Julen Gabirondo. Segalaria

«Bete-beteko proba izan zen; astindu ederra hartu genuen»

Gipuzkoako laugarren txapela jantzita, Euskal Herriko bosgarrena eskuratzeko xedea du Julen Gabirondok. Lortuz gero, Bixente Mitxelenaren marka berdinduko du Urnietako herri kirolariak.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Julen Gabirondo (Urnieta, Gipuzkoa, 1989) da segak Euskal Herrian duen espezialista handienetako bat, eta joan den asteburuan berretsi zuen hori, Gipuzkoako txapelketa irabazita. Laugarren aldiz gailendu da ohiko estiloan jokatutako sariketan. Dena den, Gabirondoren itzala luzea da beste modalitateetan ere. Egun, aizkorako eta pentatloiko txapelketetan ere jarria du arreta.

Laugarren aldiz irabazi duzu ohiko segako Gipuzkoako txapelketa. Pozik?

Bai. Txapel batek beti ematen du poza. Egindako lanarekin oso gustura geratu nintzen, eta kontentu nago.

Jon Otegi sailkatu zen bigarren; 160 kilo belar gehiago bildu zenituen zuk. Esperotako aldea izan al zen?

Etxetik joatean, aldez aurretik ezin da jakin zer tarte izango den, belarra beti belarra baita: txikiagoa, bustia... baldintza batzuetatik besteetara ikaragarri aldatzen da pisua. Hiru mailaren aldea atera nion amaieran, eta hortxe islatu zen hori.

Zer moduzko proba izan zen Bulano baserrikoa (Asteasu, Gipuzkoa)?

Bete-betekoa. Hasieratik indartsu hasi nintzen. Jendea hala ateratzen da, atzera ez geratzekoeta ahal bazen abantaila lortzeko. Indarrez hasita, hamargarren minututik aurrera erritmobati eusten zaio. Gero, amaieran betiere gehixeago estutu nahiizaten da. Bete-beteko probaizan zen; pasada ederra hartu genuen.

Lursailak ere onak?

Oso onak. Bulanon, baserritarrek ikaragarri ondo zaintzen dituzte belazeak, eta gozamena da hor aritzea. Sator lur pixka bat bazegoen, baina oso gutxi. Belarrarekin ez dugu kexarik.

Uztailaren 17an ohiko segako Euskal Herriko Txapelketa jokatuko duzue. Horri begira al zaude jada?

Bai. Hamar bat egun geratzen dira, eta horretarako prestaketak egiten ari gara. Gustatuko litzaiguke beste garaipen bat lortzea, baina besteak ere hor daude. Haiek denak ere oso garai onean ikusten ditut, eta kosta egingo da irabaztea.

Segalari batek zer lan egiten du txapelketa batetik besterako aldi horretan?

Hamar egun hauetan, beste saio indartsu bat egiten da, txapelketakoaren estilokoa. Joaldi motzago batzuk ere bai. Gorputza aktibo mantendu behar da, ahalik eta bizien ailegatzeko.

Kontrarioak indartsu daudela esan duzu. Nolako maila egon da azken txapelketan?

Ondo ikusi ditut. Lehengoan, metro koadro mordoxka bat egin genuen segalari guztiok. Otegik aurrerako jauzi bat egin du aurten, eta [Iban] Pardo ere ondo ikusten dut. [Mikel] Lizartzak irabazi zuen sega sail txapelketako modalitate berria. Denak daude lehiarako.

Ekaineko sega sail txapelketa horretan bigarren izan zinen. Ohiko segan erosoago aritzen al zara?

Bai. Sega sailekoa ezberdina da, eta ohituago gaude honetara. Lizartzak oso lan ona egin zuen, eta ez dut zoriontzea besterik. Merezita irabazi zuen.

Euskal Herriko ohiko segan lau aldiz izan zara txapeldun. Iaz berdindu zenuen zure osaba Joxe Gabirondoren marka, eta garaipen bakarrera duzu Bixente Mitxelenak ezarritako bost garaipenen errekorra. Hori lortzea al da xedea?

Kirolari baten helburua beti da ahalik eta txapelketa gehien irabaztea. Edo saiatzea behintzat. Hori da helburua: bosgarren txapela janzteak ilusio handia egingo lidake. Bixente Mitxelenaren gisako segalari bikain baten pare jartzea gauza handia izango litzateke. Saiatuko gara, baina inork ez du ezer oparituko.

Azken urteetan zure izena dago puntan. Sasoiko zaude, ezta?

Garai onean nago, eta pixka bat emozionatu ere egin gara. Saltsa askotan sartzen ari gara. Halakoetan, ezin da norbere onena eman kirol bakoitzean. Maila onean aritu bai, baina zailagoa da punturik onenera ailegatzea. Gustura ari naiz, ordea. Proba mordoxka bat jokatzen ari naiz urte osoan zehar, eta horrek ere ase egiten du.

Esaterako, 2020an bigarren izan zinen pentatloian, eta hirugarren iaz. Hurrengo helburu nagusia al da, segakoaren ondoren?

Aurrez, Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkorako finala dago uztailaren 26an, eta sailkatuta nago. Polita izango litzateke hor saio on bat egitea. Hori bukatu eta gero, bai, buru-belarri jarriko naiz pentatloian.

Aurten ere onenen jiran aritzeko asmotan?

Onenen pare, ez dakit ba... Saiatuko naiz ahal dudana egiten. Orain aizkorarekin ari naiz gehienbat, eta harri lanak ere egiten ditut astean pare bat aldiz, baina behar bezala ez. Ikusi egin behar azken bi hilabeteetan noraino heltzen naizen prestakuntzan, eta noraino hel naitekeen. Nire helburua da ahalik eta lehiarik handiena ematea, baina ikusi egin beharko da noraino ailegatzen naizen.

Zaila al da bost kirol uztartzen diren proba bat prestatzea?

Bai. Azkenerako, bost kirol ezberdin dira, eta, batean gehiegi jotzen bada, pasada handi samarra hartzen da, eta hurrengoan ordaindu egiten da. Dosifikatu egin behar, trantsizioak ondo egin... Ez da samur-samurra ere.

Itxura du gustura ari zarela aizkoran. Hala al da?

Egia esan, bai. Asko gustatzen zait aizkoran aritzea, segan bezalaxe: ikaragarri. Entrenatzeak ez dit batere nagirik sortzen. Oso garrantzitsua da hori egurra mozteko garaian, eta baita saio politak egiteko orduan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.