Bete du hogei urteko ametsa

NBAren historian puntu gehien sartu duen jokalaria bihurtu da LeBron James. Kareem Abdul-Jabbarrek zeukan marka gainditu du, eta hark eman dio lekukoa, Staples Centerreko zaleen aurrean.

LeBron James, NBAko saskiratzaile nagusia. ALLISON DINNER / EFE.
Beñat Mujika Telleria - Paulo Ostolaza
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Lortu du King James-ek: NBAren historian puntu gehien sartu duen jokalaria bihurtu da. Azken asteetan errekorra noiz iritsiko zain zeuden zaleak, eta, astearte gauean, 39 puntu sartu zituen Oklahoma City Thunderren aurkako partidan —37 falta zitzaizkion errekorra gainditzeko—. LeBron Jamesek 37. puntua sartu zuenean, neurketa eten zuten, mitoaren lorpena ospatzeko eta omenaldi txiki bat egiteko. «Gau honetakoa baino hoberik ez dut inoiz amestu», esan zuen izar handiak.

Tartean zen orain arte errekorraren jabea zena ere: Kareem Abdul-Jabbar. Hark 38.387 puntu sartu zituen bere ibilbidean. Lakerseko eta Milwaukee Buckseko jokalari ospetsuak LeBron jaio zen urtean ezarri zuen errekorra, 1984an. 37 urte zituen orduan, eta ordura arte Wilt Chamberlainek zeukan marka hautsi zuen: 31.419 puntu. Lekukoa balitz bezala, baloi bat eman zion Jamesi. Gauza bera egin zuen berarekin Chamberlainek duela 39 urte.

NBA Euskaraz Twitter kontua sortu zuen Julen Arozenak, NBAri buruzko informazioa euskaldunen artean zabaltzeko. Haren iritziz, NBAn «garrantzi handia» ematen zaie zenbakiei, eta dena estatistikoki neurtu nahi da, «nahiz eta askotan zentzu askorik ez eduki». Zenbakiek hainbesteko garrantzia daukaten liga batean oso marka «garrantzitsua» dela dio Arozenak. «Hamabost minutuz eten zen partida, eta partida bigarren planoan gelditu zen. Urte luzez egin du marka horren promozioa NBAk, eta aspalditik genekien hau gerta zitekeela».

Zaila izango da gaur egun ligan dagoen jokalari batek LeBronek ezarriko duen marka hobetzea, esan izan duenez oraindik ez baitu asmorik erretiratzeko. Arozenaren arabera, faktore askok eman diote modua LeBroni marka ezartzeko. «Oso gazte iritsi zen ligara, eta hasiera-hasieratik izan zuen eragin handia. Hogei urtean ez du errendimendua jaitsi, eta, fisiko bikaina izateaz gain, ez du lesio larririk eduki. Mentalki eta fisikoki oso prestatuta egon behar da horretarako».

Hala ere, fase erregularra eta kanporaketak kontuan hartuz gero, LeBronek bazeukan ligako saskiratzaile nagusiaren errekorra. NBAko sailkapen ofizialek, ordea, denboraldi erregularra bakarrik zenbatzen dute. Batezbestekoei erreparatuta, are ikusgarriagoak dira LeBronen datuak: Abdul-Jabbarrek baino 150 partida gutxiago behar izan ditu zenbateko horretara heltzeko.

Denbora luzea darama NBAko izar nagusietako bat izaten. Lakerseko jokalaria 2003an aukeratu zuen Cleveland Cavaliersek NBAko draft-ean, eta hogei denboraldi daramatza saskibaloi ligarik ospetsueneko errekor guztiak hausten. Jamesen gau ahaztezinen zerrenda oso luzea da, eta lorpen ugari ditu. Lau aldiz irabazi du NBA; bi aldiz Miami Heatekin (2011-2012an eta 2012-2013an), behin Cleveland Cavaliersekin (2015-2016an) eta beste behin Los Angeles Lakersekin (2019-2020an); lau aldiz izan da NBAko finaletako jokalaririk baliotsuena; eta beste lau aldiz NBAko denboraldi erregularreko jokalaririk baliotsuena.

Ligara iritsi zenetik, The Choosen One [aukeratua] deitu zuten, eta, gaur egun arte, jokalari garrantzitsuenetako bat izan da. «Garaitu beharreko taldearen parte izan da gehienetan, eta istorio eta narratiba garrantzitsu asko eman dizkio ligari, askotariko lehiekin», gaineratu du Arozenak.

Ligara iritsi zen jokalari gaztearen jokatzeko era, eta gaur egungo LeBronena guztiz desberdinak dira, ordea. Saskibaloia asko aldatu da azken hogei urteetan, eta baita izar handia ere. «Beti izan da kantxan fisikorik pribilegiatuena izan duen jokalaria, baina, gainera, heldutasuna eta jokoa ulertzeko gaitasuna lortu ditu azken urteetan», dio Arozenak. Bestalde, kanpoko jaurtiketak aparteko garrantzia dauka egungo saskibaloian, eta «geldi dagoela jaurtitzeko gaitasuna» garatu du.

NBAn bakarrik ez, AEB Ameriketako Estatu Batuetako selekzioarekin ere hainbat garaipen eskuratu ditu askorentzat inoizko jokalaririk onena denak. Bi aldiz kolkoratu du urrezko domina Olinpiar Jokoetan —2008an Pekinen eta 2012an Londresen—, eta behin brontzezkoa —2004an Atenasen—. Gainera, Munduko Txapelketa ere irabazi zuen 2006an, Japonian.

Gaur egun, 38 urte ditu LeBronek, eta 30 puntuko batezbestekoa dauka denboraldi honetan. Los Angeles Lakers 13. postuan dago NBAko Mendebaldeko Konferentzian, eta kanporaketetarako sailkatzea da taldearen helburua. Atzo 130-133 galdu zuten Oklahomaren aurkako norgehiagoka.

Aita-semeen ametsa

LeBronek hainbat aldiz esan du bere ibilbidean geratzen zaizkion helburuetako bat Bronny James semearekin batera edo haren aurka lehiatzea dela. Duela hilabete ESPN kateari emandako elkarrizketa batean esandakoaren arabera, NBAko draft-ean hura noiz aukeratuko zain dago: «Pistan Bronnyrekin batera egon nahi dut. Edo talde berarekin, edo haren aurkako partida batean. Ezin hobea izango litzateke, zalantzarik gabe. Ni hemen nago, haren zain».

Bronny Jamesek 18 urte ditu, Sierra Canyonen jokatzen du gaur egun, eta Estatu Batuetako Unibertsitateko saskibaloiko Gold Coast mailan lehiatzen da. Senior denboraldia du aurtengoa; hau da, Unibertsitateko laugarren urtea. Hori amaitzean, NCAAra egingo du salto. NBAko egungo arauek bere hartan eutsiz gero, Jamesek 2024ko draft-ean parte hartu ahal izango du, NCAAko lehenengo urtea amaitzean. Ordurako 40 urte izango ditu LeBronek, eta 20 Bronnyk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.