Beste behin, onenen artean

IDK-k, Gernikak eta Araskik larunbatean ekingo diote denboraldiari. Etxean ariko dira hirurak lehen jardunaldian. Bakoitza bere modura, prest daude lehiari ekiteko.

Lointek Gernika Bizkaiak eta IDK Euskotrenek joan den igandean Durangon jokatutako Euskal Kopako partida. IDK-k irabazi zuen txapelketa. LOINTEK GERNIKA BIZKAIA.
mikel reina
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Larunbat honetan hasiko dute hiru euskal taldeek Espainiako Ohorezko Mailako liga. Hirurak etxean ariko dira: IDK Euskotrenek Bembibre hartuko du (18:00); Lointek Gernika Bizkaiak, Ensino Lugo (18:30); eta Kutxabank Araskik, Ferrol (19:00).

Hirurak Durangon (Bizkaia) aritu dira denboraldiaurreko azkeneko partidetan. Euskal Kopak kontu asko argitu ditu, baina oraindik askoz gehiago daude argitzeko. Helburu bera dute hirurek: Espainiako Koparako eta ligako kanporaketetarako sailkatzea.

IDK EUSKOTREN
Nahi bezala daude

Hain zuzen ere, Azu Muguruzaren taldeak altxatu zuen txapeldunaren garaikurra Euskal Kopan. Argi geratu da, gaur-gaurkoz, beste bi euskal taldeak baino pauso bat aurrerago dagoela. Aurkari indartsuen kontra neurtu ditu indarrak denboraldiaurrean, baina ondorio asko eta onak atera ditu. Eta, batez ere, Euroliga edo Eurokopako taldeen aurka aritzeak taldea gogortu du.

Muguruzak beti nahi izan duena lortu du: sendotasuna. Talde praktikoa da IDK Euskotren; oso argi du nola jokatu. Gainera, bi jokalarik bakarrik segitzen duten arren, Yurena Diazek eta Maria Españak, egin dituzten fitxaketa guztiek ezagutzen dute liga. Eta horrek urrea balio du, eta batez ere, egokitzapena murrizten du, eta denbora aurreztu. Salbuespena dago: Dulcy Fankam. WNBAtik zuzenean helduko da Donostiara, baina berak ez du egokitzapenik behar; berak ezarriko ditu aldeak, baita taldearen muga ere. Aurreko denboraldian, donostiarrek garesti ordaindu zuten esperientzia falta lehen aldiz Europan jokatu zutenean. Hori gutxi ez, eta lesio asko izan zituzten. Sufritu egin zuten, eta helburuetatik oso urrun geratu ziren. Aurten, berriz, beti bezain lehiakorrak izango dira. Nahi bezala daude.

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA
(Bir)sortzen ari da

Aro berri bat birsortzen ari da Lointek Gernika Bizkaia. Urtebeteko etenaldiaren ostean, Mario Lopez klubera itzuli da, baina ez entrenatzaile lanetan, kirol arduradun bezala baizik. Lucas Fernandez espainiarra izango da entrenatzailea. Fernandezek ondo ezagutzen du kluba, lau urtez izan baitzen Lopezen laguntzaile.

Euskal Kopan ikusi da oraindik taldea eraikitzen dagoela; zutabe nagusietako bi falta zaizkio oraindik, bi estatubatuarrak, gainera, aldea egin behar dutenak. Maya Dodsonek heldu aurretik hartu zuen min, eta azaroan helduko da. Grace Berger, berriz, larunbatean jokatzeko moduan egongo da. Berger WNBAko debutari onenen bostekoan sartu dute. Itxaropen handiak daude berarengan, baita taldearengan ere.

Agian, taldeak aurrerapausoa eman dezake, zutabeekin eraikinak gora egiten duenean. Angie Bjorklundek, adibidez, berehala erakutsi du duela bi urte saskibaloia utzi bezala itzuli dela: hirukoak saskiratuz. Bizkaiko taldearen komodina da, ligan ez baita atzerritar izango; bai, ordea Eurokopan. Zazpigarren urtez jarraian ariko dira Europan zehar. Multzo gogorra dute beste behin. Zorterik gabe jarraitzen dute horretan.

KUTXABANK ARASKI
Aldaketak bai,baina DNAri eutsita

Gasteizen ere aldaketak egin dituzte. Ohikoa izaten da ligan, baina Mendizorrotzan bereziki sakonak izan dira. Zuloak egin dituzte zutabe berriak jartzeko. Tanaya Atkinson, Maria Asurmendi eta Izaskun Garcia bezalako jokalariek taldea utzi dute. Oraindik erreferente berri horien bila dabil Made Urieta entrenatzailea.

Araskik denboraldiaurreko partida guztiak galdu ditu, baina horrek ez du ezer esan nahi, prozesu bat da. Hala ere, are eta garrantzi gehiago hartzen du lehen jardunaldian talde igo berri baten aurka eta zaleen aurrean irudi ona bakarrik ez, emaitza ere ona izatea. Bestela zalantzak handituko dira, eta ligan oso garrantzitsua da etxeko partidetan hutsik ez egitea.

Argi dagoena da klubak taldearen DNAri eutsi nahi diola: hau da, guztiaren gainetik, izaerak du garrantzia. Sami Hill hegalekoa bat dator ideia horrekin. Brittany Brewer pibotak, berriz, oraindik gehiago eman behar du. Hein handi batean, bi jokalari horiek izan behar dira taldearen liderrak, puntuei dagokionez, behintzat. Taldearen gidaritza, berriz, Melissa Greterrentzat izango da. Joko-antolatzaile argentinarrak zerbait badu, izaera da. Aukeran datorkio Araskiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.