Dario Gomez. Aspeko pilotaria

«Beste urrats bat egin dut. Baina gehiago nahi dut: finala jokatu nahi dut»

Dario Gomez bigarrenez ariko da buruz buruko nagusiaren finalerdietan. Aitor Elordiren aurka jokatuko du igandean, Gasteizen. «Sinetsita» dago lana ondo egiten badu irabaz dezakeela.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Izaeraz oso alaia da Dario Gomez (Ezkarai, Espainia, 1996), eta egun bizi duen garai gozoak hori areagotu baino ez du egiten. «Oso pozik» dago buruz burukoan egin duen lanarekin, baina «gehiago» nahi du: Lehen Mailako aurreneko finala jokatu nahi du. Badaki urte mordoa pasatu direla errioxar batek buruz buruko nagusiko finala jokatu zuen azken alditik: 1954an izan zen. «Badakit Barberito II.a izan zela [Abel San Martin]; gogoratu didate azken egunetan. Baina, tira, ez didate matraka handia eman horren kontura. Ahal dudan ondoen egiteko esan didate».

Zer sentitzen duzu buruz buruko finalerdietan egonda?

Oso pozik nago, eta oso gogotsu igandean jokatzeko. Beste pauso bat ematen saiatuko naiz; badakit zaila izango dela, baina behin hona iritsita, bete-betean ariko naiz. Baikorra naiz. Nire lana ondo egiten badut, Aitorri irabaz diezaioket. Ez banu hori pentsatuko, ez nintzen ezta frontoira aterako ere.

Bigarrenez ariko zara finalerdietan; duela hiru urte izan zen lehena. Ordukoarekin alderatuta, ezberdina da hau?

Bai. Lehen aldia ezustea izan zen erabat: aurrenekoz aritu nintzen Lehen Mailako buruz burukoan. Ondo aritzeko gai nintzen, baina ez nuen inondik inora espero finalerdietara iristea. Egoera ere oso bestelakoa zen: pandemiagatik, ez zegoen ikuslerik. Orain, ordea, badut eskarmentua halako txapelketak jokatzen eta Lehen Mailakoen aurka aritzen; adibidez, iaz, final-laurdenetako ligaxka jokatu nuen, eta gustura aritu nintzen. Hori hobetu nahi nuen.

Lortu duzu: multzoko buru izan zara, ligaxkako hiru partidak irabazi eta gero.

Bai. Lehen helburua ligaxkarako sailkatzea zen, eta lortu nuen. Bigarrena, berriz, ligaxkan partidaren bat irabazi, eta finalerdietarako sailkatzeko lehian sartzea zen; hori ere lortu nuen, bikain lortu ere. Aurten, beste urrats bat egin dut, baina gehiago nahi dut: finala jokatu nahi dut.

Espero zenuen horren ondo aritzea?

Ez dut pentsatzen zer lor dezakedan; ahal dudan lan onena egiten jartzen dut arreta osoa. Batzuetan, lanak saria du, eta, beste batzuetan, ez. Zorionez, aurten izan du, eta ligaxka amaitu aurretik sailkatu nintzen finalerdietarako.

Partida bakarrera duzu finala.

Bai, baina urrun ikusten dut. Argi dago igandekoa oso partida garrantzitsua dela, baina saiatu behar dut pentsatzen beste bat gehiago dela; ez luke zentzurik neure buruari presio egitea pentsatuz partida bakarrera dudala finala. Jakina da; ez dut horretan pentsatu behar. Arriskua dago presio handiagoarekin irtetea eta finalerdiak ziztu bizian ihes egitea.

Argi geratu da berriz: buruz buru moldatzen zara ondoen.

Modalitate gustukoena dut. Erraz antzematen da hori ni frontoian ikusita: gauzak natural ateratzen zaizkit, aise, gehiegi pentsatu gabe. Lau eta erdikoa baino gutxiago prestatzen dut; nahikoa dut egunen batean enpresakideren batekin entrenamendu labur bat egitea horretan jarri eta gustura aritzeko. Buruz buru moldatzen naiz ondoen; horretan erakutsi dut gai naizela izarrekin nor baino nor gehiago aritzeko. Aurten, beste pauso bat eman dut, baina, lehen esan dudan bezala, beste bat eman nahi dut.

Sake zitala, sasoi bikaina, hanka arinak, joko aberatsa... Jakitun zara buruz buru jokatzeko oso dohain onak dituzula?

Bai, noski; oso argi dut nire ezaugarriak buruz buruko jokamoldera egokitzen direla ondoen. Baina lanean ari naiz lau eta erdian hobeto moldatzeko; pilotari osoagoa izan nahi dut.

Duela ia hilabete jakin zenuen finalerdia jokatuko zenuela. Zaila izan da prestaketa kudeatzea eta tentsioari eustea?

Ez. Batetik, epe luzera begira entrenatu naiz; eta, bestetik, ez dut uste merezi duenik tentsioari eusten saiatzea; partidarekin itsutu, eta saturatuta irits zaitezke. Bete-betean entrenatzen saiatu naiz, baina erotu gabe. Gainera, aurreko ostiralera arte ez nekien noren aurka jokatuko nuen.

Eskuak zaindu dituzu gehien? Iaz, buruhauste dezente eragin zizkizuten; horrenbeste, uko egin zenion ligaxkako azkeneko partida jokatzeari.

Iazkoaren aldean, aurten atseden gehiago izan dugu pilotari denok, eta mesede egin digu. Eskuek buruz buru jokatzen sufritzen dute gehien; partida gehienak bukatzen ditugu larri eskuetatik, kolpe txarren bat eman eta gero. Abantaila handia da partida batean eskuak sufriarazi eta gero, ondoren, astebeteko atsedena izatea. Pilotari guztiok ados gaude: mesede galanta egin digu aurten txapelketan egin dituzten aldaketak. Beharrezkoa zen. Argi geratu da txapelketa joka daitekeela pilotariei atseden emanda.

Jada badakizu noren aurka jokatuko duzun: Aitor Elordiren kontra. Zer iritzi duzu?

Ezer gutxi dut esateko Aitor egiten ari den denboraldiaz: ikusgarri ari da, sekulako konfiantzarekin, eta pilotari bat konfiantza handiz ari denean, are gehiago hartu beharra dago kontuan. Aurrerapausoa eman bezain pronto, Aitorrek oso azkar bukatzen du tantoa, gehienbat airez. Txinpartaz ari da eskuinarekin, eta, horri esker, asko ari da atzeratzen pilota, altuera oso ondo bilatuz. Oso arriskutsua da. Ea ezustean har dezakedan.

Ezustean sartu zen txapelketan, bi enpresakidek min hartu ondoren. Harritu zaitu horren ondo aritzeak?

Agerikoa zen sasoi bete-betean zegoela; binakako ederra egin zuen. Baina lau eta erdikoarekin eta binakakoarekin alderatuta, buruz burukoak lanak eman zizkion orain arte. Hala ere, txapelketa ikusgarria egiten ari da: partida bakarra galdu du, Jokinen aurka [Altuna], eta oso ondo jokatuta. Txapelduna kanporatu du [Unai Laso], era ikusgarrian. Dena esanda dago horrekin. Jauzia egin du: fisikoki gora egin du, eta eskuinarekin txinparta gehiagorekin mugitzen du pilota. Hori hobetu ez ezik, indarguneei ere eutsi die: oso teknika ona du tantoa bukatzen; erraz amaitzen du.

Hori guztia kontuan hartuta, zer-nolako partida espero duzu?

Gogorra eta zaila. Erabakigarria izango da sakearekin eta errestoarekin asmatzea. Aitorrek oso ondo sakatzen du; oso bestelako sakeak egiteko gaitasuna du, eta denekin min handia egiten du. Lasoren aurka ikusi zen. Adi-adi aritu beharko dut errestoarekin.

Zuk ere min handia egiten duzu sakearekin.

Bai, baina oso argi dut ezin naizela itsu-itsuan aritu sakearekin. Ondo errestatu behar dut ere bai; alde handia dago tantoa lehia betean hasi edo jada salduta.

Bitan jokatu duzue elkarren aurka buruz buru: 2019an, Promozio Mailako finalean, eta iaz, Lehen Mailako atarikoan. Bietan irabazi diozu. Bada zerbait.

Ezer gutxi. 2019koaz dut oroitzapenik onena: frontoi batean bizi dudan unerik politenetakoa izan da. Txapela irabazteak nire ondoan izan direnei euren babesa eskertzeko balio izan zidan. Zerbait eman nahi nien, eta ederra izan zen txapela eskaintzea.

Mesede egin zizun txapel hori irabazteak?

Liberazio bat izan zen. Ez banu irabazi, agian, orain etxean egongo nintzateke. Eta, begira, orain, hemen nabil, onenekin buruz buru nor baino nor gehiago. Mugarri izan zen txapela hori irabaztea; ordutik, gehiago gozatzen dut frontoian, eta, horri esker, aurrerapausoa eman dut.

1996koak zarete Elordi eta zu; Altuna eta Iker Irribarria ere urte horretakoak dira, baina haien aldean, su txikian egindako pilotariak izan zarete.

Denok ezin dugu atea bota hasieratik. Ikusi da lana eginez eta pazientzia izanez, emaitzak lor daitezkeela. Horren eredu da Aitor.

Hark Lehen Mailako binakakoa jokatu du, baita irabazi ere. Zuk, ordea, ez duzu inoiz jokatu, eta, aurten, ordezko izan zara Promozio Mailakoan. Inbidia sentitzen da halakoetan?

Bai, noski, saihetsezina da. Baina inbidia sanoa da. Ni izugarri pozten naiz Aitor lortzen ari den guztiarengatik. Enpresako pilotari guztiek oso harreman ona dugu. Inbidia pasatzen dela? Bai, noski, baina ez bakarrik Aitorrengatik, baita urte osoan txapelen lehian ari diren pilotariengatik ere. Hori lortzeko egiten dut lan nik, eta, noski, nahiko nuke haien tokian egon. Baina horrek ez du esan nahi ez naizenik pozten haiengatik. Alderantziz, izugarri pozten naiz; onena opa diet.

«Zer falta zait niri horra iristeko?», galdetzen diozu askotan zeure buruari?

Ez. Saiatzen naiz neure burua aztertzen, jakiteko zertan hobetu behar dudan goian egoteko. Baina ez diot buelta askorik ematen.

Enpresak, egiten ari zaren lan bikaina kontuan hartu, eta udan partida nagusi gehiagotan jarriko zaituen esperantza duzu?

Esperantza badut, baina orain, buruz burukoan dut arreta osoa. Lehenbizi, igandeko partida, eta gero, gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.