Puntista

Arai Lejardi: «Beti gabiltza berberak, eta gehiago daude jokatzeko prest; aukera eman behar zaie»

Lehenbiziko aldiz jokatu dute emakumezkoek Banakako Zesta-Punta Txapelketa, eta Arai Lejardi atzelari markinarrak irabazi du. «Guretzat, beste aurrerapauso bat da».

(ID_13480602) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-01-09, Markina. Arai Lejardi, zesta puntako buruz buruko txapelketaren irabazlea
ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko urtarrilaren 11
05:10
Entzun

Kate luze batean beste katebegi bat da Arai Lejardi (Markina-Xemein, Bizkaia, 2007): haren aita, osaba eta aitona AEBetan aritu ziren zesta-puntan, eta ahizpa ere puntista du. Zesta-puntarako pasioa transmititu diote guztiek. Pasioz bizi du hark ere.

Lehen aldiz jokatu dute emakumezkoek Banakako Txapelketa, eta zuk irabazi duzu. Zer sentitzen duzu?

Poza. Nekea arindu zait, baina emozioari eusten diot oraindik.

Lehena izateak berezi egiten du?

Bai. Banakako txapelketak jokatu izan ditugu, baina ez hau bezain garrantzitsuak. Harro nago lehena izateaz, baina baita pixka bat lotsatuta ere.

Kalean zoriontzen zaituzte oraindik?

Bai. Markinan zesta-puntarako zaletasun handia dago. Lotsatu egiten naiz jendeak zoriontzen nauenean. Nahiago dut arretarik ez piztu, eta komunikabideekin ez hitz egin. Baina, tira, orain tokatzen da.

Ospatu, behintzat, egin duzu?

Ezta ere. Banakako finala jokatu ondorengo egunean, larunbatean, Markinako Gabon Sarikoa jokatu nuen Helena Barrenetxearekin. Hura ere irabazi genuen. Asteburu oso ona izan zen.

Gustura aritu zara?

Bai, baina apur bat motza izan da [gehienez hiru partida jokatu dituzte]. Gustatuko litzaiguke luzeagoa izatea. Gizonezkoek gu bezainbeste jokatu dute, baina guk nahiagoko genuke gehiago jokatu.

Zuretzat arrakastatsua izan da.

Bai. Finalerdia izan zen partidarik zailena, Iharten aurkakoa [Arakistain]. Hura zen aurkaririk gogorrena: Bizkaiko Txapelketako finalean irabazi berri zidan. Itxaropena banuen, baina beldurra ere bai. Zorionez, irabazi egin nion [hiru setetan]. Bakoitzak txapel bat irabaztea desiratu genion elkarri.

Finalean, berriz, nagusitasunez irabazi zenion Maite Ortiz de Mendibili: 12-8 eta 12-5.

Ez nuen uste horren erraz irabaziko nuenik; batez ere, bigarren setetan horren erraz nagusituko nintzenik. Hala ere, nik hobeto jokatu nuen bigarren setean, eta Maite ez zen oso ondo aritu.

Banakakoan aurrelariak dira gehienak, eta haiek nabarmendu ohi dira. Zu, ordea, atzelaria zara, eta sarritan aritzen zara. Zergatik?

Niri izugarri gustatzen zait banaka aritzea. Ez du antzik binaka aritzearekin: ezberdina da jokamoldea, eta atzean jokatuta egiten ez ditudan gauzak egiteko aukera dut.

Zerk ematen dizu lanik handiena?

Zalantzarik gabe: sakeak. Baita tantoak amaitzeak ere.

«Niri izugarri gustatzen zait banaka aritzea. Ez du antzik binaka aritzearekin: ezberdina da jokamoldea, eta atzean jokatuta egiten ez ditudan gauzak egiteko aukera dut»

Landu dituzu?

Bai. Aitarekin aritu naiz frontoian sakeak, erreboteak eta horma bikoak lantzen.

Ikusle dezente joan da frontoira?

Bai. Egun gehienetan ia beteta egon da frontoia [Berriatuko Mendibarren pilotalekuan jokatu zuten], eta finala ikusteko oraindik eta jende gehiago joan zen.

Lehen aldiz aritu zarete emakumezkoak. Pozik?

Oso. Gizonezkoek aspalditik jokatzen dute Banakako Txapelketa ofiziala. Gu, berriz, aurten hasi gara. Iaz ere Winter Series txapelketa jokatu genuen aurrenekoz. Beste aurrerapauso bat da.

Urrian, 22 urtez azpiko munduko txapeldun izan zinen Erika Mugartegi herrikidearekin; orain, berriz, banakako txapela jantzi duzu. Bikain amaitu eta hasi duzu urtea.

Hala da. Martxoan ere Winter Series txapelketa irabazi nuen Erikarekin. Oso pozik nago.

Txapel horien atzean lan handia dago?

Bai; entrenamendu asko. Gogoa izan behar da, eta txapelketa asko jokatu, ez bakarrik ospetsuak.

Zenbat eta nola entrenatzen zara?

Astean bitan entrenatzen gara herriko frontoian, astelehenean eta eguaztenean; 45 minutu egunean. Erika, Izaro Arbe, nire ahizpa [Lur] eta laurok entrenatzen gara, Santi Olaberen esanetara. Asteburuetan, berriz, partida bat edo bi jokatzen ditugu. Banaka aritu behar badut, beste saio batzuk egiten ditut.

Zertan hobetu duzu gehien?

Fisikoan. Munduko Txapelketara joateko arlo fisikoa lantzen dugu, eta horretan sumatu dut hobekuntza. Horri esker, indar handiagoa dut, eta atzelariontzat oso garrantzitsua da hori, pilota atzeratzeko.

Zertan duzu gehien hobetzeko?

Hurrengo banakakorako gehiago entrenatu beharko dut sakea. Errebesa ere hobetu behar dut.

Winter Series jokatzen ari dira gizonezkoak. Jarraitzen ari zara? Bikote kutunik duzu?

Erkiaga oso ondo dabil [laugarrenez irabazi berri du banakakoa, hirugarrenez jarraian]. Agian berak irabaziko du txapela.

Gizonezkoen lehia amaitzean aritu beharko zinatekete emakumezkook. Horren berririk baduzue?

Oraindik ez digute ezer esan. Espero dugu baietz, eta nahi dugu, baina oraindik ez dakigu ezer.

Zer moduzkoa izan zen iazko esperientzia?

Oso polita: lehen aldia izanik, ez nuen espero horrenbeste jende joango zenik frontoira [Durangoko Ezkurdi pilotalekuan jokatu zuten]; bete egin zen beti. Gainera, txapela irabazi genuen Erikak eta biok. Ezin da gehiago eskatu lehen aldia izateko.

Orduan eskatu zenuten, eta orain ere bai: txapelketa luzeagoak jokatu nahi dituzue.

Bai, eta jende gehiagok jokatzea. Beti gabiltza berberak, eta badira neska gehiago jokatzeko prest. Aukera eman behar zaie.

Zesta-puntaren olatuak emakumezkook ere busti zaituzte?

Bai. Duela hiru urte ez genuen halako txapelketarik jokatzen; Markinan eta Berriatuan jokatzen genuen, eta kito; beste inon ez. Orain, ordea, telebistan ikus daitezke gure partidak. Izugarri eskertzen dugu: jendeak ikusten du nola ari garen eta zer egiteko gai garen. Horri esker, neska gehiago anima daiteke. Oraingoz, ez da halako gorakadarik sumatu, baina badut itxaropena gero eta neska gehiago etorriko dela gurera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.