Beste lider baten bila

Osasunako agintariek lan zaila dute esku artean: Jagoba Arrasateren ordezkoa topatzea. Hark lorratza utzi du kirol arloan eta futbolaz gaindi, eta datorrenak oso goian izango du langa. Aurre egin beharko die alderaketen zamari eta giro sozial nahasiari.

Jagoba Arrasate, Taxoaren egindako entrenamendu batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Jagoba Arrasate, Taxoaren egindako entrenamendu batean. VILLAR LOPEZ / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 13a
05:00
Entzun

Egonkortasun handiko garaien ostean, zorua pitzatzen hasi zaio Osasunari. Dena dardarka jarri du Jagoba Arrasateren iragarpenak, agur esango baitu sasoi bukaeran. Inork ez daki zer gertatuko den hortik aurrera, baina, ezinbestean, beste aro bat hasiko da, eta beste lemazain bat izango du. Galdera eta zalantza asko dago teknikari berriaren inguruan: etxetik gertukoa izan beharko luke, edo hobe da urrunago begiratzea? Arbelean bestelao marra batzuk egin beharko lituzke, edo oraingo estiloan segitu beharko luke? Eta gai izango ote da, Arrasate bezala, gorritxo guztien buruzagi bihurtzeko? Erantzuna ematen saiatu dira Enrique Martin Monreal, Oier Sanjurjo eta Rafa Aguilera.

ENRIQUE MARTIN MONREAL Osasunako entrenatzaile eta jokalari ohia

«Entrenatzaile berriak garbi izan behar du nora datorren»

Luis Sabalzaren agintaldiko zortzigarren entrenatzailea iritsiko da laster Iruñera. Azken sei urteetan, Arrasate eseri da Sadarreko aulkian; aurrez, ordea, sei entrenatzaile izan zituen Osasunak lau urte eta erdian. Horietako bat izan zen Martin Monreal. Kluba zurrunbilo baten erdian zegoen orduan. Bada, giroa nahasten hasi da orain ere. «Arrasate oso pertsona garrantzitsua izan da Osasunarentzat, eta jendeak jakin nahi du zergatik hartu duen joateko erabakia. Soka luzea ekarriko du hura joateak». Zuzendaritza teknikari bizkaitarrarekin bildu zen duela gutxi, iritzia alda dezakeen jakiteko. Martin Monrealek ez du itxaropenik. «Jagoba ezagututa, ez dut uste erabakia aldatuko duenik. Hari esker ona erakutsi, eta badoala onartu behar dugu».

Era berean, datorren entrenatzaileari «babesa eta denbora» eskaini behar zaizkio. «Pazientzia izan behar dugu, eta jabetu beste aro bat hasiko dela. Denok egin behar dugu tira. Hala izan ez denean, arazoak izan ditu Osasunak». Konparaziorik egin beharrik ez dago. «Ezin gaitezke iraganean bizi. Ilusioa izan behar dugu entrenatzaile berriarekin. Konparazioek ez dute inongo mesederik egiten».

Osasuna azalberritu egin daiteke, teknikari ohiaren ustez. «Proiektu berriak ez du zerikusirik izango azken urteetakoarekin. Hori bai, etortzen denak argi izan behar du Osasunak nortasun eta balio jakin batzuk dituela, beti errespetatu beharrekoak». Ez luke begi txarrez ikusiko Taxoarera begiratu eta Santi Castillejori ematea aginte makila. «Harrobian itsuki sinesten dut, jokalariei zein entrenatzaileei dagokienez. Niretzat, prest dago. Baina beste norbaitek esango dizu ez duela esperientziarik. Zenbat buru, hainbat aburu».

OIER SANJURJO Osasunako jokalari ohia

«Datorrenak ez luke Jagobaren aldean oso desberdina izan beharko»

Arrasatek utzitako ondareaz oso jakitun dago Sanjurjo. Lau urtez jokatu zuen teknikari bizkaitarraren esanetara, kapitain moduan. Funtsezko jokalaria izan zen 2018ko igoeran, baita Lehen Mailako egonkortze prozesuan ere: Arrasateren formula arrakastatsuaren parte izan da. Orain, Sanjurjok ez luke apustu apurtzailerik egingo. «Trantsizio momentu batean dago kluba, eta datorrenak ez luke Jagobaren aldean oso desberdina izan beharko. Izan ere, ondorio kaltegarriak ekar litzake norabidea nabarmen aldatzeak».

Alde horretatik, entrenatzaile berriak «etxekoa edo etxetik hurbilekoa» izan beharko luke, Sanjurjoren aburuz. «Atzera begiratuta, hori da Osasunari beti hobekien etorri zaion entrenatzaile mota. Hortik urrunduta, aldaketa handiegia izango litzateke jokalarientzat eta jendearentzat». Jokamolde aldetik ere, ez omen da iraultzarik komeni. «Azken urteetako estiloa da egokiena, aintzat hartuta Osasunako jokalariek zer ezaugarri duten eta Nafarroan futbola nola ulertzen dugun. Zuzen eta azkar jokatzea, baloia aurkariaren zelaian lapurtzea… horiek funtsezko osagaiak dira».

Talde barruko batasuna izan da Osasunak azken urteetan izan duen indargune nagusietako bat. Entrenatzaile aldaketak ez du giroa zertan zapuztu, baina ñabardura bat egin du Sanjurjok. «Jokalariek batuta jarraituko dute, ez dut zalantzarik, baina ikusteko dago teknikari berriaren mezua nola hartzen duten; hau da, ideia horretan benetan sinesten duten, eta bere egiten duten. Hor egongo da gakoa».

Euskararen ikuspegitik ere, galera handia ekar lezake Arrasate joateak. «Hark bultzada handia eman dio euskarari Nafarroan. Oso harro sentitu gara. Euskarak merezi eta behar duen tokia izan du Osasunan. Baina bagenekien ez zela betiko izango. Gainera, badakit horrek oraindik alergia pittin bat ematen diola zenbaiti, eta ez zegoela eroso euskara horren indartsu ikusita».

RAFA AGUILERA Radio Euskadiko kazetaria

«Dolua kudeatzen asmatu beharko du entrenatzaile berriak»

Futbolaz harago dagoenak zerikusi handia izan du Arrasateren arrakastan. Hala uste du Aguilerak. «Alor sozialean maisua izan da Arrasate. Hasieratik bat egin du zaleekin. Taldearen bozeramailea eta tximistorratza izan da, eta konpromiso handia erakutsi du euskararen aldeko defentsan. Egonkortasun handia eman dio klubari». Hortaz, hura ordezten duenak, entrenatzaile ona ez ezik, liderra ere izan behar du. «Arrasatek adostasun handia sortu du bere inguruan, eta funtsezkoa da haren ordezkoak ere beste horrenbeste egitea. Ez dakit zenbat entrenatzaile dauden izaera hori dutenak».

Aguileraren hitzetan, «haustura» eragin du Arrasateren iragarpenak. «Zaleek ez dute nahi hura klubetik joaterik, eta ez dute ulertzen zer gertatzen ari den». Horrenbestez, sentikortasuna eta adimen emozionala eduki beharko ditu lemazain berriak. «Dolua kudeatzen asmatu beharko du». Prozesua errazagoa izan daiteke hurbileko entrenatzaile batekin? «Kirol zuzendaritzak oso garbi uzten badu zeren bila dabilen, eta teknikaria ados badago, ez dakit zenbateraino den ezinbestekoa etxetik gertukoa izatea. Batzuek azkarrago ulertzen dute non dauden, eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie».

Kirol arloan, erronka handia izango du, baliabide mugatuak baititu klubak. «Taldearen diseinua izan da aurtengo arazoetako bat. Ezin izan dute osatu nahi zuten taldea, eta are zailtasun handiagoak izan ditzakete hemendik aurrera, klubak jada ez baitu izango CVC funtsaren koltxoia». Dena den, aldaketa esanguratsuak egon litezke jokalari multzoan. «Ematen du datorren urteko proiektuak amaiera emango diola taldea Lehen Mailara eraman zutenen aroari. Bestela, Ruben Garciaren kontratua berrituta legoke honezkero». Oraindik galdera asko daude erantzuteko. «Inork ez daki esku artean zer proiektu daukaten Brauliok eta Fran Canalek. Haiek zuzentzen dute kluba».

Aguilerak ez daki zeintzuk izango diren teknikari berria hautatzeko epeak, baina kritiko agertu da. «Denbora asko galdu dugu, eta halaxe joan dira aste garrantzizko batzuk. Datorrenak egin beharko duen lana kontuan izanda, berandu da jada. Ez dabiltza garaiz, Arrasatek esango lukeen moduan». Bizkaitarraren agurrak jokoz kanpo harrapatu du zuzendaritza. «Klubean ez dute kontuan izan Jagobak ezetz esan zezakeela, hori pentsatzeko zantzuak bazeuden arren. Eta orain, irudipena dute ez direla gai izan gertatu dena geldiarazteko». Datorren urtean hauteskundeak daudela aintzat hartuta, ikusteko dago urak zenbateraino harrotuko diren. «Oraintxe ez daukagu informazio guztia, ez dakigu zerk eragin duen hau guztia. Prentsaurrekoan ez zen dena mahai gainean jarri. Bada, hauteskundeen testuinguruan, baliteke argitara ateratzea esan gabe utzi dena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.