Top14 ligan egonkortu baino gehiago egin nahi du Baionak. Lapurdiko hiriburuko klubak anbizioz begiratzen dio etorkizunari, eta, berandu baino lehen, urtero ligako titulua borrokatzea da klubaren xedea, Philippe Tayeb presidenteak behin baino gehiagotan azaldu duen moduan. Bada, hasteko, sasoi honetan sei edo zortzi onenen artea amaitu nahi du Baionak, ligako kanporaketak jokatu ahal izateko. «Helburu nagusia hori da. Espektatiba handiak ditugu sasoi honetarako», azaldu du Uzair Cassiem (Lurmutur hiria, Hegoafrika, 1990) taldeko jokalariak. «Aurreko denboraldian ez genuen lortu zortzi onenen artean amaitzea, baina, oraingoan, dugun taldearekin eta fitxatu ditugun jokalariekin, uste dut urrats hori egin dezakegula. Anbizio handiko taldea gara, eta irabazteko gogo handia dugu».
Aurreko denboraldia ondo abiatu bazuen ere, Baionak sasoi amaieran hainbat partida galdu zituen, eta ez zuen oso aparte izan jaitsierako kanporaketa jokatzera behartzen duen hamahirugarren postua: soilik zortzi puntu azpitik amaitu zuen Montpellierrek. Bi denboraldi atzera, talde igo berria izan arren, zortzigarren postuan amaitu zuen liga erregularra.
Aurrerapauso hori emateko, Gregory Patatek zuzendutako taldea ondo indartu da. Denera, bederatzi jokalari fitxatu ditu, tartean Baptiste Chouzenoux baionarra eta Manu Tuilagi Ingalaterrako selekzioko jokalaria. «Esperientzia handiko jokalariak dira gehienak, eta taldearen maila koxka bat igotzen lagunduko digute. Urtero daude aldaketak, jokalari berriak ailegatzen dira, eta talde teknikoan ere aldaketak daude, baina gure jokatzeko modua ez da aldatuko, eta gure identitate eta estiloari eutsiko diogu. Irabazteko borrokatuko gara, hori da dugun mentalitatea».
Fitxatu berriekin batera, harrobiko jokalarien ekarpena ere garrantzitsua izan daiteke lehen taldearentzat. Manex Arizeta, Gabriel Lapegue eta Xan Mousques izan dira lagunarteko partidetan parte hartu duten gazteetako batzuk. «Ikasteko gogoz ikusten ditut, eta iruditzen zait klubarentzat oso garrantzitsua dela jokalari gazteek garapen on bat izatea. Manex, adibidez, urtebetean edo bi urteren buruan lehen taldearentzat jokalari garrantzitsua izango dela uste dut. Ikusi, bestela, Tom Springsek zer bilakaera izan duen».
Denboraldiaurrea «luzea eta gogorra» izan dela azaldu du Cassiemek, baina uste du horri esker taldea denboraldi hasierara «oso ongi» ailegatuko dela. «Perpinyaren aurka partida handia espero dugu. Beldurrik gabe eta irribarrea ahoan jokatu behar dugu. Etxean jokatzen dugu, gure zaleen aurrean, eta irabazteko gogo horrekin zelairatuko gara».
«Top14an ez ezik, Europan ere gure mailarik onena eman nahi dugu. Iruditzen zait bi txapelketa uztartzeko taldea daukagula eta bietan aldi berean maila ona eman dezakegula»
UZAIR CASSIEMBaionako jokalaria
Perpinyaren aurkakoaren ostean, ligak ez du etenik izango azaroko bigarren asteburura arte; bederatzi partida izango dira elkarren jarraian. «Oso garrantzitsua izango da ongi hastea, eta egutegiaren lehen zati honetan emaitza onak lortu behar ditugu. Aurreneko postuetan egon nahi badugu, ondo hastea funtsezkoa da. Hala balitz, taldeak konfiantza handia lortuko luke», azpimarratu du jokalari hegoafrikarrak. Lehen jardunaldietanManu Tuilagik ez du jokatuko, eta Guillaume Rouetek, Guillaume Martocqek eta Swan Cormenierrek jokatuko duten, berriz, zalantzazkoa da.
Bestalde, aurreko sasoian bezala, Europan lehiatuko da berriro Baiona, Challenge Kopan, zehazki. Europako Txapeldunen kopan parte hartzen abiatu zuen iaz denboraldia Baionak, baina, azkenik, maila bat beherago, Challenge Kopako kanporaketak jokatu zituen, eta 33-5 galdu zuen Edinburgoren aurka. Abenduan ekingo diote lehiari, eta Eskoziako Edinburgo, Galesko Scarlets, Georgiako Black Lion eta Ingalaterrako Gloucester izango ditu Baionak aurkari multzoen fasean. «Top14an ez ezik, Europan ere gure mailarik onena eman nahi dugu. Iruditzen zait bi txapelketa uztartzeko taldea daukagula, eta bietan aldi berean maila ona eman dezakegula. Txapelketa ona egin eta kanporaketetara igarotzea da helburua. Hala ere, lehen partida abenduan denez, oraindik oso goiz da horretan pentsatzen hasteko». Txapelketari hasiera emateko, abenduaren 7an Scarlets taldea, Cassiemen talde ohia, jasoko dute Baionan (14:00).
Urrian, Donostiara
Asteon iragarri du Baionak hirugarren urtez jarraian ligako partida bat Anoetan jokatuko duela. Arroxelaren aurka seigarren jardunaldian jokatu beharreko norgehiagoka izango da, eta urriaren 12rako edo 13rako dago iragarrita. Beraz, Lapurdiko hiriburuko taldeak zazpigarren aldiz jokatuko du Donostian etxeko talde gisa. Azken bi aldietan, galdu egin du Anoetan jokatu duenean, 10-46 aurreko sasoian Toulonen aurka, eta, aurrez, 2023ko martxoan, 20-30 menderatu zuen Pauek. «Bada garai Donostian irabazteko, bai! Irabazi egin behar dugu, zaleek erabat uler dezaten zergatik jokatu nahi dugun berriro han. Estadio handia da, eta 40.000 lagunen aurrean jokatzea ikaragarria da. Nork ez du nahi horrelako giro batekin jokatu? Maila emango dugu, egun handia izango da, eta, aurten bai, partida irabazi egingo dugu», azpimarratu du Cassiemek. 2023an 38.646 zale bertaratu ziren, eta etxean Lapurdiko taldeak galdu zuen neurketa bakarra izan zen. Hala, zale batzuek ez dute begi onez ikusten hirugarren urtez etxeko partida bat Donostiara lekualdatzea.