Harri-jasotzailea da. Euskadiko txapelduna. Gaztea. 18 urte bete ditu gaur. OriokoOrtzaika auzokoa da (Gipuzkoa). Emakumezko batek inoiz ezarritako markarik handienaren jabe da. 138 kilo jaso ditu. Idoia Etxeberria du izena. Hain gaztea izanik, kirol ibilbide laburra du; baina ez urria. Eta etorkizunean orain arteko lorpenak ugaltzeko asmoa du, gainera.
Orain bi urte hasi zen serio harri-jasotze lanetan, baina herri kirol mundua ez zaio inoiz arrotz suertatu: «Zaletasuna aspalditik datorkit. Etxean txiki-txikitatik izan dut harremana herri kirolekin. Betidanik ikusi izan dudan kirola da, eta neure sentitu dut. Aita, esate baterako, sokatiran aritzen zen». Harri-jasotzearekin duen zaletasuna ere etxetik datorkio: «Gurasoek erakustaldi bat eman behar zuten behin; aitak trontzarekin eta sokatiran jardun zuen. 30 urteko emakumezko bat ere aritu zen han, harri-jasotze lanetan. Hura ikusi nuenean, harra barruraino sartu zitzaidan».
Hasiera-hasieratik jaso du senideen babesa: «Nik ere harri-jasotze lanetan hasi nahi nuela esan nien, eta berehala hasi nintzen, pixkanaka, 50 kiloko modulu batekin». Gogor lan eginez, azkar batean jabetu zen harriekin dohain berezia zuela. Kirola gustatu, eta bide horretatik segitu du oriotarrak. Gogotik lan egin ondoren heldu zitzaion plazan estreinakoz aritzeko aukera. Iaz. Irailaren 28an. 16 urte zituela. Erronka handi samarra jarri zion bere buruari: 120 kiloko koadroa sorbaldan berdintzea. Argi utzi zuen harri-jasotzea serio hartu zuela, harriari lau jasoaldi eman baitziozkion bost minutuko txandan, Aian (Gipuzkoa).
Arrakastarekin itsutu gabe, urrats gehiago egin zituen gerora. Aurten, martxoaren 27an, 100 kiloko kuboa bi bider altxatu zuen, bost minutuan, Aian bertan. Harri horrekin, gainera, marka ezarri zuen. Maiatzaren 16an Euskadiko Harri-jasotze Txapelketan parte hartu zuen. Miren Urkiola eta bera lehiatu ziren, eta Etxeberriak jantzi zuen txapela, 17 urterekin. 3.474 kilo berdindu zituen sorbaldan, harriari 49 altxaldi emanda. 88 kiloko zilindro zaharra, 70 kiloko kuboa eta 63 kiloko bola jaso behar izan zituzten Urkiolak eta Etxeberriak. Azken balentria, berriz, joan den irailaren 27an lortu zuen oriotarrak, 17 urterekin, harri-jasotze munduan lehen urtea bete zuenean. 138 kiloko harria bost bider jaso zuen, Iruran (Gipuzkoa). Horixe da emakumezko batek lortu duen markarik onena.
Ez dauka garaipen zerrenda makala plazan urduri jartzen dela onartu duen harri-jasotzaileak: «Plazan beti izaten dira nerbioak, oso desberdina baita entrenamendu saioa eta plaza. Marka ahaleginetan bost minututan erakutsi behar izaten da aurreko hilabeteetan egindako lana. Entrenamenduetan akatsak zuzentzeko tartea egiten da, baina plazan ez». Hala ere, ez du ukatu egun horiek alde ona ere badaukatela: «Egun bereziak dira guztiak. Urduritasun handikoak, baina politak. Jendea gertu sentitzen duzu, eta babes handia nabaritzen da». Senideek eta lagunek beregan «konfiantza handia» zutela onartu du. «Etengabe animoak eman eta eman aritu ziren. Babes hori sentitzea da egun horrek duen gauzarik bereziena».
Horrelako eguna izan zen, hain zuzen ere, Irurakoa: «Nerbioek jota nengoen. Inoiz baino urduriago nengoela nabaritzen nuen, ordura arte inork egin ez zuena egiten saiatzera nindoalako. Horrelako egoeretan kontzentrazioa mantentzea izaten da garrantzitsuena». Etxeberriaren hitzetan, «lehen jasoaldian» egon zen arrakastaren gakoa. Ongi berdindu nuen harria, eta beste jasoaldi batzuk egiteko aukera eman zidan horrek. Oso gustura gelditu nintzen egindako lanarekin, altxaldi txukunak izan baitziren». Lanak amaitu eta pozez zoratzen zegoenean, Etxeberriak gogoan izan zituen gertukoak: «138 kiloko marka nire anaia zaharrari eskaini nion, Imanoli. Eta azkenaldian gaizki samar dabilen lagun bati, Egoitzi, eman didan laguntzagatik».
Teknika mantentzea helburu
Etxeberriak gaur bete ditu 18 urte. Oso gaztea da oraindik, baina etorkizunean beste erronka batzuei egingo die aurre, oraingoz lasai egon nahi duen arren: «Une honetan ez dut beste marka ahaleginik begi bistan. Hori bai, lan egiten jarraituko dut, entrenatzen». Irurako marka ahalegina tarteko, azkenaldian batez ere koadroarekin aritu da Etxeberria, bola, zilindroa eta kuboa aparte utzita. «Baina orain beste harriekin ere entrenatu behar dut, teknika mantentzeko. Erakustaldietan harri guztiak erabiltzen ditugu, eta baliagarri izango zait».
Beste erronka batzuen bila
Irailaren 27an 138 kiloko koadroa berdindu zuen Idoia Etxeberriak. Hori da emakumezko batek inoiz altxatu duen kilo kopururik handiena. Oriotarrak, hala ere, gogor lan egiten jarraitu nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu