Euskal Herriko Itzulia. A zer parea... Xabi Zandio eta Juanjo Oroz

Beti berandu

Nafarrak dira biak. Oso irekiak eta lagunak biak. Eta aita dira biak. Zaila da Xabi Zandio eta Juanjo Oroz elkartu eta barreari bi minutu baino gehiagoz eustea. Bizikletatik jaitsi, eta erritmo bizi-bizia jarrita aritu dira mingainari erreleboka.

Xabi Zandio (Sky) eta Juanjo Oroz (Euskaltel-Euskadi), elkarri helduta. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Irurtzun
2012ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Puntualtasunaren izenean, ordu erdiko atzerapenarekin iritsi da Xabi Zandio (Sky) hitzordura. «Entrenamendu luzexeagoa neukan, barkatu!». Ohituta dagoela eta lasai egoteko erantzun dio Juanjo Orozek (Euskaltel-Euskadi). Biak baba dariola jarri dira aitatasunari buruz hizketan hasitakoan. Arerio gutxi edukiko dute tropelean eta tropeletik kanpo.

XABI ZANDIO: Aita izan berri zara, Juanjo. Zer da gogorragoa, txirrindularia izatea edo aita lanetan aritzea?

JUANJO OROZ: Zerorrek esan zenidan bizitza erabat aldatzen zela seme-alabaren bat jaiotzen zenean, eta hala izan da. Oihanek Euskal Herriko Itzulian bertan beteko du urtea, etzi. Egia esan, dezente aldatu zait egunerokoa, baina gogotsu jarraitzen dugu entrenatzen. Hori bai, lehen bezala eusten diogu puntualtasunik ezari.

X. Z.: Baina leku guztietara batera iristen jarraitzen dugu! Iruñerriko puntualenak gara gu; zehaztutako orduari gehitu ordu erdi inguru, eta hantxe egongo gara.

J. O.: Zureak hazten ariko dira jada, ezta, Xabi?

X. Z.: Josuk ekainean beteko ditu 6 urte, eta Junek irailean 5.

BERRIA: Zu, Xabi, atzerriko talde batera joan zinen orain bi urte, baina Juanjo, itxuraz, ez da ausartzen. Ingelesa izango da, agian, arazoa...

J. O.: Ez dakizu nolako azentua daukan jada!

X. Z.: Ez, ez. Arrastaka nabil, ahal dudan moduan. Pentsatzen dut zuri euskararekin gertatzen zaizun antzeko zerbait gertatzen zaidala niri ingelesarekin. Zuen kasuan euskara delako taldeko hizkuntza, ezta? Bide batez, zer moduz zu euskararekin?

J. O.: Euskararekin? Very good!

J. O.: Zuek alde ederra bai aginduak ingelesez jasota! Nahi duzuna ulertuko duzu eta nahi duzuna ez...

X. Z.: Lasterketetan nahiko ondo moldatzen naiz, eta meeting-etan ere bai. Baina...

J. O.: Meeting-ak? A, zuek ez duzue bilerarik egiten orduan?

X. Z.: Bizikletako kontuekin nahiko ondo moldatzen naiz, baina egunerokoan, mahaian hizketan hasten direnean, arazo gehiago izaten dut; asko kostatzen zait.

J. O.: Nabarituko da ingeles azentu bakoitzaren arteko aldea, ezta? Nik Ion Izagirreri edo Amets Txurrukari bakarka ulertzen diet. Baina Izagirre anaiak elkarrekin hasten direnean, edo Txurruka bere euskalkian hasten denean... Hori ulertuko duenik ez dago!

X. Z.: Nire moduan gutxi samar dakitenei primeran ulertzen diet, baina australiarrei, ingelesei, amerikarrei... Ezinezkoa da!

B.: Zer egiten duzue zuentzako denbora daukazuenean?

J. O.: Ia-ia ez daukagu denborarik guretzat!

X. Z.: Familiarekin egotea gustatzen zait niri. Iaz oso egutegi betea eduki nuen, eta aurten ere ia lasterketa guztietan lehiatzen ari naiz. Denbora asko pasatzen dugu etxetik kanpo, eta etxean nagoenean Ainhoarekin eta seme-alabekin gozatzea gustatzen zait.

J. O.: Horretan antzekoak gara. Niri ere etxekoekin egotea gustatzen zait; Sorogainera bazkaltzera joatea, adibidez. Komeni da tarteka burua freskatzea, eta ume bat edukita, are gehiago!

B.: Juanjo, zuri Xabiren zer ezaugarri gustatzen zaizu; eta Xabi, zuri Juanjoren zein?

J. O.: Gustatu? Zerbait asmatzen hasi beharko dut... [Barrez] Bere izaera aipatuko nuke. Edozer gauzarekin haserretzen da jendea, baina Xabi erabat bestelakoa da. Berandu noala-eta barkamen eske deitu, eta barrez lehertzen hasten da agian. Oso gertukoa da.

X. Z.: Juanjo ere nahiko jatorra da, ez pentsa! Izaera harrigarria dauka, zoragarria. Inoiz ez da inori buruz gaizki-esaka aritzen.

B.: Gustatzen ez zaizuen zerbait ere egongo da tartean...

X. Z.: Nire onetik ateratzen nau entrenatzen hasi eta mendateetan gora atzean uzten nauenean!

J. O.: Horixe bera esan behar nizun nik ere! Atzera begiratu eta barrez hasten da gainera, garrasika!

X. Z.: Galdera zaila da hori... Josuneri [emaztea] galdetu beharko diogu zer aldatuko lukeen...

B.: Entrenamenduetan zein izaten da taldeburua?

X. Z.: Taldeburua? Ez, ez. Karpets, Mentxov, Kiryienka, kolonbiarrak... Jende asko elkartzen gara, eta ez dago taldebururik. Oso harreman ona daukagu.

J. O.: Ez da arazorik egoten. Bakoitzak bere entrenamendu sistema edukitzen du, eta erabateko askatasuna egoten da.

B.: Zuen palmaresa aztertuta, lerro asko-asko ere ez dira behar garaipen guztiak zerrendan jartzeko.

X. Z.: [Zeharka begiratu dio kazetariari, eta, erdi barrez, barru-barrutik atera zaio biraoa].

B.: Posible da orduan taldeburuentzat lan eginez gozatzea?

X. Z.: Bai, bai. Nik argi daukat inoiz ez dudala irabaziko Paris-Niza, baina oso polita izan da taldekideak irabaz zezan lan egitea. Tourrean ere oso polita izan zen Oscar Pereiroren alde lan egitea. Horrela ere gozatzen da. Zure kasuan, Juanjo, Samuelekin [Sanchez] edo Igorrekin [Anton] antzeko zerbait gertatuko zaizu...

J. O.: Bai. Ederra izan zen Igor Antonekin Vuelta irabazteko zorian egon ginenekoa. Taldeburuak irabazten du itzulia, baina norberarentzat handia da taldeburua pozik egotea.

B.: 35 urte bete berritan, ez du ematen Xabik erretiroa hartzeko asmo handirik daukanik...

J. O.: Beste pixka baterako indarra badauka honek oraindik! Motor ederra dauka hor barruan.

B.: Nola daude kontratu kontuak?

X. Z.: Urtebeterako kontratua daukat. Baina ondo sentitzen ari naiz; eurak ere pozik daude, eta gutxienez beste urtebetez jarraitzeko arazorik ez egotea espero dut. Gogotsu nago. Orain jada urtez urte begiratu beharra dago.

B.: Zuk, Juanjo, 25 urte beteta egin zenuen debuta. Berandu samar...

J. O.: Bai... Txirrindularitza utzita egon nintzen urte eta erdi inguru, bizkarreko minagatik. Profesionaletara pasatu beharrean, bizikleta uztea erabaki nuen! Baina zortea eduki nuen gero, Oscar Guerrero zuzendaria nirekin gogoratu zelako. Bestela ez nintzen txirrindulari izango.

X. Z.: Eta begira orain nola dabilen!

J. O.: 35 urterekin, buruz oso gazte sentitzen da Xabi. Eta ni ere, 31 urterekin, 20 neuzkaneko ilusio berberarekin nabil. Entrenatzeko giroak ere asko laguntzen du.

X. Z.: Motibazioa oso garrantzitsua da. Caisse d'Epargneko azken bi urteetan nire egutegia ez zen oso ona, eta taldean gustura egon arren, baxu nenbilen motibazioz. Gertu ikusten nuen amaiera. Orain, ordea, egutegi polita jarri didate Skyn, eta gustura joaten naiz entrenatzera eta lehiatzera.

B.: Zein izan da orain arteko momenturik onena eta txarrena?

X. Z.: Bi urte horiek txarrak izan ziren. Lesioak, lasterketa oso onik ez... Gogorra izan zen. Onena, berriz, Burgosko Itzulia irabazi nuenekoa, 2005eko Tourra...

J. O.: Niretzat iazkoa izan zen momenturik zailena. Giroan eskumuturra hautsita egin behar izan nituen etapa batzuk. Izugarri sufritu nuen, eta psikologikoki asko kostatu zitzaidan momentu hura ahaztea. Onena, berriz, momentu txar hura ahaztu nuenekoa; negua iritsi, eta hausnarketa sakona egin nuen: 'Juanjo, nahi duzu edo ez duzu nahi?', galdetu nion neure buruari. Erreakzionatu egin nuen, eta gozatzen ari naiz berriz.

J. O.:Tira, Xabi, zorte on Itzulian, eta ea zure gurpilari pega-pega eginda, babesean joaten uzten didazun!

X. Z.: Bai, bai. Baina zuek lasai ibili jaitsieretan, gehiegi estutu gabe!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.