Beste presidente bat egongo da

Aitor Elizegik jakinarazi du ez dela berriro aurkeztuko Athleticeko lehendakari izateko. Bazkideek ez dituzte onartu haren kudeaketa eta denboraldi honetarako aurrekontua

Julen Etxeberria.
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ibaiganeko besaulkiak maizter berria izango du. Aitor Elizegi ez da berriz aurkeztuko Athleticeko presidente izateko. Talde zuri-gorriak atzo egin zuen bazkide konpromisarioen batzar nagusia, eta hari hasiera emateko egindako lehenbiziko hitzaldian jakinarazi zuen Elizegik ez dela aurkeztuko denboraldia bukatutakoan egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeetara. «Argi izan: azkeneko aldiz defendatuko dut aurrekontu bat atril honetatik», esan zuen.

Elizegik ustekabean harrapatu zituen gehienak, baita haren zuzendaritzako zenbait kide ere. Hauteskundeei begira haren asmoez galdetuta, ezer gutxi adierazi zuen Elizegik atzo arte. Ez zegoen argi berriz ere aurkeztuko zen edo ez. Baina atzo zalantza guztiak uxatu zituen. Halere, argi utzi nahi izan zuen gertutik jarraituko duela Athletic, eta edozertan laguntzeko prest dagoela. «Nagoen tokian nagoela, beti egongo naiz zuen ondoan».

Elizegik, beraz, lau urte baino gutxiago egingo ditu karguan. Athleticeko bazkide konpromisarioek 2018ko abenduaren 27an aukeratu zuten presidente. 85 botorengatik besterik ez zitzaion nagusitu Alberto Uribe-Etxebarriari. Inoiz ez zen horren alde txikia egon talde zuri-gorriaren lehendakaritzarako hauteskunde batzuetan. Eta horrek asko zaildu dio agintaldia, behin baino gehiagotan erakutsi baitiote haren desadostasuna bazkide konpromisarioek. Horrek eta COVID-19aren pandemiak eragindako egoera ekonomiko larriak makina bat buruhauste eragin dio. Pentsatzekoa da horrek guztiak garrantzi handia izan duela berriz ere ez aurkezteko erabakian.

Baina berriro ez dela aurkeztuko esateak ez du aldatu bazkideek harekin daukaten desadostasuna. Atzo ere beste muturreko bat jaso zuen hura buru duen zuzendaritzak. Bazkide konpromisarioek ez zuten onartu ez aurreko denboraldiko kudeaketa, ezta sasoi honetarako aurrekontua ere. Kudeaketari dagokionez, 492 bazkidek eman zuten kontrako botoa, eta 381ek aldekoa; aurrekontuari dagokionez, berriz, 478 azaldu ziren kontra, eta 402 alde. Horren barruan zegoen bazkideei eskatutako 120 euroko diru laguntza. Aldiz, bazkideek baiezkoa eman zieten aurreko denboraldiko kontuei: 520 alde eta 368 kontra.

Hala, Elizegik eta haren zuzendaritzak ezohiko batzar batera deitu beharko dute berriro, aurrekontua aurrera ateratzeko. Hori egin bitartean, ezingo dituzte abonuak kobratu.

Osasunan, berriz, hauteskunde batzarra aukeratu zuten atzo, eta Luis Sabalzak esan zuen berriz aurkeztuko dela presidente izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.