Italiako Giroa. Richard Carapaz

Beste jauzi handi bat

Arrapaladan igo da Richard Carapaz nazioarteko txirrindularitzaren elitera. 2016a amateur mailan hasi zuen, eta, hiru urteren buruan, Giroa irabazi du. Pitzadurarik gabeko liderra izan da, Movistarren lan bikaina lagun.

ALESSANDRO DI MEO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Txirrindularitza bigarren mailako kirola izan da beti Ekuadorren. Oso sona gutxi izan du futbolaren aldean. Idolo baten beharra dago oihartzuna lortzeko, eta Ekuadorko ziklismoak ez du sekula izan halakorik. Harik eta Richard Carapaz agertu den arte. Herrikide guztien soa bereganatu du Movistarreko txirrindulariak, Italiako Giroan distira eginda. Itzuli handi bat irabazi duen lehen ekuadortarra da, eta Giroan gailendu den bigarren hegoamerikarra, Nairo Quintana kolonbiarraren ostean. Gailurrera bide motzenetik iritsi da, Europara iritsi eta hiru urte eskasera. Lizarten hasi zen, afizionatu mailan, eta jauzi handiak eman ditu denboraldiz denboraldi, Veronako (Italia) anfiteatroan zerua ukitzeraino.

Umetan, Carapazek ez zuen futbolari izan nahi, txirrindulari baizik, eta BMX urdin batera igota hazi zen, 3.000 metrotara pedalei eraginez. Andeetan dago bere jaioterria, Kolonbiako mugatik gertu. Hara joan zen 2015an, erakusleiho aproposago baten bila. Europako talde handien arreta bereganatu nahi zuen. Bada, Movistarrek jo zion atea, Lizarten sei hilabete eskas eman ondotik. Ikastun gisa iritsi zen, eta berehala konbentzitu zituen zuzendariak. Geroztik, zeresana eman du maila apaleko zenbait itzulitan: bi aldiz irabazi du Asturiasko Itzulia, bigarren izan da Route du Suden, hirugarren Gaztela eta Leongo Itzulian... Haatik, Giroa erabili du tranpolin gisa.

Iaz eman zuen lehen jauzi handia, Giroa laugarren postuan bukatuta. Horretaz landa, Montevergine di Mercoglianoko etapa irabazi zuen, eta zortzi etapatan gazterik onenaren elastikoa jantzi. Aurten, berriz, zuriz ez, arrosaz jantzi da, eta hala bukatu du Giroa. Inork ez zuen halakorik espero. Geraint Thomasek iazko Frantziako Tourrean egin bezala, ekuadortarrak taldeburu izan gabe irabazi du lasterketa. Ustez, Mikel Landarena zen aginte makila, eta Carapazi luxuzko ezkutari izatea zegokion. Ezkutuan hasi zuen lasterketa, faboritoen begiradapetik urrun; areago, hirugarren etapan matxura baten erruz 46 segundo galdu eta gero.

Alabaina, biharamunean argitara atera zen, Frascatiko helmugan gailenduta. Askorentzat, anekdotikoa izan zen garaipen hura. Etapa erabakigarrietan talde lanera makurtu beharko zuen ziklista batek jasotako pizgarria, besterik gabe. Aitzitik, egunen joanean, eszeptikoak fededun bihurtuz joan zen. Duin moldatu zen San Marinoko erlojupeko luzean —hamaikagarren izan zen, Primoz Roglicengandik 1.55era—, inork baino azkarrago igo zituen Serru aintzirako igoerako azken kilometroak, eta erakustaldi gogoangarria egin zuen Courmayeurrera bidean. San Carlon, helmugatik 27 kilometrora jo, etapa irabazi, eta maglia arrosa jantzi zuen. Gainontzeko oilarrei ia bi minutu atera zizkien.

Lehen urratsa egina zeukan, beraz. Zailena gelditzen zitzaion, ordea: lidergoari eustea, Vincenzo Nibali eta Roglicen ahaleginei aurre eginez. Esloveniarra 16. etapan utzi zuen jokoz kanpo. Mortirolon atzean utzi, eta 1.22 atera zion. Sailkapen nagusian 2.09ra zuen jada. Horrenbestez, Nibali zen lasterketa irauli zezakeen bakarra. Italiarra maisua da ezerezetik urrea ateratzen, baina zilarrarekin konformatu behar izan du, altzairuzko lider batekin topo egin duenez gero. Ahuldade zantzu bakar bat ere ez du erakutsi Carapazek, eta estutasunik gabe eutsi die aldeei. Veronako erlojupekoan, 49 segundo kendu zizkion Nibalik, eta 46 Roglicek; alta, esan beharrekoak esanda zeuden jada.

Landaren argi-ilunak

Ekuadortarra izan da indartsuena mendateetan, eta, hori gutxi balitz, babes itzela eman dio taldeak. Ezohiko anbizioa, ausardia eta adimen taktikoa izan ditu Movistarrek, eta, hala, erabat zuzendu du okerreko bidetik hasitako denboraldia. Maila ezin hobean ibili dira Carapazen laguntzaileak. Aspaldi ez bezala jardun da Jose Joaquin Rojas; ihesaldi estrategiko askotan sartu da Andrei Amador, eta une erabakigarrietan agertu dira Hector Carretero eta Antonio Pedrero. Nabarmentzekoa da horrek Mortirolon Nibali harrapatzeko eginiko lana.

Landaren jarduna ere goraipagarria izan da. Lasterketari taldeburu moduan ekin zion, baina,Carapazek lidergoa bereganatuta, otzan eta leial jokatu du. Eta, hala eta guztiz ere, podiumean sartzear izan da. Zortzi segundo eskasengatik egin dio ihes hirugarren postuak. Ez da itzuli handi bateko podiumaren atarian gelditzen den lehen aldia, 2017ko Tourrean segundo bakarra falta izan baitzitzaion. Gakoa erlojupekoetan dago. Izan ere, arabarrari denbora asko joan zaio bakarkako saioetan, azkenekoan hainbestean moldatu arren. Guztira, 4.41 galdu du Roglicekin, 3.16 Nibalirekin eta 1.13 Carapazekin.

Bestela, nahieran ibili da mendateetan. Soilik Carapaz izan da hura baino gehiago. Montoso, Serru aintzira, Mortirolo, Anterselva, Monte Avena... Igoera horietan berretsi du bueltan dela Landarik onena, azken urtean erorikoekin bizitako kalbarioaren ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.