Beste behin, onenekin

Juaristik aise irabazi dio Aizpurua II.ari (30-12), eta Kutxa Torneoan ariko da, abuztuan, koadroko onenen aurka

jon eskudero
Donostia
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Lehen faseko garaileak jokatuko omen zuen bigarren fasean onenekin batera. Halaxe adierazten zuen Kutxa Torneoaren legediak. Bada, lege horri Jon Juaristi izena jarrita ere ez zen gauza handirik aldatuko. Zarauztarrak, beste behin, ez du hutsik egin, eta helburua lortu du: azken fasera sailkatzea. 30-12 irabazi zion atzo Xanti Aizpuruari txapelketaren atarikoaren finala, Galarretan, eta merezita lortu zuen. Hasi eta buka, ez zion inolako aukerarik eman aurkariari, eta denei erakutsi zien izarren artean distira egiteko modukoa dela: bai erremontezaleei, bai enpresako kideei... Orain, Ezkurra, Zeberio II.a, San Miguel, Urrutia eta Urriza izango ditu aurkari. Beste izen batzuk dira horiek, baina Juaristi ezustea emateko gai da.

Eta ez du ofizio faltarik izango. Iaz ongi prestatu arren, lehen faseko estreinako partidan hartu zuen etxerako bidea Zarauzkoak. Aurten, baina, jaso du lanaren fruitua. Zazpigarren aldiz ariko da onenekin, eta bera ere zaku horretan sartzeko modukoa dela esan daiteke. Datorren astean egingo da txapelketaren aurkezpena, baina dagoeneko jakina da Juaristik Zeberio II.a izango duela lehen aurkaria. Elduaingoa ez da edozein, baina hobe du erne ibili. Gainera, Juaristi hiru neurketa jokatuta dago, eta Zeberio II.a, bat ere ez. Horretan, zarauztarrak du abantaila.

Eta konfiantzaz gainezka dago. Ez da harritzekoa, atzo ikuskizuna eman baitzuen Galarretan bildu ziren guztien aurrean. Dena egin zuen ongi, eta erakutsi zuen koska handia dagoela bere eta azpitik datozen erremontisten artean. Lehenengo tantotik igarri zen pronostikoak bete egingo zirela. Harmailetako aulkian baten bat partida hasi eta bost minutura eseri bazen, dezente galduko zuen. Izan ere, konturatzerako, alde polita eskuratu zuen Juaristik, aparteko deus egin gabe (6-0). Aizpurua II.ak urduri ekin zion lehiari, eta larrutik ordaindu zuen.

Hurrengo hiru kintzeak, hori bai, tolosarrak egin zituen. Ordea, itxaropen tantoak besterik ez ziren izan. Hark egin baino gehiago, Juaristik egindako opariengatik hurbildu zen markagailuan (6-3). Hortxe amaitu zen Aizpurua II.aren aldekoen ilusioa. Juaristik bere pilota saskitik hartu, sakeari etekin apur bat atera eta 12-3 aurreratu zen. Aurreratu baino gehiago, ihes egin zuen. Norgehiagoka hasi aurretik, jakina zen sakeak garrantzi handia izango zuela, eta Aizpurua II.a ona dela arlo horretan. Tanto egiteko, baina, sakea eduki behar da, eta tolosarrak ez zuen aukerarik ere izan.

Juaristi: «Nire partida onena»

Modu berean joan zen partida guztia. 12-4 zarauztarra aurretik, 16-6 ere bai, 20-6. Hortxe etorri zen galtzailearen erreakzio txikia. Bost tanto egin zituen jarraian, eta zaleen txaloak entzuteko parada izan zuen. Aurkaria, dena den, urrunegi zeukan txapela eskuratu ahal izateko. Norbere ohorearentzat lorturiko tantoak izan ziren. Horma-biko batekin amaitu zuen Juaristik tolosarraren bolada ona.

Erreakzio hori lortu eta gero, tanto bat besterik ez zuen egin. Noski, Juaristik ez zuen barkatu, eta partida oso motz batean, 30-12 nagusitu zen azkenean. Ez zen ikusteko moduko lehia izan, baina halakoetan irabaztea izaten da garrantzitsuena. Aldageletarako bidean, izugarria zen garaileak zeukan poza: «Iaz kanpoan gelditu ondoren, aurten ilusio handia neukan lehen fasea irabazteko, eta lortu dut. Esango nuke torneo honetako partidarik onena jokatu dudala».

Eta onena izan ez bazen, onenetarikoa bai. Hori bai, uste du sakea hobetu beharko duela hurrengo neurketetarako: «Bost tanto lortu ditut sakeari esker, baina ez naiz gustura geratu. Zeberio II.ak gai da errestoan tanto mordoa egiteko. Piloteoan bai, eroso aritu naiz, eta horri esker irabazi dut».

Orain, ahalik eta lan onena egitea da Juaristiren helburua. Horraino iritsita, ez du inork amore eman nahi izaten, eta gauzak zail jartzen saiatuko da: «Baten bati disgustua emanda, gustura nengoke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.