Beste mirari baten bila

Osasunaren aurkako euskal derbian egingo du Julio Velazquezek debuta Alavesen aulkian. Arabarrek zazpi puntura dute salbazioa.

Julio Velazquez, Alaveseko entrenatzaile gisa zuzendutako lehen entrenamenduan, Ibaian. DAVID AGUILAR / EFE.
Iñaki Berastegi.
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Lantegi zaila du Julio Velazquez (Salamanca, Espainia, 1981) Alaveseko entrenatzaile berriak. Oso zaila ere, liga amaitzeko zortzi jardunaldi falta direla, zazpi puntura baitago Cadiz, jaitsiera postuetatik kanpo dagoen lehen taldea. Mailari eusteko miraria beharko du talde babazorroak. Beste bat.

Espainiako Bigarren Mailan, Portugalen eta Italiako Lehen Mailan aritu ostean, Gasteizko taldeak eman dio Espainiako Lehen Mailako talde bat zuzentzeko lehen aukera. Gaur egingo du debuta, Osasunaren aurkako derbian, Sadarren (14:00, La Liga). Eta gaurtik hasi beharko du puntuak batzen, mailari eutsi nahi badio. Halako egoeratan zaildutako entrenatzailea da, bost aldiz hartu baitu talde baten ardura denboraldia hasita zenean. Azken taldea Portugalgo Maritimo izan du: maila galtzetik salbatu zuen aurreko denboraldian, baina denboraldi berrian emaitza kaskarrak pilatzen ari zenez, azaroan kargugabetu zuten.

Marco Sangalli (Donostia, 1992) Oviedoko jokalaria haren aginduetara izan zen Alcorconen, 2017-2018ko denboraldian, Bigarren Mailan. «Alcorcon talde txikia da, eta, fitxaketak berak egiten zituenenez, zuzenean deitu ninduen. Emaitzen aldetik espero baino beherago egon ginen arren, oroitzapen ona daukat».

Haren aginduetara denboraldi bakar bat egin zuen, baina ondo ezagutzen du. «Izaera handiko entrenatzailea da, eta aldagelarekiko distantzia markatzen du. Futbolzale amorratua ere bada». Bost hizkuntza dakizki, etateknologia berrien erabilera oso barneratua duen entrenatzailea da.

Kirol arloan, «duen taldera egokitzen» den entrenatzailea dela nabarmendu du Sangallik: «Erregistro eta sistema ezberdinak erabili ohi ditu, eta, aurkariak asko aztertzen dituenez, modu ezberdinetara planteatzen ditu neurketak». Velazquezen taldeen oinarriak biizaten dira: «Defentsako segurtasuna eta presio oldarkorra bere joko estiloan gakoak dira. Aurkariaren zelaian ahalik eta gehien jokatzen ahalegintzen ginen, eta kontraerasoak oso garrantzitsuak ziren. Ez da baloi jabetzarekin tematuta dagoen entrenatzaile bat».

Sistema ezberdinak erabili arren, Alcorconen bost defentsako atzealdearekin lan egin zuen denboraldiaurrean eta denboraldiaren lehen zatian. «Horrek esan nahi du sistema hori gustuko duen entrenatzailea dela, eta Alavesen erabil dezakeela. Badauzka sistema horretara egokitu daitezken jokalariak».

Zortzi jardunaldi baino ez direnez falta, eta egoera oso zaila dela jakinda, Sangallik dio hain tarte txikian taldeari entrenatzailearen zigilua «erabat» jartzea «zientzia fikzioa» dela. «Hamaikakoan aldaketak egingo ditu, baina ez dut uste iraultza bat izango denik. Jokatzeko modua eta kontzeptu batzuk ere aldatuko ditu». 2014-2015eko denboraldian Gasteizko taldeko jokalaria izan zen Sangalli, eta klubari «estimu berezia» dionez, nahiko luke, «zail» ikusi arren, Alavesek mailari eustea.

Bi taldeetako deialdiei dagokionez, Jagoba Arrasateren 22 jokalariko zerrendan ez daude min hartuta dauden Juan Cruz eta Jesus Areso, eta Alavesen Pons, Javi Lopez eta Guidetti ez daude jokatzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.