ACB ligan ez dago harrobiko euskal saskibaloi jokalari asko, eta Euskal Herrian jokatzen ari den bakarra Xabi Oroz da (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996). Kapitaina da, gainera, Acunsa Gipuzkoa Basketen.
Atsedenaldi luzearen ondoren, Bilbo Basketen aurkako derbia.
Inork uste zuen baino hobeto heldu ginen atsedenaldira. Duela hilabete eta erdi oso jende gutxik jokatuko zuen zerbait gure alde. Taldea beste dinamika batean sartuta dago. Oso partida garrantzitsua daukagu. Bilboko partidan, arantza geratu zitzaigun sartuta [bategatik galdu zuten], eta polita izango da, motibagarria.
Taldeak jokatuko zuen zerbait bere alde duela zenbait aste?
Etsi izan bagenu, ez genituzke azkenaldian irabazi ditugun hiru partidak irabaziko. Sinestetik hasi behar da, eta guk sinesten genuen. Nahi gabe ere, sare sozialetatik eta taldearen kanpotik mezu ezkor asko heldu dira, eta horrek ere piztu digu motibazioa. Sinesten dugu lana eginda lor daitekeela mailari eusteko helburua. Hala ere, oraindik lan asko daukagu egiteko.
Ez da ona izan onenean zaudetenean lehiaketa etetea, ezta?
Uste dut ondo etorri zaigula geldialdi hau. Urtarrilean lan zama handia izan genuen, eta, fisikoki, taldeak, sufritu ez, baina hor nonbait. Ondo etorriko zaigu etena, karga jaisteko. Bestela, motibazio aldetik ez digu ezer kenduko.
Zer iritzi duzu Bilbo Basketen oraingo egoeraz?
Dinamikak izaten dira azkenean. Inork ez zuen espero guk Teneriferi eta Joventuti Badalonan irabaztea, baina, partida bat irabazten denean, dinamika onean sar daiteke taldea; erreskadan etor daitezke garaipenak. Bilbo Basket ez dabil bolada onean, baina talde bat zaurituta dagoenean arriskutsua izaten da, eta ez genuke gehiegizko konfiantzarekin jokatu behar. Guk geurea egin behar dugu, eta gure dinamika ona eta konfiantza baliatu. Gauzak ondo eginda, gai izan gara talde onei irabazteko, eta oker egindakoan, edozeinen aurka galtzeko. Gugan dago gakoa. Ondo planteatu eta prestatutako lehietan, erakutsi dugu zertarako gai garen.
Planteamendua aipatzean, entrenatzaileari begira ari zara?
Ez, ez. Entrenatzaileen lana da entrenamenduak prestatzea astero, eta gero, jokalariok behar bezala egin behar dugu lan, kontzentrazio osoz. Asteko lana ondo betetzea denon ardura da.
Gauzak ondo egiteak zer esan nahi du zuen kasuan?
Konfiantza handia eman digu defentsako lan sendoak; baita erreboteak hartzeak eta ondoren jokoari abiadura emateak, dinamismoa ezartzeak, gelditu gabe jokatzeak. Badakigu zenbat eta azkarrago jokatu akats gehiago egiten direla, baina saskibaloiaren parte dira. Ezin diegu hutsegiteei berez dutena baino garrantzi handiagoa eman partidan. Intentsitatearekin eta bizi jokatuta, irabazteko aukera gehiago izango dugu.
Kasualitatea izan zen Marcelo Nicola gaixo egon zenean [COVID-19arekin] bi partida elkarren segidan irabaztea?
Lehenago ere hasi ginen dinamika aldatzen, irabazi ez arren; Nicola ez egoteak ez zuen eragin nabarmenik eduki. Iñakik [Iñaki Martin, bigarren entrenatzailea] oso ondo egin zuen bere lana, baina Marcelo etxetik ere egon zen laguntzen. Denok eman behar genuen zerbait gehiago, eta egin genuen.
Gustura zaude zure lanarekin?
Mailari eusten badiogu, bai. Uste dut ondo ari naizela. Jokatzen ari naiz, eroso, eta egunero hobeto moldatzen naiz. Taldeari laguntzen nabil, eta, horrela segituta, gauzak bide onetik joango dira.
Denboraldi hau da Xabi Oroz ACB ligarako baleko jokalaria dela berrestekoa?
Zeini esan behar diot hori nik? Azkenean, neure buruari ari naiz erakusten banaizela. Gauzak ondo egiten ari naiz; besteen pare nabil, eta ez daukat inori ezer berretsi beharrik. Sasoi batzuetan, apenas jokatu dut, baina ez nuen pentsatzen balio ez nuenik.
Heldutasunaren bidean zaude?
Joko antolatzaile gisa gehiago ari naiz jokatzen, eta oso eroso nabil. Egoerak irakurtzeko erraztasuna daukat, eta horri zukua ateratzen ari naiz. Beti esan izan didate defentsako jokalaria bakarrik naizela, baina erakusten ari naiz beste arlo batzuetan ere egiten ditudala ekarpenak. Arriskuak hartzeko arazorik ez daukat; akatsak egiteko beldurrik ez, eta horrek bereizgarri edo nortasun bat ematen dit jokalari gisa.
Goia ez duzu jo oraindik.
Beti dago hobetzeko. Hobetzeko egiten dut lan, eta honaino heldu banaiz, lanagatik izan da. Entrenamendu orduez aparte, lesioak ez edukitzeko ariketa asko egiten ditut. Ondo pasatzeko da saskibaloia, baina lanbidea da azken batean. Bide honetatik segitzen badut, badakit hobetzen jarraituko dudala. Batzuetan, hobekuntza lehenago etortzen da; bestetan, geroago, eta kasu horretan ez da izaten lan gutxiago egiteagatik.
2016an Europako txapeldun izan zinen 20 urtez azpikoetan Espainiako selekzioarekin. Halako lorpen batekin, batek pentsa dezake dena egina duela?
Ordurako ari nintzen maila profesionalean: banekien zer zegoen. Ez zen kolpea izan hona etorri eta gutxi jokatzea.
Xabi Oroz. Acunsa Gipuzkoa Basketeko jokalaria
«Beste dinamika batean gaude orain»
Donostiako taldeak hiru partida irabazi ditu denbora gutxian. Bihar derbia jokatuko du etxean, Retabet Bilbo Basketen kontra (20:45).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu