Xabi Oroz. Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Beste inorekin ez alderatzen ikasi dut sendatze prozesuan»

Belauna txikitu zuen iazko apirilean Murtziaren aurkako partidan, eta ia bederatzi hilabeteren buruan itzuli da jokatzera. Aste pare bat darama lehian, eta azaldu du nolakoa izan den lesio larria osatzen egindako lana.

JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
Azkoitia
2022ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Xabi Oroz Gipuzkoa Basketeko kapitainak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996) bere herriaren gainaldean jarri du ordua. Saski bat dago han, tente justuan eusten diona. Gustura heldu dio uztaitik argazkiak ateratzeko orduan. Keinu huts bat askorentzat. Askoz gehiago ia bederatzi hilabete jokatu ezinda egon denarentzat.

Berriz jokalari sentitzeaz aparte, beste zerbait ere eman dizu jokatzera itzuli izanak?

Atzera begira jarrita, belauneko lesioa osatzeko prozesu luze hau nik kudeatu ahal izateak asko bete nau. Kudeatzea da nik nire pentsaeraren arabera egitea gauzak, eta gustura nago osatzeko mugak ez jarri izanarekin. Pertsonak ezberdinak gara, baita ingurua ere, eta mugak jartzearen kontra egon izan naiz beti. Bidea egitea norberaren lana da. Zortzi hilabete pasa ditut jokatu gabe, nire belaunaren bilakaera horrelakoa izan delako.

Mugak ez jarri izanak lagundu egin dizu bidea arintzen?

Lehen uste zen sei hilabetean belauna ez bazen osatzen zerbait gaizki ateratzen ari zela, baina orain ez da horrela. Adituek diotenez, zenbat eta denbora gehiago pasatu osatzen, belauna sendoago jartzen da. Inguruan izan ditudan profesionalek lan oso ona egin dute, eta jakitun nintzen horretaz; asko lasaitu nau horrek.

Profesionalen —mediku, fisioterapeuta eta abar— eta gaixoaren arteko konfiantzarik gabe, lan txarrak, ezta?

Entzun egin naute, eta funtsezkoa da hori. Idatzita dago zer egin behar den osatzeko, eta, zorionez, ez da atzerapausorik egon. Egun gutxi izan ditut txarrak, bezperan bezain ondo ez egotea, adibidez. Lasai hartu dut halakoetan: aste batean lau aldiz entrenatzea tokatzen bazen, eta belaunak ezin bazuen, beste lan batzuk prestatzen zizkidaten profesionalek.

Entzute hori zertan gauzatu da?

Amma zentroan egin dut errekuperazio lana, eta bertako Ander Formoso prestatzaile fisikoak harreman estua izan du Eugenio Rodriguez gure taldeko prestatzailearekin, eta gurekin etortzen zen kantxako lanetara. Eguneroko lanak eta ariketak bien artean eta niri galdetuta prestatu dizkidate.

Iazko apirilean, Murtziaren aurkako partidan egin zizun kale belaunak. Zer pentsatu zenuen une hartan bertan?

Min handia sentitu nuen, baina pasatu egin zitzaidan hamar minutura. Telebistako irudietan ikusitakoaren arabera, belaunaren mugimenduak ez zuen kontu larririk iragartzen, baina erresonantzian azaldu zen txarrena. Kolpea izan zen hori, baina motibatuta eta indartsu nengoenez, aurrera egin nuen. Era berean, asko lagundu zidan jendearen babesak: antzeko lesioa izandako ezezagun batzuek ere kasu egin zidaten, goi mailako kirolariek-eta. Espero ez nuen saskibaloi jokalari batzuen mezuak ere jaso nituen. Herritarrak eta lagunak ere arduratu ziren, eta horrek indarra eman zidan.

Zure ibilbidean hoberen jokatzen ari zinenean hartu zenuen min. Horrek kolpea handitu zizun?

Bai, baina motibazioa eman ere bai, berriz ere maila horretara heldu ahal izateko.

Hala ere, momentu txarrak ere bizi izan dituzu osatze aldian.

Errekuperatzen hasi nintzenean ez nuen ondo pasatu, ezta gimnasioan sartzen hasi nintzenean ere. Lehiakortasuna galdu egin nuen han zuloan sartuta. Oso naiz lehia zalea, eta gimnasioan falta nuen. Kezkatu egin nintzen, eta buruari bueltak ematen hasi. Itzulera urrun ikusten nuen orduan, eta ilusioa galdu nuen.

Laguntza psikologikoa eskatu zenuen orduan?

Ez. Nire kontura eman nion buelta, baina lagunak hor izan nituen. Gauzak kontatzen nizkien garbi, eta barruak husteak lagundu egin zidan. Gaur egungo pandemia egoerak ez dit asko lagundu, ordea, gauzak kudeatzeko era ez da ulergarria. Horrek guztiak ez dit lagundu nire prozesuan, pertsona naizen aldetik. Ilusioa galdu nuen. Gero, entrenatzen hasi nintzenean taldekideekin, berriz sentitu nintzen ni nintzela, eta banuela lehiatzeko gogoa.

Zer sentitu zenuen itzulerako lehen partidan, urtarrilaren 16an, Praten kantxan?

Ezer berezirik ez. Hilabete asko eman ditut baloia ukitu gabe, eta bakarkako lanean ezin da aurrenekotik onena eman. Osatze prozesua ez daukat bukatuta, mugak ditut, gauzak neurtu behar ditudalako. Sentimentalki lesioaren aurretik bezala sentitu nintzen, belauna ere lehen bezala zegoen, eta harro nago alde horretatik. Bestelakoan, partidetan, joango naiz nire lekua hartzen kantxan.

Noiz bukatuko duzu prozesu hau?

Agian ez da bukatuko. Belauna berez zahartuko litzaidakeena baino lehen zahartuko zait. Saskibaloia utzi artean, egunero ariketa batzuk egin beharko ditut. Nire gorputza da, eta zaindu egin behar dut, saskibaloira jokatzeko ez ezik, kirol hau utzi eta geroko ere.

Berriz lesio bera izateko beldur zara orain?

Ez. Horretan ez dut pentsatzen jokatzen ari naizenean, eta arrakastatzat hartzen dut hori.

Osatze aldiaren lehen aldian, saskibaloia baztertu zenuen?


Hasieran ez, baina gero bai. Udak harrapatu ninduen lesioaren hasieran, lehiarik ez zegoen, eta gainera, kontratua bukatzen zitzaidan. Ez nuen gai horretaz hitz egin nahi, eta abuztu aldera arte ez nuen berritu. Nire burua lesioa osatzeko lanean zegoen. Behin kontratu berria sinatu eta gero, gimnasioan nenbilenean, ez nuen gogo handirik izan saskibaloia ikusteko ere. Azaroa arte egon nintzen horrela. Lesioaren aurretik egunero egiten nuena ezin nuen egin, eta ilusioa galdu nuen.

Beste zerbaiti heltzeko baliatu duzu geldialdia?

Belauna bere onera eramateko dena jarri dut. Talde baten barruan sentitu naiz beste lesio batzuk osatzen ari zirenekin Amma zentroan. Lesioa, eta nire kasuan saskibaloia ahantzarazi dizkidate, eta beste gauza batzuetan ipinarazi didate burua.

Gero, berriz, saskibaloia beste konturik ez omen duzu ibili.

Lehiarako grina berreskuratu nuenean, taldekideekin Euroligako partida guztiak ikusten nituen, adibidez. Galdu nuena batera etorri zitzaidan, eta saskibaloia besterik ez neukan buruan. Orain, lasaiago nabil berriz.

Zer ikasi duzu zortzi hilabete hauetan?

Hasteko, gauzekin presarik ez edukitzen, eta gero, beste inorekin ez alderatzen. Belauneko lesioaren kasuan, bakoitzak bere erritmoak dauzka, eta bat azkarrago osatzen bada ez du esan nahi beste bat baino gehiago denik. Eguneroko bizitzarako ere balio du horrek.

Indartuta atera zara prozesu honetatik?


Aurre egin diot egoerari. Gimnasioa ez zait gustatu inoiz, eta lau hilabete eta erdi egon naiz egunero bertan lanean, kexatu gabe. Hor atera naiz indartuta, eta mentalki ere bai. Ustez egiteko gai ez nintzen gauzak egin ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.