?

Bai. Lau urte izan ziren. Kanporaketak jokatu genituen, [Espainiako] Kopan, eta Lehen Mailako hiru talderi irabazi genien. Bartzelonaren kontra jokatu genuen... Lehen Mailara ere igo genuen Numantzia, historian lehendabiziko aldiz. Hortik aurrera egin nintzen ezagun entrenatzaile modura.

Talde asko igaro dituzu entrenatzaile gisa. Zeintzuk izan dira zure garairik onenak entrenatzaile gisara?

Jendearentzat, agian, [Espainiako] Kopakoa. Espanyolegaz irabazi nuen, eta niretzat oso berezia izan zen. Bizkaitarrentzat, Athleticeko jarraitzaileentzat, beti izan da berezia Kopa. Umea nintzela pentsatu ere egingo ez nukeen zerbait da. Hori bai, niretzat momenturik onenak beste bi izan dira: Numantziarekin eta Osasunarekin lortutako igoerak.

Kopako garaikurra ez?

Kopakoa... Begira, aurtengo finala Betis-Athletic baldin bada, ni Vicente Calderonen egon nintzen 1977an, 20 urterekin. Bi talde horiek jokatu zuten finala, eta ikustera joan nintzen. Beti esaten dut: orduan egin nuen lehen aldiz negar futbol zelai batean. Ez nuen pentsatu ere egiten Athleticek finala galdu egingo zuela. Ez da izan aldi bakarra. Baina lehenengo aldia hura izan zen. Ea orain ere [final hura] errepikatzeko modua dagoen.

Espanyolekin Kopa irabazi zenuen; Celta Txapeldunen Ligarako sailkatu; Deportivo eta Espanyol UEFArako... Horiek guztiak lortu, eta Numantziaz eta Osasunaz oroitzea ez al da bitxia?

Bai, baina hori sentitzen dut. Nik ulertzen dut Celta Txapeldunen Ligara sartzea, edo Espanyolegaz kopa irabaztea, jendeak aurretik jartzea, baina ni momentu politetan, besteekin gogoratzen naiz.

Kontrara, sasoian zeu entrenatzaile izandako zenbait taldek maila galdu zuten [Realak, Logroñesek, Celtak, Deportivok eta Vila-realek]. Hori izango da ofizioaren alde garratza.

Bai, momentu txarrak ere bizi izan ditut. Egia da. Txarrena izan zen Deportivorekin jaistea: denboraldi guztian egon nintzen han, hasi eta bukatu. Momentu txarrak izan ziren.

Jaitsiera horiek izan ziren zure ibilbideko arantzak?

Bai, bai. Deportivon, esaterako, nigaz jendea oso ondo portatu zen: Lendoiro ere bai [Augusto Cesar,presidente ohia]. Zaleak, prentsa... Lau urte egin nituen han, eta oso gustura egon nintzen klubean.

Gauza onek eta txarrek balio ei dute ikasteko.

Bai. Lehenengoz Japoniara joan nintzenean, hango presidenteari galdetu zioten ea zergatik fitxatu ninduten ni. Eta esan zuen: «Bere historia gustatzen zaigu. Lorpen asko ditu, baina porrotak ere bai. Niri gustatzen zait jendeak gauza onak eta txarrak edukitzea. Jendeak gauza onak bakarrik baldin baditu, ez zait gustatzen; eta txarrak bakarrik baldin baditu, ezta ere». Hori entzun nuenean, pentsatu nuen: «Kontxo! Egia da hori». Esperientziak denetarikoak eduki behar dira; bai onak, eta baita txarrak ere.

Noiz egongo da Miguel Angel Lotina berriz ere aulkitxo batean eserita?

Tira, proposamen ona dudan batean. Horren zain egongo naiz. Nik beti bihotzari egin izan diot kasu: talde batek deitzen ninduenean, proposamena gustatzen bazitzaidan, aurrera. Ez bazitzaidan gustatzen, atzera egiten nuen. Orain, esan bezala, lasai nago, eta buruari ere egiten diot kasu, ez bihotzari bakarrik. Familiarekin egon nahi dut; proposamenak ailegatu zaizkit, baina ezetz esan diet entzun ere egin barik. Kanpoan izan dira, eta hemen ondo nago. Hilabete batzuk barru, demagun, Hego Koreatik deitzen nautela? Bada, ez dakit, orain ezin dut esan. Gauzak apurka-apurka egingo ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.