Mendiko eskia

Bete-beteko mendiko festa Erronkarin

Ibilbide dotorea, elur baldintza oso onak eta eguraldi bikaina lagun, Bandres-Karolo Memorialaren lehen eguna ikusgarria izan da. Nahia Quincoces eta Noel Burgos nagusitu dira lineako proban.

Gaurko probako irudi bat, Binbalet mendiaren inguruan. EñAUT IZAGIRRE. BANDRES KAROLO 2023
ramon olasagasti
2023ko otsailaren 11
17:10
Entzun

Hiru urteko hutsunearen ondoren, Euskal Herriko mendiko eskiko proba nagusia, Bandres-Karolo Memoriala, bete-beteko festa izan da. Eguraldia zoragarria, elur-baldintzak oso-oso onak eta ibilbidea ikusgarria. Partaide guztien ahotan ez zen besterik. Zorionak eta zorionak antolatzaileei, ibilbidean zehar eta helmugan, denen esker ona aho betekoa zen. Festa, beraz, erabatekoa izan da gaur Erronkaribarreko mendietan.

Nesketan, Nahia Quincoces nagusitasun handiz gailendu da proban, Igone Campos izan da bigarren eta Montserrat Bacardit hirugarren. Mutiletan, berriz, Noel Burgos izan da irabazle, tarte handi samarrarekin. Atzetik euskal selekzioko bi gazte helmugaratu dira: Jon Ander Aranburu eta Axier Alonso.

Ibilbide laburrean edo B ibilbidean, berriz, adinak kontuan hartu gabe eta sailkapen orokorrari erreparatuta, Garazi Esturo gailendu da, Ane Aspe izan da bigarren eta Ainhoa Lendinez hirugarren. Mutiletan, berriz, Hugo Robles nagusitu da, Elur Zaldua helmugaratu da bigarren eta Unax Solagaistua hirugarren. Azken horrek lehia polita izan du ibilbide osoan Oier Urkiola laugarren sailkatuarekin.

Nafarroako txapelketa

Bandres-Karolo Memorialak Nafarroako mendiko eskiko txapelketa ere hartu du. Seniorretan, Ander de Miguel Aranaz izan da txapeldun, bigarren Raul Vergara eta Josema Urrestarazu hirugarren. Senior-promesetan, Xabier Tous gailendu da, Jokin Azkona eta Ruben Salinasen aurretik. Eta senior beterenoetan, Josema Urrestarazu izan da txapeldun, Patxi Rubio bigarren eta Ibai Goñi hirugarren.

Ibilbideak gogobeteta utzi ditu partaideak. Belagoako aterpetik abiatu dira Kortaplana tontorreraino. Handik, Arrakogoitiko lepora jaitsi eta Binbalet tontorrera igo dira, mendi gandor dotore bati jarraituz. Pierra Mentaren traza hartu du zati horretan ibilbideak. Binbalet tontorretik, bi jaitsiera egin dituzte Zuberoarantz eta beste horrenbeste igoera Kartxelako lepora. Lepo horretatik, berriro ere Belagoa alderantz hartu dute mendiko eskiatzaileek. Azken igoerak berriro ere Kortaplana azpiko laku izozturantz eraman ditu, eta handik, jaitsiera gozagarria aterperaino.

Aterpean, berriz, xingarra, txorizoa, jatekoa eta edatekoa ugari. Lagunen arteko zorion mezuak eta solasaldiak. Eta neke aurpegiaren gainetik, irribarreak, irribarre zabalak, mendiko eskiko bete-beteko festaz gozatu izanaren gogobetezko pozaren seinale.

Bihar kronoigoera egingo da, Izabako plazatik bertatik abiatuta. Ibilbideak Ardibideikua tontorrera eramango ditu partaideak, 700 metro inguruko desnibelarekin.

Bi probetako emaitzak batuta aterako da Bandres-Karolo Memorialaren irabazlea.

SAILKAPENAK

A ibilbidea

Neskak

1.- Nahia Quincoces Altuna. 2.37:43.
2.- Igone Campos Odriozola. 2.44:12.
3.- Montserrat Bacardit Peñarroya. 3.16:57.

Mutilak

1.- Noel Burgos Gomez. 2.10:38.
2.- Jon Ander Aranburu Zabalo. 2.20:23.
3.- Asier Alonso Korkostegi. 2.20:59.

B ibilbidea

Neskak

1.- Garazi Esturo Etxabe. 2.18:57.
2.- Ane Aspe Etxabe. 2.24:17.
3.- Ainhoa Lendinez Garate. 2.26:51.

Mutilak

1.- Hugo Robles Lomeña. 1.19:30.
2.- Elur Zaldua Elorza. 1.39:34.
3.- Unax Solagaiztua Zubia. 1.51:56.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.