Ez da lehenbizikoa izan, eta azkenekoa ere ez, ziurrenik. Beste behin, magia egin du San Mamesek, olatu gainean eraman baitu Athletic Europa ligako final-laurdenetara. Kanporaketan atzetik joan arren, Erroma bi golen aldearekin gainditu dute zuri-gorriek, eta ongi merezita izango dira zortzi onenen artean. Besteak beste, partida landua eta ofizio handikoa jokatu dute, eta Nico Williamsek gidatu du taldea. Bi gol sartzeaz gain, arriskua etengabe sortu du aurkariaren area inguruan, eta bere gain hartu du taldearen zama. Ezbairik gabe, jokaldi batek baldintzatu du partida, Erroma hamar jokalarirekin geratu baita 10. minutuan. Dena den, lana gogotik egin behar izan du Athleticek irabazteko, eta finalera bidean beste pauso bat eman du.
Rangers izango du aurkari final-laurdenetan, Eskoziako taldeak penaltietan kanporatu baitu gaur Fenerbahce. 0-2 galdu du etxean, eta, Istanbulen (Turkia) 1-3 irabazi zuen. Apirilaren 10ean jokatuko dute joanekoa, Glasgown, eta, astebete geroago itzulikoa, San Mamesen.
Partidaren atarian giro berezia sumatu da San Mamesen eta kanpoaldean. Aspaldian harmailetan giro nahasia izanagatik, jarraitzaile guztiek batuta animatu dute, eta jokalariek ere erantzun egin dute zelaian. Ernesto Valverdek aldaketa ugari egin ditu hamaikakoan, freskotasuna bilatu nahian, eta lehia hasierak esperotako gidoia izan du. Jokoari erritmoa ezarri nahi izan dio Athleticek, eta erritmo hori izoztea izan da Erromaren lehentasuna. Zelaian ahalik eta gauza gutxien gertatzea, alegia. Ustekabean, Hummelsen huts bat ailegatu da 10. minutuan, taldekide bati pasea eman beharrean Maroani eman baitio. Jarraian atzelariak hankaz gora bota du aurrelari zuri-gorria, eta epaileak txartel gorria adierazi dio.
Arratseko lehen poza kanporatze hori izan da Athleticentzat. Hamar jokalariren aurka komeriak ikusi izan ditu denboraldi honetan bertan Valverderen taldeak, baina epailearen erabaki horrek lanak erraztu egin dizkio. Hortik aurrera erasoan jokatu dute etengabe zuri-gorriek, baina sekulako hormatzarra eraiki du Erromak, eta ez da erraza izan gol aukerak sortzea. Maroanek gertu izan du lehen gola aukera batean, baina atezainaren aurrean bakarrik zela kanpora bidali du baloia. Jarraian zutoinarekin egin du topo Nico Williamsek. Bazirudien golik gabe helduko zirela bi taldeak atsedenaldira, baina lehen zatiko azken jokaldian 1-0ekoa egin du Williams anaietan gazteenak. Aldaratze bat baliatuta, sareetara bidali du baloia. Ia erori da San Mames.
Giltzarria izan da gol hori, bigarren zatian beste patxada batekin jokatzeko aukera izan baitu Athleticek. Gidoia ez da batere aldatu: erasoan jarraitu dute Valverderenek, eta denbora galtzen ahaleginak eta bi egin dituzte italiarrek. Euskaldunak euren onetik ateratzea izan da haien xedea. Ordea, geldikako jokaldi batean iritsi da 2-0ekoa. Berengerrek kornerra atera, eta atzetik aurrera eginda ederki gurutzatu du baloia buruz Yurik, 68. minutuan. Amorruz ospatu du.
Bukaerako sustoa
2-0eko emaitzarekin, erasoan itsu-itsuan jokatu beharrik ez du izan etxeko taldeak, eta ofizioa plazaratu du. Zelai erdian lan ona egin dute Jauregizar eta Galarretak. Hots, Nico Williamsen zertzelada batekin heldu da 3-0ekoa. Jokaldi distiratsua osatu du atzetik aurrera, atzean utzi ditu lau atzelari, eta jokalari mundiala dela berretsi du. Luzapenean sustoa hartu du San Mamesek, penaltiz 3-1ekoa egin baitu Erromak, baina sustoa besterik ez da izan.
Athletic-Erroma
Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Paredes, Unai Nuñez, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 87. min), Jauregizar, Iñaki Williams, Unai Gomez (Berenger, 46. min), Nico Williams (Gorosabel, 87. min); eta Maroan (Guruzeta, 77. min).
Erroma. Svilar; Mancini, Hummels, N'Dicka; Rensch (Saelemaekers, 84. min), Cristante (El Sharaawy, 84. min), Paredes, Angeliño; Dybala (Shomurodov, 61. min), Baldanzi (Pisilli, 61. min) eta Dovbyk (Soule, 53. min).
Golak. 1-0: Nico Williamek (45. min); 2-0: Yurik (68. min); 3-0: Nico Williamsek (82. min); 3-1: Paredesek, penaltiz (92. min)