Bigarrenean gauzatu da Urko Redondoren nahia (Orio, Gipuzkoa, 1986). Hondarribian egin nahi zuen arraun, eta hurrengo denboraldian berdez jantzita ariko da. Orioko harrobiko arraunlaria lehen ere ibilia da kanpoan: Portugaleten, hain zuzen.
Nolatan sortu zaizu aukera Hondarribiara joateko?
Beti izan dut harremana Mikelekin [Mikel Orbañanos, Hondarribiako entrenatzailea], eta iaz aukera izan nuen joateko, baina Oriora itzuli nintzen, azkenean, Portugaletetik. Lasaitasuna izan zen niretzat, etxean bertan entrenatzeko aukera izan nuelako, kilometro pila bat egin gabe. Baina urtea ez da ondo joan Orion emaitza aldetik, eta entrenatzaileak ere [Igor Makazaga] utzi egin du. Egitasmo berria da, eta ez nengoen oso ziur Orion jarraitu edo ez. Beste erronka bat behar nuen motibatzeko; hitz egin nuen Hondarribiarekin, eta hemen nago orain. Errazena Orion geratzea izango zen; gainera, Aizperrorekin. Elkar ezagutzen dugu, Portugaleten ere batera arituak baikinen, baina zerbait ezberdin behar nuen.
Hilabete inguru da entrenatzen hasi zinetela. Aurkitu al duzu dagoeneko Hondarribian bilatzen ari zinen hori?
Oraindik goiz da, baina ikusten da beste era batera egiten dela lan. Pozik nago. Taldea aurreko sasoikoaren ia berbera da, gainera, eta horrek ziurtasuna ematen digu denboraldira begira.
Zertan da ezberdina lan egiteko era?
Entrenamenduak dira ezberdinak. Teknikoki ariketa ezberdinak egiten dira. Onak dira eguneroko martxatik pixka bat ateratzeko. Mikelen [Orbañanos] eskola lantzen da hemen.
Talde irabazlea da Hondarribia, eta horrek ere bultza zaitu bertara?
Arraunean gabiltzan denok nahi dugu irabazi, eta Hondarribia irabazle ari da izaten azkenaldian. Erronka gisa hartzen dut halako talde batean arraun egiteko lekua lortzea.
Aurrekalaria zara, eta ez duzu, bada, lehiakide ona postua lortzeko lehian: Gonzalo Carrion.
[Barrez] Nik konfiantza handia daukat neure buruarengan, eta aurten ere Orion lekua lortu nuen, ez nuela izango esaten bazidaten ere. Aurrean ez bada, beste nonbait sartzeko borroka egingo dut. Ibilia naiz bosgarren eta seigarren tostetan ere.
Oriotik ateratzen zaren bigarren aldia duzu. Aurrenekoa Portugaletera joateko izan zen. Lehen aldi hori zailagoa izan zen agian?
Lehen aldiz atera nintzenean urtebete neraman arraun egin gabe, eta ez zen oraingo egoera bera alde horretatik. Ezberdina da honetan ere: Portugalete ez zen Orioren aurkari zuzena. Talde berria zen elitean. Orain, aldiz, Hondarribia bada Orioren kontrarioa banderak irabazteko lehian. Aurkari zuzena da, eta biek daukate filosofia bera.
Lehengo aldean, gutxitu egin da azken bizpahiru urteetan fitxatutako arraunlarien kopurua San Miguel ligan?
Bai. Kontua da arraunlari bat bere taldetik ateratzeko 12.000 euro ordaindu behar dituela hura nahi duen klubak. Hori oztopoa da arraunlariak fitxatzeko. Hori ordainduta, arraunlaria libre da hurrengo urteetan nahi duen lekura joateko, dirua ordaindu gabe. Horiek ibili dira bueltaka azken urteetan batetik bestera, baina uzten ari dira. Diruarekin mugitzen den taldeak gutxiago dira orain, eta ez dituzte fitxatzen lehen bezala bosnaka edo seinaka arraunlariak. Postu jakin batzuk indartzeko asmoa izaten dute talde gehienek. Taldeek dutenari eutsi nahi diote orain, eta indartuz joan pixkanaka. Lehen ez zen horrela izaten: kolpeka fitxatzen zen arraunlari kopuru handi bat. Denborarekin, horregatik ere gutxitu da fitxatuen kopurua.
Urko Redondo. Hondarribiako arraunlaria
«Beste erronka bat behar nuelako nago Hondarribian»
Udazken honetan ere izan da arraunlarien mugimendurik San Miguel ligan, eta Urko Redondorena izan da deigarrienetakoa: Orio utzi eta Hondarribian hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu