Eneritz Iturriagaetxebarria

Beste hasiera bat

Bizikletatik autorako urratsa eginda, bizkaitarra izango da BZK proiektu sortu berriaren zuzendaria. Munduko Kopak ahaztuta, «gazteen formazioa» da erronka nagusia.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2014ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Txikia da proiektua, umila». Horrelakoak izaten direlako lehen pauso gehienak. «Gazteekin hasi behar dugu lanean, oso alboratuta dauzkagulako den-denak. Oinarria landu ezean, ezinezkoa da etorkizunean inork gora egitea». Hizketan hasten denean pedalei eragiten ari dela ematen du Eneritz Iturriagaetxebarriak (Abadiño, Bizkaia, 1980). Pasioz beti; erritmo aldaketak eginez beti. «Garbi neukan behin erretiroa hartuta urtebeteko atsedena nahi eta behar nuela». Eta hala egin zuen. Baina uste baino lehenago ireki diote BZK Emakumeen Bira proiektu berriaren atea. Zuzendari lanetan autoan sartuta, Lointek eta Bizkaia-Durangoren ondoren Euskal Herriko elite mailako hirugarren taldearen burua izango da bizkaitarra.

Agustin Ruiz Emakumeen Birako buruaren hordagoari erantzunda, Biraren atarian Iturriagaetxebarriak baiezkoa eman zion CAF Engineering proiektuari. Baina, lasterketa hasi bezperan, UCIren arautegiak utzi zuen abadiñarra autoan sartu ezinik. «Denentzat berbera da legea, eta bete egin behar da. Kolpe handia hartu genuen orduan, baina ikasi dugu. Berriz ez zaigu gertatuko horrelakorik». UCIk onartu du jada BZK egitasmoa, eta osatuta dago taldea. Ez dago atzera bueltarik.

Hori bai, bere bidean jarraituko du CAFek. «Bederatzi kadetek eta hiru gaztek osatzen dute talde hori, eta beste gazte batekin tratuan ari gara». BZK, berriz, «goi-goi mailako taldeetara iritsi aurreko pausoa» izango da Iturriagaetxebarriaren hitzetan. «Hain txirrindulari gazteentzat ez da erraza gazteen mailatik gora egin eta, bat-batean, Munduko Kopetan lehiatzen hastea. Egutegi horretatik kanpo, formazio lana izango da gurea».

UCIren sailkapeneko lehen hamabost taldeak lehiatzen dira Munduko Kopan. «Baina guk, oraindik, ez daukagu punturik, noski, eta Espainiako Kopan eta Euskaldun Torneoan parte hartuko dugu». Egutegia osatze aldera, dagoeneko lotuta dauzkate sei lasterketa Frantzian. «Eta Italia eta Belgikako hainbat probatako antolatzaileen erantzunaren zain gaude». Bizkaitarrak argi dauka, ordea, ezezkoa jasoz gero bere txirrindulariak ez direla geratuko etxean. «Kasu horretan gazteen mailako gizonezkoekin joango ginateke lehiatzera».

Bederatzi txirrindularik osatzen dute BZK. Etxekoak dira sei: Ziortza Isasi, Naia Alzola, Olatz Agorria, Aiala Amesti, Naia Dominguez eta Eider Unanue. Eta hiru kanpokoak: Gloria Rodriguez eta Maria San Jose espainiarrak, eta Mar Bonnin balearra. «Oso gazteak dira gehienak, baina oso ondo ezagutzen ditut. Eurek ere behar dute lasterketetan euren ondoan egongo den norbait; psikologo lana egin beharko dut askotan». Gauza bakarra eskatu die txirrindulariei: «Den-dena eman dezatela». Hori bai, guztientzat izango da esperientzia erabat berria. «Nik ere asko daukat ikasteko; txirrindularien pentsamendua daukat oraindik». BZK-ko zuzendariak badaki zaila izango dela gorako pausoak ematea. «Baina ez ezinezkoa».

Gazteenei laguntzea bezain garrantzitsua izango da Iturriagaetxebarriarentzat txirrindulari-zuzendari horma hori eraikitzea. «Beti mantendu behar izaten delako distantzia jakin bat». Baina, alde horretatik, «ondo baino hobeto» ikasita dago bizkaitarra. «Lehian ibili nintzen azken urteetan Diana Ziliute lituaniarra izan zen nire zuzendaria, nire lagunik onena, eta ederki ikasi nuen muga non zegoen». Ikasitakoa praktikan jartzea falta zaio orain.

60.000 euroko aurrekontua

«Autoak, furgoneta, bidaiak, abalak, kontratuak, seguruak... Egitura txikia nahi genuen, baina oharkabean handitzen da dena». 60.000-70.000 euroko aurrekontua dauka proiektuak, eta lotuta daukate zatirik handiena. «Baina xehetasun batzuk falta dira oraindik». Horregatik jarraitzen dute babesle bila. «Irailean hasi ginen lanean, eta Madrilen eta Asturiasen ere aurkitu dugu babesleren bat edo beste. Zenbat eta babesle gehiago eduki, orduan eta lasterketa gehiagotan lehiatuko gara atzerrian».

Hainbesteko pasioarekin bizi du Iturriagaetxebarriak gazteenen formazioa, Agustin Ruizi hasieratik argi utzi zion ez zuela jasoko euro bakar bat ere zuzendari lanak egiteagatik. «Nahiago dut neuk jaso beharreko soldatarekin gazteak atzerrian beste lasterketaren batean lehiatzea». Txirrindularien prestaketan eta elikadura kontuetan ibiltzen da bizkaitarra. «Badaukat nire lanbidea, eta zuzendari lanetan hasi naizelako ez naiz bihurtuko orain aberats».

Gizonezkoetan maila gorenean talderik ez Euskal Herrian, eta emakumezkoetan hiru dagoeneko. «Lorpen handia da hori, eta ea kasu gehiago egiten diguzuen emakumezkoei!». Abadiñarrak onartu du «geroz eta serioago» hartzen duela zaleak emakumezkoen txirrindularitza, eta berak ere serio hartu du proiektua. «Behe-behetik hasita, UCIren sailkapeneko lehen hamabosten artean egon nahiko nuke etorkizunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.