Salma Solaun

Beste katebegi bat

Gasteizko gimnastika harrobiak emandako azken harribitxia da Salma Solaun. 15 urte baino ez ditu, eta jada hasia da nazioartean nabarmentzen: zintan, brontzea irabazi zuen iaz gazte mailako Munduko Txapelketan. Olinpiar Jokoak ditu amets.

RGJOURNALISM / BERRIA.
Julen Etxeberria.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Gasteiz eta gimnastika erritmikoa eskutik joan dira beti. Handik irten dira gimnastarik onenak: Tania Lamarca, Estibalitz Martinez, Lorena Gurendez eta Almudena Cid, besteak beste. Lehen hirurek urrezko domina irabazi zuten 1996ko Atlantako (AEB) Olinpiar Jokoetan. Cid, berriz, lau aldiz aritu zen jarraian Jokoetako banakakoaren finalean: 1996an, Atlantan: 2000n, Sydneyn (Australia); 2004an, Atenasen; eta 2008an, Pekinen. Beste gimnasta bakar batek ere ez du egin halakorik.

Haien guztien bideoak ikusten hazi da Salma Solaun. Gasteizko harrobi agorrezinak eman duen azken harribitxia da. Aurretik Lamarcak, Martinezek eta Cidek egin bezala, Beti Aurrera klubean ari da. Nerabea da oraindik, 15 urte baino ez ditu, baina gimnasten artean ohikoa da oso goiz lehiatzen hastea, baita oso goiz erretiratzea ere. Ciden gisako adibideak daude —28 urterekin hartu zuen erretiroa—, baina salbuespenak dira.

Ohiko historia da Solaunena. «Etxean segundo batez geldirik egon ezin duten haur horietako bat nintzen, eta, energia hori zerbaitetan gastatu nezan, gurasoek gimnastika erritmikoan apuntatu ninduten». 3 urte baino ez zituen. Berehala ikusi zioten gaia, eta 9 urterekin jada lehiatzen ari zen; lehiatzen, eta makina bat sari irabazten. Urteak daramatza etxean kopak eta dominak pilatzen.

Azken urtean lortu ditu garrantzitsuenak. Iaz, brontzezko domina irabazi zuen zintarekin, gazte mailako Munduko Txapelketan; non, eta gimnastika erritmikoaren sehaskan, Errusian, Moskun. Hiri horrek oroitzapen onak besterik ez dio ekartzen. Izan ere, han lehiatu zen azkenekoz, otsailean, gazte mailako nazioarteko torneo batean, eta bi domina irabazi zituen: zilarrezkoa zintarekin, eta, brontzezkoa sokarekin. «Izugarri pozik nago egin dugun lanak saria izan duelako. Kostatzen ari zait barneratzea azkenaldian lortu dudan guztia».

Asko dira Euskal Herritik kanpo dauden goi errendimendurako guneetara joan diren euskal kirolariak. Gimnastika erritmikoan, Leongoa (Espainia) da garrantzitsuena. Solaunek aukera izan du hara joateko, baina «gustura» dago etxean. Beti Aurrerak erabiltzen duen Abetxukuko kiroldegian entrenatzen da, Marga Armasen esanetara. «Baina» bakarra du: toki falta. «300 neska baino gehiago ari dira klubean, eta bi tapiz besterik ez dugu. Eskertuko genuke toki gehiago izatea».

Orain, tokirik gabe

Askoz okerrago dago orain, etxean sartuta. «Ariketa fisikoak egin ditzaket, baina koreografiak eta mugimenduak lantzeko, toki zabal eta garai bat behar dut. Gu entrenatzen garen tapizak 169 metro koadroko azalera du. Beraz, pentsa nolako zailtasunak ditudan orain». Horregatik, «irrikan» da ohiko egunerokora bueltatzeko. Eguneroko trinkoa da. «Goizean, eskolara joaten naiz, eta arratsaldean, kiroldegira; bost ordu inguruz aritzen naiz. Gero, etxera iritsi, afaldu eta etxeko lanak egiten ditut.Horrela ia egunero. Ondo daramat eskola eta gimnastika uztartzea. Horrela jarraitu nahi dut. Argi dut ikasketak lehentasuna direla. Ondo antolatzea da gakoa».

«Arima du, transmititu egiten du, eta talentu hutsa da». Halaxe definitu du bere entrenatzaileak. Lotsatu egin da hori entzundakoan, baina aitortu du saiatzen dela tapizean «transmititzen». Gimnasta «eleganteak» ditu ispilu: bata, gertukoa, Paula Gomez gasteiztarra; eta, bestea, urrutikoa, Hanna Rizatdinova ukrainarra. «Gure klubean ari zen Paula, eta hura bezala izan nahi nuen. Rizatdinova, berriz, asko gustatzen zitzaidan, oso elegantea zen». Bost elementuen artean —pilota, zinta, soka, uztaia eta mazoak—, berriz, zinta du kutunena. «Asko gozatzen dut harekin». Aldiz, ez du gustuko koreografia jakin bat. «Aldatzea gustatzen zait, eta askotariko estiloak lantzea. Espresibitate ezberdinak erakustea gustatzen zait».

Maiatzean Kieven jokatzekoa zen gazte mailako Europako Txapelketa zuen helburu nagusia aurten, baina bertan behera geratu da. Aukerarik ez zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan aritzeko, 16 urtekoa baita gutxieneko adina parte hartzeko. Baina Jokoak urtebetez atzeratu izanak ate bat ireki dio. «Oso zail» ikusten du, hala ere. «Lehen urtea besterik ez dut maila nagusian. Goiz da». Baina gero eta gertuago du ametsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.