«Hiruzpalau gauza esan dizkiet eta aldagelatik irten behar izan naiz. Negar errazekoa naiz, eta gero, guztiak, banan-banan etorri dira ni agurtzera». Jose Luis Mendilibarrek hala esan zien agur atzora arte bere jokalari izandakoei. Gero, asko, prentsa aretoan egon ziren, eta kazetariekin bat eginda, txalo artean eskertu zioten eginiko lana entrenatzaile ohiari. Mendilibar pertsona maitatua da Taxoaren, eta bera ere lur jota zegoen. «Ni gustura egon naiz, baina ez dakit beste batzuk ere gustura zeuden. Iaz ere egoera berdinean nengoen eta ez zen ezer pasatu». Ordezkoa ere badu, Javi Gracia izango da, espero zen bezala. Teknikari berriak bi urterako kontratua sinatu du eta gaur aurkeztuko dute.
Jose Luis Mendilibarrek atzo aitortu zuenez, ez zuen kaleratzearen inguruko azalpenik eskatu. «Fitxatzen nautenean ez dut 'zergatik?' galdetzen, eta bidaltzen nautenean ere ez». Hori bai, garbi utzi zuen Osasuna asko aldatu dela duela hiru urte iritsi zenetik. «Erabat aldatu da. Beste talde bat da. Ez dut Osasuna hau ezagutzen nik ikusi nituen aurpegiak falta direlako». Metamorfosi horrek izen-abizenak ditu. 2010ean Patxi Izko eta Martin Gonzalez zituen alboan. Orain bietako inork ez du jarraitzen.
Erabakiak ezustean harrapatu zuen. «Lasai» zegoen, hirugarren jardunaldia baino ez zelako. «Liga hasi izan ez bagenu bezala da. Gauzak atera genitzakeela uste dut. Ekainean postua betetzeko entrenatzaile ideala nintzen, eta hiru partidaren ondoren, jada ez. Gaitza da ulertzen». Sasoia bukatzean kontratua berritzeko zuen eskubidea erabili, eta lanean jarraitu zuen, eta berriz egingo luke. «Banekien zein jenderekin gelditzen nintzen, eta gustura egon naiz. Ez naiz damutzen jarraitu izanaz, baina agian pixka bat tuntuna izan naiz».
«Tuntuna» hitza bi aldiz erabili zuen bere buruaz mintzatzean. Bigarrenez Javi Graciak bere entrenamendu eta partidak gertutik jarraitzen ikustean zer sentitzen zuen deskribatzean hartu zuen ezpainetan. «Presidenteak esan zidanez ordezkoa gaur [atzo] hautatu du, eta agian tuntuna izan naiz. Baina tira, nik futbola ikusi nahi duen beste entrenatzaile bat errespetatzen dut». Artxankok berak eman zion albistea, bulegoan sartu eta berehala. Presidentea, ondoren, prentsaren aurrean agertu zen eta Osasunak Vila-realen aurka emaniko irudiak «lotsa» sentiarazi ziola esan zuen. Mendilibar ez zetorren bat. «Ez genuen ondo jokatu, baina nik inoiz ez dut lotsarik sentitu nire taldeak bere onena eman duenean. Jokalari askok min hartuta jokatu dute».Hori bai, harritu egin zen Sadarreko zaleek bere aurka izandako erreakzioarekin. «Halako zerbait gertatzen zitzaidan lehen aldia izan zen».
Denboraldi hasiera txarraren zergatiak aztertzen jarrita, arazo fisikoei egotzi zien. «Lehen partidako deialdian jokatzeko moduan nituen 18 jokalariak sartu nituen. Sei min hartuta nituen eta gero bat baino gehiagoez zegoen sasoi betean». Aurreko hiru denboraldietanhelburuak bete zituen, eta lehen bietan Europa ez zuen oso urrun izan. «Iritsi nintzenean hogei milioiko taldea nuen, orain hamabikoa. Beste taldeei ere eragingo zien krisiak, baina guri behintzat bai». Bide horretan harrobiari gutxi begiratu izana egotzi zaio, baina berak bere hautua arrazoitu egin zuen. «Nik ez diot nortasun agiriari begiratzen, nik onenak jartzen ditut, nafarrak diren edo ez begiratu gabe. Gainera nik jokalari asko igo ditut lehen taldera, baina gero onenek jokatu dute».
«Beste» Osasuna bat
Jose Luis Mendilibarrek jokalarien txalo artean eta zuzendaritzako kideei azalpenik eskatu gabe utzi du OsasunaEz da ustekaberik egon, eta Javi Graciak ordezkatuko du entrenatzaile karguan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu