Maitane Lopez. Realeko jokalaria

«Beste exijentzia eta motibazio batzuk topatu ditut hemen»

Realak udan egindako fitxaketa nagusia izan zen Maitane Lopez. Gustura eta eroso ageri da zelaian, eta hala berretsi du berak ere. Taldearen jokoak mesede egiten diola nabarmendu du, eta helduago sentitzen dela.

LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Realak aurkari zuzen baten zelaian jokatuko du bihar: Granadillarenean. Talde txuri-urdinaren zelai erdiko funtsezko jokalaria da Maitane Lopez (Mallorca, 1995). Hauspoa, oreka eta kalitatea ematen dizkio.

Real Madrilen eta Deportivoren aurka irabazi eta gero, bete-betean sartu zarete berriro hirugarren posturako borrokan. Azken txanpara hauspotuta iritsiko zarete, ezta?

Bai, hala da. Berriro ere benetako aukerak ditugula ikusi dugu. Real Madrilen aurkako garaipena izan zen berriro gora begira jarri gintuena, eta gero, segida eman genion Deportivoren kontra. Baina, galdu arren, Levanteren kontra egin genuen lana ere nabarmendu nahiko nuke, oso ona izan baitzen.

Zuen entrenatzaileak, Natalia Arroyok, zioen goian egoteko gakoa garaipen batzuk kateatzea izango dela. Hori falta izan zaizuela denboraldi honetan. Ados al zaude?

Argi dago hala dela, eta bidean hainbat puntu utzi ditugu. Baina horretatik ikasi dugula uste dut. Bartzelonaren aurkako partidan izan ezik, galdu edo berdindu ditugun beste norgehiagoketan ez gara aurkariak baino gutxiago izan. Hori ere garrantzitsua da: ikustea edozeinen aurka duzula irabazteko aukera.

Partida horietan nola sentitu zarete zelaian?

Nik nabarmenduko nuke talde oso ausarta garela, eta baloia izatetik abiatuta, gauzak proposatzea gustatzen zaigula, arriskatzea. Joko hori egitea zailagoa da aurkari zuzenen kontra, gehienek ere jokoaren ekimena izatea nahi izaten baitute. Baina partida horietan ere ez diogu muzin egin gure estiloari. Horrekin geratzen naiz.

Zer falta izan zaizue berdindu edo galdu duzuen partida horietakoren bat irabazteko?

Nik uste dut eraginkorragoak eta irmoagoak izatea, bi areatan.

Zertan hobetu behar duzue hirugarren postu hori lortzeko?

Aurkari guztiek ez dizute partida berdina planteatzen, eta asmatu egin behar dugu guretzat hain garrantzitsuak diren zuloak topatzen. Askotan kosta egiten zaigu partidak irakurtzen asmatzea. Horretan gehiago hobetu dezakegula uste dut, batez ere partida hasieratan.

Aurkari zuzenak nola ari zara ikusten?

Oso indartsu. Gutxitan galtzen dituzte puntuak, eta horrek behartzen zaitu zuk puntuak ez galtzera, eta haien aurkako partidak irabaztera. Tarte gutxiago dugu huts egiteko, baina ez dugu horretan pentsatu behar. Arreta eguneroko lanean jarri behar dugu.

Bihar, Europako borrokan dagoen beste aurkari bat izango duzue aurrean: Granadilla. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Oso partida borrokatuak planteatzen ditu, buruz buruko jokaldietan oinarrituta. Hor hobeak izan behar gara, eta baloia lurrera jaitsi eta gure jokoa egin. Belar artifizialeko zelaietan gehiago kostatzen da hori egitea. Baina erakutsi dugu gai garela horretarako baldintza kaskarretan egoten diren zelaietan.

Taldeko fitxaketa garrantzitsuena izan zinen udan. Nola ari zara sentitzen? Gustura zaude taldearen jokatzeko erarekin?

Oso pozik nago. Taldearen jokatzeko moduak mesede egiten dit, eta Natalia gero eta konfiantza handiagoa ematen ari zait. Fitxatu aurretik harekin hitz egin nuen, eta galdetu nion lehen gauza izan zen zer garrantzia ematen dion baloia izateari, niri hori zaintzen duen talde batean jokatzea gustatzen baitzait. Oso gustuko dut gure entrenatzaileak futbola ikusteko eta ulertzeko duen modua.

Taldez aldatzeko erabakia hartzen duzunean askotan aipatzen duzue kirolariek erronka berriak bilatzen dituzuela, eta hazten segitzea. Hori lortu duzu zuk hona etorrita?

Beste exijentzia eta motibazio batzuk behar nituen, eta topatu ditut. Hazten ari naizela uste dut. Ardurak hartzen ari naiz zelaian, eta askoz helduago ikusten dut neure burua. Psikologikoki ere aurrerapauso bat eman dudala uste dut. Taldekide apartak ditut, eta asko ikasten ari naiz haiengandik eta entrenatzaileen multzoarengandik. Oso pozik nago.

Zure ametsa ere bazen Realean jokatzea, Aitor eta Luis Mari Lopez Rekarte osabak bezala.

Hala da. Aitorrengandik gertu bizi naiz, eta gomendio asko ematen dizkit. Baita nire aita futbolaria izan zelako ere. Beti eskatzen diet argi eta egiazki hitz egiteko.

Gitarra jotzen duzu, koadroak margotu, irakurri... Zer ematen dizute kulturazaletasun horiek?

Futbolaz ahazten laguntzen dit batzuetan, eta arreta beste gauza batzuetan jartzen. Funtsezkoa da hori. Gogoa eta inspirazioa dudanean eskaintzen diet denbora. Autodidakta naiz.

Zer ari zara orain irakurtzen?

Aldi berean liburu bat baino gehiago irakurtzen duen horietakoa naiz. Psikologiari eta motibazioari lotutako autolaguntza liburuak beti irakurtzen ditut, nire prestaketan laguntzen didatelako. Gainera, orain Carlos Ruiz Zafonek hil aurretik argitaratu zuen azken liburua irakurtzen ari naiz: La ciudad del vapor.

Futbola uztean non ikusten duzu zeure burua?

Egia esan, orain arte gutxi pentsatu dut horretan. Levanten taldeko gazteetakoa nintzen, baina hemen zaharrenetakoa. Berez, Lehen Hezkuntzako gradua dut, eta espezializazioa pedagogia terapeutikoan. Keinu hezkuntzako titulua lortzeko ikasten ari naiz orain. Eta, ziurrenik, hortik joango da nire etorkizuna.

Denbora luzez ikusten duzu zeure burua Realean?

Luzera begiratzea gustuko ez dudan pertsona bat naiz. Horregatik sinatu nuen denboraldi baterako. Esperientzia honek zer emango zidan ikusi nahi nuen. Realarekin hitz egiten ari naiz, noski, baina ez dakit zer pasatuko den. Arreta osoa igandeko [biharko ] partidan daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.