Anne Erauskin. Zuazoko jokalaria

«Beteranoenetako bat izanik, aurrerapauso bat eman behar dut»

22 urte baino ez ditu, eta taldean pisua hartu du sasoi honetan. Anne Erauskinek mailari eusten lagundu nahi dio taldeari, eta ez du baztertzen etorkizunean atzerrian jokatzeko esperientzia bizitzea.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Fernandez Guridi.
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Ikusteko dago nola erantzuten dion Zuazok denboraldi berri honi. Jokalari garrantzitsuek taldez aldatu dute, baina Anne Erauskin (Ermua, Bizkaia, 1998) ziur dago lortuko dutela mailari eustea. Porriñoren etxean hasiko dute sasoia, bihar, 18:00etan.

Ainhoa Hernandez, Maddi Aalla, June Loidi eta Maider Barros. Izen handiko jokalariek utzi dute taldea.

Pena handia eman zigun. Gure artean sortutako taldea desegin zen, baina aurrera egin dugu. Denboraldi honetan zentratu behar dugu, eta gaudenok ahalik eta hobekien aritu.

Uste baino hutsune handiagoa utzi al dute?

Uste dut ezetz. Kanpotik ikusita, pentsa daiteke taldea ahuldu egin dela, izen handiko jokalariak joan baitira, eta etorri direnek ez dutelako hainbesteko sona. Sortu dugun talde honek ahal handia du, eta, oso gaztea izan arren, oso motibatuta gaude. Partida asko irabaziko ditugu.

Kapitainak taldekideak baino zerbait gehiago izaten dira.Zer harreman zeneukan haiekin?

Ainhoarekin eta Maddirekin, oso ona. Alderdi pertsonalean, jokoan bezala, haien falta sumatuko dugu. Eta gauza bera June eta Maiderren inguruan. Bihotz oneko pertsonak dira. Onena desio diet.

Gehiegi sufrituko al duzue mailari eusteko?

Denboraldiak aurrera egin arte ezin da jakin. Aurten lau talde jaitsiko dira, eta lehiakortasun handiagoa dago. Partida bakoitza azkena balitz bezala jokatu behar dugu, eta garaipenek urrea balioko dute.

Aurreko denboraldian, bi multzotan banatu zintuzteten, eta sasoi honetan denok denon aurka jokatuko duzue. Nola nahiago duzu?

Klasikoaren aldekoa naiz; beraz, multzo batean. Horrela, bakoitza zer mailatan dagoen ikus dezakegu. Iaz oso arraroa izan zen, eta ez daukat oroitzapen onik.

Zer nabarmenduko zenuke Porriñoren inguruan?

Oso talde indartsua da, eta bakarkako lehian oso ondo moldatzen dira jokalariak. Gakoa hori defendatzea izango da. Horregatik, indartsuak izan behar dugu.

Baina, irabazteko, erasoko lana ere beharrezkoa da, ezta?

Eraginkorragoak izan behar dugu, denboraldi-aurrean ez baikara izan. Baina defentsako lana oso garrantzitsua da. Entrenatzaileak esaten digu gure nortasun zigilua izan behar duela.

Goiz da, baina nola uste duzu iritsiko zaretela maiatzera?

Lasai iritsi nahiko nuke, maila mantenduta. Eta, posible bada, goiko postuen borrokan egotea.

Eta zu, zer moduz zaude? Nola sentitzen zara?

Oso ondo nago; fisikoki freskoago eta indartsuago nago. Ahal dudan heinean lagunduko diot taldeari, nire aletxoa jarriz.

Jarri al duzu erronka pertsonalik?

Helburu nagusia taldeari laguntzea da. Baina erregularra izan nahi dut. Mentalki lasaitasuna izatea nahi dut, gorabehera handirik izan gabe. Irmotasuna mantendu gura dut urte osoan.

Ekainean beste sasoi baterako berritu zenuen, eta aurtengoa laugarrena duzu Zuazon. Ba al dago luzatzeko aukerarik?

Oso gustura nago. Urtea oso luzea da, eta gauza asko gerta daitezke. Dena ondo joatea nahi dut, emaitzak lortzea, eta pozik amaitzea. Denboraldi amaieran nirekin gustura badaude, eta ni konforme banago, kontratua luza daiteke.

Funtsezkoa zarela uste duzu?

Beteranoenetako bat naiz, eta aurrerapauso bat eman beharko nuke. Beteranook dugun esperientziarekin, jokalari berriei integratzen lagundu behar diegu.

Nahiko zenuke atzerrira irten?

Beti izan da eskubaloian jokatzen duen edozein neskaren ilusioa, eskubaloitik bizi ahal zarelako. Esperientzia hori bizitzea gustatuko litzaidake, baina ez dakit aukerarik izango dudan. Lanean jarraituko dut aukera hori izateko.

Deskonektatu duzu oporretan?

Asko. Bi hilabete egon gara entrenatu gabe, eta gertuko jendearekin egoteko aprobetxatu dut, hondartzara eta igerilekura ere joan naiz... Gimnasioan ere ibili naiz, sasoia ez galtzeko. Olinpiar Jokoetako eskubaloi lehia ikusi nuen, eta jokatzeko gogoa sartu zitzaidan. Baina deskonexioa oso ondo etorri zait denboraldiari gogotsu ekiteko.

Duela urte bat Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradua lortu zenuen. Etorkizun urruna eskubaloiarekin lotzen duzu, ala ikasitakoarekin bideratu nahiko zenuke?

Neskontzat oso zaila da hemen eskubaloitik bizitzea. Orain telelana egiten ari naiz lanaldi erdian, eta lana eta eskubaloia uztartzen ditut. Berdin jarraitu badezaket, segituko dut. Ahalik eta gehien jokatu nahi dut, baina urtez urte baloratu beharko nuke egoera.

Nola uztartzen dituzu?

Abuztuan goizez entrenatzen nintzen, eguerdian lana, eta arratsaldean berriro entrenatu. Orain goizez lan egiten dut, eta arratsaldez entrenatu. Astean bost entrenamendu izaten ditugu, gimnasioko bi saioez gain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.