Hamarkada bat atzera egin beharra dago Nafarroako bi pilotariren arteko finala topatzeko Lehen Mailako Lau eta Erdiko Txapelketan. 2014an garai hartako bi izar nagusiak lehiatu ziren txapelaren bila, eta Juan Martinez de Irujok irabazi zion Aimar Olaizolari: 22-17. Hamar urteren ostean, beste bi nafar ariko dira nor baino nor gehiago gaur, Bilboko Bizkaia frontoian (17:00, ETB1): Unai Laso eta Peio Etxeberria. Ezohiko finala jokatuko dute, azken zortzi urteotan Jokin Altuna izan baita beti finalistetako bat. Lau txapel jantziak ditu amezketarrak, eta, gaur, distantzia motzeko lehen txapelaren bila kantxaratuko dira Laso eta Peio Etxeberria. Biek final bana badute galdua, eta estreinakoz sartu nahi dute lau eta erdiaren historian.
Hain zuzen, lau eta erdian eskarmentu handia duen pilotari ohia da Abel Barriola (Leitza, Nafarroa, 1978). Sei final jokatu zituen, eta lehenengoa irabazi zuen, 2001ean, Patxi Eugi mendean hartuta. «Atzelaria izanagatik ere, izugarri gustatzen zitzaidan distantzia motzean jokatzea», aitortu du. Gaur egun, ETBn esatari lanetan ari denez, gertu-gertutik jarraitu du bi finalisten ibilbidea, eta «oso final estua eta gogorra» aurreikusi du: «Bi onenak heldu dira finalera. Ez dut batere garbi ikusten nork irabaz dezakeen. Inoiz baino irekiago dago dena, baina berdintasun horren barruan faborito bat aipatu behar banu, Lasoren izena esango nuke, batez ere konfiantzaz gainezka iritsiko delako».
Lasok finalerdietan egin zuen jokoak harrituta utzi zuen Barriola. Baikoko aurrelariak erakustaldia egin zuen Altuna III.ari irabazteko (22-14), eta merezita sailkatu zen finalerako. «Txapelketan zehar ez bezala, finalerdietan ikaragarri erasokor jokatu zuen, eta zur eta lur utzi ninduen. Erakustaldi handi horietakoa eskaini zuen, noren eta Altuna III.aren aurka. Sekulako presioa egin zion aurkariari, aurrera egin zuen pilotakada bakoitzean, eta abiadura bizian ibili zuen pilota. Era horretan jokatzen badu, oso zaila izango da Lasori irabaztea». Gainera, fisikoki ongi prestatutako pilotaria dela dio. «Partida luzeari ere ez dio beldurrik. Heldutasun betean ikusten dut; une oro, kontzentratuta ari da».
«Lasok ez dio beldurrik partida luzeari. Heldutasun betean ikusten dut; une oro, kontzentratuta ari da»
ABEL BARRIOLAPilotari ohia
Hori bai, Peio Etxeberriak ere irabazteko aukera handiak dituela garbi du. «Eman dizkigu motiboak beragan sinesteko». Ez dago oso urrun joan beharrik bien arteko aurrekaria topatzeko: final-laurdenetako ligaxkan Peio Etxeberriak berak irabazi zion Lasori (22-19), duela hilabete eskas. Txapelketako orain arteko partidarik onena izan zen. Barriolaren ustez, azken denbora luzeko Peio Etxeberria «metronomo bat» bezalakoa da. «Iazko lau eta erdiko finala alde batera utzita, gainerako partida guztietan Peio Etxeberria on eta lehiakor bat ikusi dugu azken denbora luzean. Jauzi ikaragarria egin du, lehen lerroko pilotaria bihurtu da, eta nekez du orain egun txar bat. Defentsan oinarritzen du bere jokoa, hanka bikainak baititu, baina erasoan ere asmatzen ari da, batez ere horma bikoarekin». Finalean Peio Etxeberriarik onena espero du. «Bete-beteko finala izango dela esaten dit gorputzak».
Hasiera, funtsezkoa
Lasok eta Peio Etxeberriak, biek dute eskarmentua egun handietan, baina lau eta erdian ez dute txapel ik. Lasok 2021ean jokatu zuen finala, eta galdu egin zuen. Peio Etxeberriari, berriz, iaz ihes egin zion txapelak. Biek Altuna III.a izan zuten aurkari. «Finaletan esperientzia izatea aldeko puntua da. Tripa barruan kilimak sentitzen dira, urduritasuna eta tentsioa agertzen dira, eta presioa kudeatzen jakitea ezinbestekoa da», Barriolaren esanetan. Esaterako, Peio Etxeberriari iaz gain hartu zion egoerak. «Berak ere onartu du handi geratu zitzaiola finala. Orain, ordea, bestelako pilotaria da, eta finalean gorputzaldi ona izateko aukera handiagoak ditu». Baita Lasok ere. «Aldakako ebakuntzatik oso indartsu atera da. Buruz pertsona eta pilotari jantzia da».
«Peio Etxeberriak jauzi ikaragarria egin du, lehen lerroko pilotaria bihurtu da, eta nekez du orain egun txar bat»
ABEL BARRIOLAPilotari ohia
Finalari begira, bai sakea bai errestoa biak ere funtsezkoak izango direla uste du. «Txapelketa honetan ikusi dugu sakez min handia egin dutela denek, baina Bilboko kantxa jokatzen uzten duen horietakoa da. Ezker hormatik garbi ateratzen da pilota, eta pentsatzen dut sakeak ez duela hainbesteko eraginik izango». Errestoan nola moldatzen diren ikusi beharko da. «Errestorako ere frontoi ona da, baina ikusiko dugu finalista bakoitzak nola erantzuten duen arlo horretan. Errestoan asmatzen badute, partida borrokatua eta luzea izan daiteke, eta tantoa bukatzen gehien asmatzen duenak irabaz dezake». Ohi bezala, hasierak markatuko dio bidea bakoitzari. «Hasierak beti dira garrantzitsuak, baina finaletan are gehiago. Tentsioa murrizteko eta norberak bere buruagan sinesteko gakoa izango da ongi hastea».